KIUB - Kontsumoko arbitrajea

Zer da kontsumoko arbitrajea?

Kontsumoko Arbitrajea auzibideaz bestelako bidea da, kontsumitzaile eta erabiltzaileek merkatariekin edo zerbitzu-emaileekin izan ditzaketen ezadostasunak konpontzen laguntzen duena, legek edo kontratuek kontsumitzaileei eta erabiltzaileei aitortzen dizkieten eskubideei dagokienez; haren erabakiak lotesleak eta betearazleak dira.

Kontsumitzaileek eta ez beste izan daitezke erreklamatzaileak.

KONTSUMITZAILE ETA ENPRESENTZAT ARBITRAJEAK DITUEN ALDE ONAK

  • inpartzialtasuna: laudoa ematen dutenek independentziaz, inpartzialtasunez eta konfidentzialtasunez jokatzen dute.
  • borondatea: kontsumoaren arloko gatazka duten bi alderdiek -kontsumitzaileak eta enpresak- arbitrajearen bitartez konpondu nahi dutenean bakarrik abiarazten da.
  • loteslea eta betearazlea: arbitraje laudoa onartu eta betetzera behartuta daude bi alderdiak. Laudoa betetzen ez bada, alderdiek betearazteko eska dezakete, epai bat balitz bezala.
  • doakoa: ez enpresak ez kontsumitzaileak ez dute ezer ordaindu behar zerbitzu horiek eskatzeagatik.

[[igo]]

Arbitraje motak

Ekitateko arbitrajea

Gertaerak aztertu eta irtenbide zentzuzkoena erabakitzen da, arbitraje organoek egokien irizten dioten moduan. Arbitroak ez du zertan Zuzenbideko lizentziaduna izan, Administrazioaren proposamenez kreditatutako arbitroen kasuan izan ezik.

Arbitraje gehienak izan ohi dira ekitatekoak.

Zuzenbideko arbitrajea

Zuzenbideko arbitrajean, arbitraje organoak zorrotz hartu behar ditu kontuan lege arau eta xedapenak. Arbitro taldearen lehendakariak eta kontsumitzaile eta erabiltzaile elkarteek zein enpresaburu eta profesional elkarteek proposaturik izendatutako arbitroek Zuzenbidean lizentziadunak izan beharko dute.

Bi alderdiek eskatzen dutenean erabiliko da Zuzenbideko arbitrajea.

[[igo]]

Kontsumoko arbitraje sistemaren antolamendua

Gasteizko Kontsumoko Arbitraje Batzordea

Helbidea

Teodoro Dublang 25, behea - 01008 Vitoria-Gasteiz

Telefonoak

945 16 12 40
945 16 19 86

E-posta

omic@vitoria-gasteiz.org

Zereginak

Hauek dira arbitraje batzordeen zeregin nagusiak:

.- Enpresa edo profesionalen eta kontsumitzaileen arteko arbitrajea sustatzea.

.- Kontsumoko arbitraje-prozedurak kudeatu eta bultzatzea.

.- Arbitrajea eskatzeko inprimakiak, erantzuteko, onartzeko, atxikitzeko eskaintza publikoenak kontsumitzaileen eskura jartzea.

Honakoek osatzen dute, batzordea bere eraginpean duen administrazioak izendatua:

-Lehendakaria

.- Idazkaria, funtzionamendu administratiboa bermatu eta egintzen jakinarazpenen ardura izango du.

[[igo]]

Arbitraje organoak

Arbitro bakarrak:

Alderdiek arbitro bakarra izenda dadin erabaki dezakete prozedura arintze aldera.

Administrazio publikoak proposatzen dituen arbitro kreditatuen artetik izendatuko da arbitro bakarra, espezialitatea dela eta alderdiek beste arbitro kreditatu bat izendatzeko eskatu ezean.

Alderdiek aurka egin ahal diote arbitro bakarra izendatzeari; horrelakoetan, arbitro taldea izendatuko da.

Gasteizko Udalean, 300 eurotik beherako telekomunikazioen alorreko gatazkak erabaki ditzake arbitro bakarrak.

Arbitro elkargoa

Hiru pertsonak osatzen dute:

  • lehendakaria, administrazio publikoaren menpe lan egiten duena, zuzenbidean lizentziatua.
  • kidea, kontsumitzaile eta erabiltzaile elkarteek proposatua.
  • kidea, enpresa edo lanbide elkarteek proposatua.

Arbitraje Batzordeko lehendakariak izendatuko ditu arbitroak, txandaka, Kontsumoko Arbitraje Batzordean kreditatuta dauden arbitroen zerrendan daudenen artetik.

[[igo]]

Kontsumoko arbitraje-prozedura

1. Arbitrajerako eskabidea

Kontsumitzaile eta erabiltzaileek idatziz aurkeztuko dute arbitrajerako eskabidea.

Agiriak zuzentzea

Eskabideak gutxieneko betekizunak betetzen ez baditu, erreklamatzaileari zuzentzeko eskatuko zaio, gehienez 15 eguneko epean. Zuzentzen ez baditu, eskabidean atzera egin duela joko da, eta izapideak artxibatu egingo dira.

2. Tramitera onartzea

Eskabidea aurkeztu delarik, Arbitraje Batzordearen lehendakariak erabakiko du tramitera onartu ala ez, eta enpresa erreklamatuari jakinaraziko.

Errekurtsoa ebazteko eta horren berri emateko epea hiru hilabetekoa izango da gehienez. Epea igaro delarik ebatzi ez bada, ezetsitzat jo ahalko da errekurtsoa.

Arbitraje eskabidea onartu ala ez onartzeko ebazpenaren aurka errekurtsoa aurkeztu ahalko da Kontsumoko Arbitraje Batzordearen Komisioan, erabaki jakinarazten denetik kontatzen hasita 15 eguneko epean.

3. Prozedura abiaraztea

Eskabidea tramitera onartzen bada:

A.- Enpresa arbitrajeari atxikita badago, Batzordeko lehendakariak arbitraje-prozedura abiaraztea erabakiko du, bai eta alderdiei jakinaraztea ere. Aurretiazko bitartekaritzaren bidez akordioa lortzeko gonbita egingo zaie alderdiei.

B.- Enpresa arbitrajera atxikita ez badago, Batzordeak eskabidea jakinaraziko dio eta 15 eguneko epea emango arbitrajearen edo aurretiazko bitartekaritzaren menpe jarri nahi duen edo ez adierazteko. Onartzen badu, prozedurak bere bidea jarraituko du. Enpresak onartzen ez badu, artxibatu egingo da eskabidea eta erreklamatzaileari jakinaraziko.

Gatazka onartu ondoren, enpresak bere eskubidea baliatzeko egoki deritzen alegazioak aurkeztu ahalko ditu, eta egoki iritzitako agiriak aurkeztu edo frogabideak proposatu; horretarako 15 eguneko epea izango du.

4. Arbitraje organoaren aurreko entzunaldia

Behar besteko denboraz deituko zaie alderdiei entzunaldira. Entzunaldian hitz egiteko aukera emango zaie alderdiei, eta nahi dituzten alegazioak egin eta beren eskubidea aldezteko egoki iritzitako frogak aurkeztu ahalko dituzte. Entzunaldiaren akta egingo da. Arbitraje organoaren kideek egoki iritzitako galderak egin ahalko dizkiete alderdiei.

5 Froga egitea

Arbitraje organoak alderdiek proposatutako frogak onartu ala ez ebatziko du; nahi badu, froga osagarriak ofizioz egitea eska dezake, gatazka ebazteko ezinbestekotzat jotzen baditu.

Hitzak, soinuak eta irudiak erreproduzitzeko bitartekoak onargarriak izango dira froga gisa, bai eta hitzak, datuak, zifrak eta prozedurarako erabakigarriak izan daitezkeen beste eragiketa batzuk artxibatu, ezagutu edo erreproduzitzeko balio duten beste tresna batzuk ere.

Arbitraje organoak froga egiteaz hartzen duen erabakia alderdiei jakinaraziko zaie, zein egun, ordu eta lekutan egingo den adierazita, eta bertaratzerik badute horietara joateko dei egingo die.

Alderdiak ez agertzea edo ezer ez egitea

Oro har, arbitraje prozeduraren ezein unetan -entzunaldia barne- alderdietako batek justifikaziorik gabe erantzuten edo ezer egiten ez badu ere, edo agertzen ez bada ere, horrek ez du eragotziko laudoa ematea, eta ez dio eraginkortasunik kentzen, beti ere arbitraje organoak gatazka ebazterik badu eskabidean eta erantzunean -halakorik izan bada- jasotako gertaerak eta agiriak baliatuz.

Alderdien isiltasunak, jarduera ezak edo ez agertzeak ez du esan nahi beste alderdiak alegatutako gertaerak onartu edo horiei amore ematen zaienik.

6. Laudoa

Arbitraje organoak hiru kide dituenean, gehiengoz erabakiko da laudoa. Gehiengoaren adostasunik ez bada, lehendakariak erabakiko du.

  • Arbitrajea bideratzen ari dela alderdiak auzia -guztiz edo zatika- konpontzen duen akordio batera iristen badira, arbitraje organoak artxibatuko ditu jarduerak adostutako puntuei dagokienez, eta hartutako akordioa laudoan jasoko du.

Arbitraje prozedura abiarazten den egunaren biharamunetik hasita, sei hilabeteko epea izango da laudoa emateko.

Behin arbitrajea bideratu delarik alderdiak auziaren alderdi guztiei buruzko adostasunezko akordio batera heltzen badira, hamabost eguneko epea izango da adostasunezko laudoa emateko, akordioa adosten den egunetik kontatzen hasita.

Laudoa bete ezean, betearazteko eska daiteke, eman den lekuari dagokion lehen auzialdiko epaitegian. Laudoaren aurka ez dago bigarren auzialdira jotzerik epea arruntean.

Legeak laudoaren kontrako errekurtso berezia baino ez du aurreikusten, edo baliogabetzeko ekintza baliatzeko aukera, tasatutako arrazoiak kontuan hartuz.

Laudoa zuzendu edo argitzea.- Laudoa jakinarazi ondoren hamar eguneko epean, alderdietako edozeinek kalkuluko, kopiako tipografiako edo antzeko beste edozein akats zuzentzeko eska diezaioke arbitraje organoari, bai eta kontzeptu ilunen bat argitzeko, edo aurkeztutako eskakizunei buruz laudoa osatzeko ere, baldin eta laudoan horiek ebatzi gabe geratu badira.

[[igo]]

Kontsumoko Arbitraje Batzordeari atxikitzea

Kontsumoko Arbitrajean parte hartzeko, kasu partikularretan kontsumitzaileak proposatutako arbitrajerako eskabidea onartu beharko dute enpresek edo atxikitzeko eskaintza publikoaren inprimakia bete. Eskaintza horretan zuzenbide edo ekitateko arbitrajea aukeratu beharko da, baita eskaintzaren irupena eta aurretiazko bitartekaritza onartzen den edo ez ere.

Arbitraje Sistemari atxikitako enpresek bereizgarri ofiziala erabil dezakete beren komunikazioetan. Bereizgarriaren irudia

[[igo]]

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.