Bizileku proiektuak doikuntzekin eta kokapen berriarekin jarraitzen du aurten ere, funtzionamendua hobetzeko

2025eko abenduaren 2an argitaratua

Antso Jakitunaren kaleko Bizilekua mantendu egingo da, Memorialekoa kendu egingo da eta Santa Barbarako modulua Aiala Kantzilerraren kalera lekualdatuko da

Vitoria-Gasteizko Udalak beste urtebetez luzatuko du Bizileku proiektu pilotua, egoiliarrei zuzendutako bizikletentzako aparkaleku seguruen sistema. Urtebeteko funtzionamenduaren ondoren, bildutako datuek baieztatzen dute horrelako soluzioekin lotutako eskaera benetakoa dela, batez ere Zabalgunea eta Alde Zaharra bezalako auzoetan. Izan ere, toki horietan, etxebizitza askok ez dute bizikleta gordetzeko espazio egokirik.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez, “proiektuaren filosofiak indarrean jarraitzen du: etxean lekurik ez dutelako bizikleta egunero erabiltzeko zailtasunak dituztenei horretarako erraztasunak ematea. Lehen urte honetan, ereduak funtzionatzen duela egiaztatu ahal izan dugu, baina baita kokapenak doitu eta hobetzeko formula berriak aztertzen jarraitu behar dugula ere”.

Antso Jakitunaren kaleko moduluak erabateko okupazioa izan du urte osoan, eta proiektu pilotu horrek izandako arrakastaren adibiderik argiena izan da. Hori dela eta, gaur egun duen kokalekuan mantenduko da.

Santa Barbara plazako Bizilekuak, aldiz, % 50 eta % 60 arteko batez besteko okupazioa izan du. Udalak uste du bere kokapena, merkataritza-guneko etxabeetan dagoen aparkaleku seguruaren gainekoa, ez dela egokiena izan. Hori dela eta, Aiala Kantzilerraren kalera eramango dute, metro gutxira, eta baterian aparkatzeko bi plaza beteko ditu.

Artolazabalek adierazi duenez, aldaketa horrek “aukera emango digu kokapen egokiago bat probatzeko eta, gainera, mezu argi bat bidaltzeko: gaur egun bi auto sartzen diren tokian, hamar bizikleta sartzen dira. Espazio publikoa nola partekatu nahi dugun azaltzeko oso modu bisuala da”.

Aldiz, Memorialean erreserbatutako 15 plazak ia ez dira erabili, urtean batez beste lau erabiltzaile izan baitira. Biziz VG aparkalekuaren gainerako gunearekiko erabilera-arazoak sortu ditu, eta, beraz, Bizileku hau kendu egingo da.

Tarifak hilean 15 eurotan mantenduko dira, bizikletaren mugimenduen araberako hobariekin eta gutxienez hilean lau erabilera beharko dira plaza mantentzeko. Izen-ematea, 2024an bezala, Udalaren webgunearen edo PVErde aplikazioaren bidez egingo da. Eskariak eskaintza gainditzen badu, zozketa bidez esleituko dira plazak. Erabilera-aldia sei hilabetekoa izango da, eta beste sei hilabete luza daiteke itxarote-zerrendarik ez badago.

Udala egungo erabiltzaile guztiekin harremanetan jarriko da, aldaketen, epeen eta berritze-prozesuaren berri emateko. Modulu berria Aiala Kantzilerraren kalean instalatu ondoren, jendaurrean iragarriko dira izena emateko eta esleitzeko datak.

Proiektu pilotuarekin jarraitzeaz gain, Udalak lan-ildo bat irekiko du aurten, espazio publiko gehiago okupatu beharrik ez duten eredu alternatiboak aztertzeko, egungo sistemaren funtzionamendua osatu edo hobetu dezaketen formula desberdinak ebaluatuz. Oraingoz ez da konponbide zehatzik zehaztu, azterketa zorroztasun tekniko, juridiko eta ekonomikoarekin egingo baita datozen hilabeteetan.

Zinegotziaren arabera, “hiria mugatua da eta gure hiri-ingurunearekin bateragarriak diren sormenezko aukerak aztertu behar ditugu. Egiaztatu nahi dugu zer formulak funtziona dezaketen ondoen eta nola zabal ditzakegun erraztasunak bizikleta gordetzeko leku segurua behar dutenentzat”.

Artolazabalek azpimarratu duenez, “funtzionatu ez duena doitzen dugu, ondo funtzionatzen duena sendotzen dugu eta bizikletaz mugitzea errazagoa izan dadin aukerak zabaltzen jarraitzen dugu. Bizileku esperimentatzeko, ikasteko eta erabakitzeko jaio zen. Eta horixe da, hain zuzen ere, egiten ari garena: benetako datuetan oinarritutako erabakiak hartzea, betiere herritarren eguneroko mugikortasuna hobetzeko”.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.