Santiago eguna: trafikoa, aparkalekuak, garraio publikoa, kalez kaleko salmenta eta mahaitxoak

2026ko uztailaren 20an argitaratua

Santiago Apostoluaren eguna dela eta, Nesken eta Blusen Eguna, uztailaren 25ean, Udalak bandoa argitaratu du zirkulazioan izandako aldaketak eta debekatutako aparkalekuak jakinarazteko, baita baimenik gabeko kalez kaleko salmentari edo mahaitxoei buruzko debekuak jakinarazteko ere.

Erdi Aroko hirigunean eta erdialdean

Erdi Aroko hirigunean eta erdialdean, ondoren adierazten diren kaleak oinezkoentzat izango dira, eta debekatuta egongo da aparkatzea nahiz ibilgailuz zirkulatzea:

  • Errege Atea, Kanpokale Berria, Aska kalea, San Frantzisko kalea eta San Bizente Aldapa, uztailaren 24ko 16:00etatik uztailaren 26ko 08:00etara.
  • San Prudentzio Ikastetxeko kalea, Frantzia kalearen eta Kanpokale Berriaren arteko zatian, joan-etorrikoa izango da ibilgailuentzat, uztailaren 24ko 16:00etatik uztailaren 26ko 08:00etara, Kanpokale Berriko garajeetan sartu ahal izateko eta horietatik Frantzia kalerantz atera ahal izateko.
  • Olagibel kalea, Gernikako Estatutuaren eta Bake kaleen arteko tartean (garajeak, Polizia Nazionaleko zerbitzuak eta Gobernuaren Ordezkariordetza izan ezik, horiek sartu ahal izango baitira, Blusen eta Nesken kalejirari buruzko 3. puntuan ezarritako ordutegian salbu); San Antonio kalea, Florida eta Alaba Jeneralaren kaleen arteko tartean; Becerro de Bengoa kalea, Andre Maria Zuriaren plaza eta Mateo de Moraza kalea, uztailaren 24ko 19:00etatik uztailaren 26ko 08:00etara.
  • Prado eta Independentzia kaleak —Independentzia kaleko garajeetara sartu ahal izango da— uztailaren 24ko 19:00etatik uztailaren 26ko 08:00etara.
  • Santa Maria kalea noranzko bakarrekoa izango da Eskola kaleko bidegurutzetik Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kalerantz. Era berean, Frai Zacarias Martinez kalea irekita egongo da ibilgailuentzat, Santa Maria plazatik Hedegile kalerantz, uztailaren 24ko 16:00etatik uztailaren 26ko 08:00etara arte.
  • Aipatutako kale guztietan, debekatuta dago ibilgailuak aparkatzea eta zirkulatzea; hala badagokio, udal-garabiek autoak kendu eta udal-biltegietara eramango dituzte.

Mendizabala inguruan

Mendizabala inguruan, feria-atrakzioak direla-eta, trafikoa honela arautuko da:

  • Lasarteko atean, Salbatierrabide eta Maite Zuñiga kaleen arteko tartean, debekatuta egongo da aparkatzea uztailaren 21eko 08:00etatik uztailaren 28ko 08:00etara.
  • Mugikortasun urriko pertsonentzako eta taxientzako aparkaleku-erreserba bat egongo da Lasarteko atean, Hizkuntza Eskola Ofizialaren aurreko oinezkoen pasabidearen eta Mendizabala kalearen arteko tartean, uztailaren 21eko 08:00etatik abuztuaren 11ko 08:00etara.
  • Debekatuta egongo da Lasarteko atean zirkulatzea, Salbatierrabide eta Maite Zuñiga kaleen arteko tartean, uztailaren 21eko 16:00etatik uztailaren 28ko 08:00etara, salbu eta Mendizabala kaleko bizilagunen, mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuen eta taxien kasuan.
  • Maite Zuñiga kalean, Tanis Agirrebengoa kalearen eta Lasarteko atearen arteko tartean, Zumabiderako noranzkoan, ferietako saltzaileentzako aparkaleku-erreserba bat egongo da, uztailaren 21eko 08:00etatik abuztuaren 12ko 22:00etara.
  • Mendizabaleko aparkalekua, feria-atrakzioak direla-eta, itxita egongo da uztailaren 15eko 07:00etatik abuztuaren 12ko 22:00etara.

Blusen eta Nesken kalejira

Blusen eta Nesken kalejira dela-eta, uztailaren 25ean, 16:45etik 22:00etara, kale hauek itxita egongo dira zirkulaziorako:

  • Olagibel (Gernikako Estatutuaren eta Bake kaleen arteko tartean), Foru, Ortiz de Zarate, Florida (Lope de Larrea eta Dato kaleen artean), Dato (Manuel Iradier eta Posta kaleen arteko tartean), Posta eta Independentzia, Dendarabako aparkalekuko sarbidea izan ezik.
  • Kalejiraren ibilbidea: Olagibel, Foru kalea, Ortiz de Zarate, Florida eta Dato.

Nekazaritzako Merkatua

Unibertsitatearen eremuan, Arabako Foru Aldundiak antolatutako Nekazaritzako Merkatua dela-eta, trafikoa honela arautuko da:

  • Justo Vélez de Elorriaga eta Tomás y Valiente kaleak itxi egingo dira uztailaren 23ko 07:00etatik uztailaren 25eko 20:00etara.
  • Uztailaren 23ko 07:00etatik uztailaren 25eko 20:00etara debekatuta egongo da ibilgailuak aparkatzea leku hauetan: Unibertsitateko ibilbidean, Justo Velez de Elorriaga eta Julio Caro Baroja kaleen arteko tartean; Pilar Arostegi Udal Artxiboaren eraikinaren atzeko aldean; Justo Velez de Elorriaga kalean eta Francisco Tomás y Valiente kalean, Arabako Foru Aldundiak baimendutako erakusketa eta erakusketarientzako izan ezik.
  • Flandria kalea, Tomás y Valiente kaleraino, irteerarik gabea izango da, eta hara sartzeko eta ateratzeko bidea Izardui Komandantearen kaletik izango da uztailaren 23ko 07:00etatik uztailaren 25eko 20:00etara.

Kaleko salmenta

  • Beharrezko den baimenik gabe jardunez gero kaleko salmentan, edo hartan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, Vitoria-Gasteizko Udalerrian Kaleko Salmenta arautzeko Ordenantzaren 32. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutako zigorrak jarri ahalko dira, edo gurditxoak nahiz bestelako tresnak aldi baterako bahitu edo atzeman; isun hori jartzea erabakiz gero, harik eta ordaindu arte aplikatuko da bahitura.
  • Lekualdatze- eta egonaldi-gastuen tasa (30 euro) titularraren kontura izango da. Atzemandako salgaiak entregatu aurretik ordaindu beharko da.
  • Kaleko Salmenta arautzeko Udal Ordenantzaren 14. artikuluari jarraituz, debekatuta dago laser erakusleak, megafonoak, jostailuzko pistolak, vuvuzuelak, pirotekniako artikuluak eta beste edozein produktu saltzea, pertsonen osasuna zein segurtasuna arriskuan jartzen badute; horiek bahitu egingo dira, Udal Ordenantzaren 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
  • Halaber, kaleko edo aldi baterako saltokietan ezingo da ez piercing-ik, ez tatuajerik (azala zulatu ala ez) egin, ez eta ustez sendatzeko edo prebentzioko gaitasuna duten kosmetika produkturik saldu ere, baldin eta haien etiketak merkaturatzeko eskatzen den gutxieneko informazioa ematen ez badu.
  • Ingurumena kutsa dezaketen osagaiak dituzten salgaiak bahituz gero (pila elektrikoak, aerosolak eta abar), 30 euro ordaindu beharko dira.
  • Debekatuta egongo da diktadura, terrorismoa, jarrera xenofoboak, arrazistak, aporofobikoak nahiz matxistak goraipatzen dituzten gauzak edota giza eskubideen kontrako izan daitezkeen gauzak —zeinahi eratakoak— erakusgai jartzea, saltzea eta haien publizitatea egitea.

Ostalaritzako establezimenduak eta mahai-aulkiak

  • Komunak zabalik eduki beharko dituzte, jendeak erabili ahal ditzan, baita maizago garbitu eta txukundu ere, eta behar adina bider.
  • Mahaitxoak jartzeko baimena duten establezimenduei gogorarazten zaie lekuen txukuntasuna beren ardura dela; mahaiek ez dute inola ere eragotziko antolatutako kultura ekitaldiak normal gauzatzea, eta ezingo dira kokatu pertsonen segurtasuna arriskuan egon daitekeen lekuetan.
  • Janariak, pintxoak eta bestelakoak prestatu eta gordetzeari dagokionez, kontu eta arreta handiz bete beharko dira Osasun Sailetatik aginduta dauden neurriak, intoxikaziorik gerta ez dadin.
  • Bai barran ateratzen diren janari-edarien prezio zerrendak, bai mahaietara ateratzen direnenak ageriko lekuan jarrita eduki beharko dira, jendaurrean. Orobat eduki beharko dira arauzko erreklamazio orriak.
  • Kalean jarritako saltokietan janari eta edariak saltzeko udal baimena beharko da, eta bete beharreko arau tekniko-sanitarioak bete. Baldintza horiek betetzen ez badira, Administrazioak esku hartuko du, eta salgai dauden jakiak bahitu ahal izango ditu.
  • Hiri Ereduaren, Hirigintzaren, Etxebizitzaren, Garbiketaren eta Ingurumenaren Saileko zinegotzi-ordezkariaren 2026ko martxoaren 28ko Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, ostalaritza-aretoak ixteko ordutegia bi orduz luzatuko da.

Garraio publikoa

Hiri autobusei, taxi eta tranbia -zerbitzuei ere eragingo diete ekitaldiek.

Hiri autobusak

Zerbitzurik gabeko hiri-autobus geltokiak

Tranbia

Tranbiak gaueko zerbitzua emango du uztailaren 24tik 25erako gauean, 30 minuturo. Hala ere, 23:00etatik aurrera ez da zerbitzurik egongo Angulema eta Legebiltzarreko geltokien artean.

Uztailak 25:

  • Ibaiondo eta Abetxuku lineek Legebiltzarrean izango dute azken geralekua, 10:00etatik aurrera.
  • Salburua eta Unibertsitatea lineek Anguleman izango dute azken geralekua, 10:00etatik aurrera.
  • Blusa eta Nesken Kuadrillen kalejira amaitzen denean, 22:00ak aldera, zerbitzua berrezarriko da.

Gomendioak

Mugikortasun jasangarria sustatzeko eta auto-ilarak murrizteko, herritarrei gomendatzen zaie erdialdera ibilgailu pribatuan joatea saihesteko eta, ahal den guztietan, garraio publikoa erabiliz, oinez edo bizikletaz bertaratzeko.

Jai-ekitaldiek ibilgailuen zirkulazioan sortuko dituen eragozpenak arintzearren eta guztia arazorik gabe joan dadin, herritar guztiei eskatzen diet laguntzeko, trafikoa zaintzen duten udaltzainen aginduak betez eta ekitaldietako langileen esanei kasu eginez.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.