Olarizuko Lorategi Botanikoan jarduera berri bat eskainiko da

2026ko apirilaren 9an argitaratua

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) ekimen berri bat jarri du abian bere ingurumen-interpretazio eta -hezkuntzako programa irekiaren barruan: jarduera praktiko eta hezitzaile bat, Olarizuko Lorategi Botanikoan garatuko dena.

Proposamenak botanika ikaskuntza, lorezaintza-lanetan parte-hartze zuzena eta floraren oinarrizko jarraipen zientifikoa uztartzen ditu, herritarrak lorategi botaniko baten eguneroko funtzionamendura hurbilduz.

Ingurumen-hezitzailearen laguntzarekin, asteazkenero lorategiko gune desberdin batean egingo da jarduera; bertan, dagoen landarediari buruz ikasi ondoren, lorezaintzako lanak eta datuen bilketa egingo dira. Gainera, Botanikoa hirira hurbiltzeko asmoz, irteerak egingo dira Gasteizko hainbat lorategi ezagutzeko.

Publiko guztiei zuzenduta dago, baina eskola-ordutegian egiten denez, 16 urtetik gorakoentzat izango da. Lanagatik asteazken guztietan joan ezin dutenek ere izena eman ahal izango dute. Parte-hartzaile kopurua 10ekoa izango da, baina denborarekin handitu ahal izango da, parte-hartzaile beteranoek behar adinako ezagutzak eskuratzen dituztenean.

Epea urtebetekoa izango da, apirilean hasiko da Aste Santuaren ondoren, eta asteazkenero egingo da, jai-egunak izan ezik, 10:00etatik 12:00etara.

Jarraian, jardueraren xehetasun gehiago:

  • Ingurumen-hezitzailearen laguntzaz, Olarizuko Lorategi Botanikoa eta jarduera egiten den gunea ezagutzea: bere historia, zuhaitz nagusiak, zuhaixkak, laguntzaile diren landareak eta haien arteko harremanak ikasiz.
  • Landare-bildumen oinarrizko mantentze-lanetan laguntzea: ugalketa, landaketa, belar kentzea, inausketa, estalketa, ureztaketa eta garbiketa bezalako lanak barne.
  • Floraren jarraipen-lanak egitea: datuak eta argazkiak jasoko dira, egoera fisiologikoa, hazkunde primarioa eta sekundarioa, loraldia, hostoen tamaina, fruituak, egoera fitosanitarioa, onddoak, izurriteak, adar apurketak eta zauriak kontuan hartuta.
  • Bisitariei zein gunetan dauden azaltzea eta jarduera egiten ari den landare-bilduma erakustea.

Jarduera berri honek aukera ematen du ezagutza botanikoak eskuratzeko, trebetasun praktikoak garatzeko, antzeko interesak dituzten pertsonak ezagutzeko eta Olarizuko Lorategi Botanikoaren bizitzaren parte aktibo izateko.

Parte hartu nahi baduzu, bidali mezu bat honako helbidera: olarizulorategibotanikoa@gmail.com edo deitu 945 16 26 96 telefonora bulego-ordutegian.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.