Izaskun Arrue Kulturgunea – Gasteiz Antzokia

Izaskun Arrue – Gasteiz Antzokia, Alde Zaharreko Ruiz de Bergara Jauregian kokatua (Errementari kalean) euskarazko aisialdirako, kulturarako eta sorkuntzarako topagunea da.2024ko uztailean ireki zituen ateak.

Bere webgunera joan(Beste leiho batean irekiko da)

Erreferentziazko gune euskalduna

Antzokiak hizkuntzaren erabilera normalizatzen lagunduko du Gasteizen, kulturaren bidez. Horretarako, hainbat formatutan antolatuko ditu jarduerak:

  • Kultur jarduerak: kontzertuak, antzerkia, bertsoak, dantza…
  • Prestakuntza-jarduerak: ikastaroak, tailerrak, jardunaldiak…
  • Ezagutza sustatzeko beste proposamen batzuk: hitzaldiak, erakusketak.

Herri-ekimena

Gasteiz Antzokia sortzeko lehenengo haziak 90eko hamarkadan jartzen hasi ziren euskal kulturaren inguruan lan egiten zuen hainbat herritarrek, euskal kultura-azpiegitura gabeziari aurre egiteko. Harrezkero, elkarte euskaltzaleek bultzatutako ekimena izan da, bereziki Lazarraga Kultur Elkarteak sustatuta, Gasteizko Udalaren eskutik.

Lan honen lehen fruitua, eta Gasteiz Antzokia proiektuaren oinarrietako bat, Oihaneder Euskararen Etxea izan zen. Montehermoso Jauregian kokatua, 2014tik 2022ra 50.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten jardueretan, eta euskaldunen erreferentziazko topaleku izan zen.

Gasteiz Antzokia irabazi-asmorik gabeko Lazarraga elkarteak(Beste leiho batean irekiko da) kudeatzen du , Udalarekin sinatutako hitzarmen baten bidez.

Eraikina: XVI. Mendeko jauregia, zaharberritua

Ruiz de Bergara jauregia, XVI. mendekoa, Errementari kalean dago, eta Zapatari kaletik ere sartzen da bertara. Beheko solairua eta hiru altuera ditu. 1.100 metro koadroko azalera du.

Beheko solairua: erakusketak eta hitzaldiak

Beheko solairuan funtzio anitzeko gela bat dago, eta bertan erakusketak, hitzaldiak edo proiekzioak antolatu ahal dira. Halaber, kabina teknikoak, proiekziokoak eta itzulpenekoak daude bertan; biltegiak, komunak eta kamerinoak.

Azalera: 213 m².

Lehenengo solairua: agertokia eta taberna

Lehenengo solairuan espazio eszeniko nagusia dago: 130 metro karratu altuera bikoitzean, kontzertuak, antzerki-emanaldiak eta bestelako ikuskizunak egiteko, bai zutik, bai eserlekuetan.

Ostalaritza-gunea ere bertan dago, sukaldearekin.

Azalera: 349 m².

Bigarren solairuan: lantegiak eta bulegoak

Bigarren solairuan tailerrak, lanerako guneak eta komunak daude. Horrez gain, erabilera anitzeko espazio bat ere badu, balkoi gisa balio duena, eta bertatik lehen solairuko agertokian egiten diren ikuskizunak ikusi ahal dira.

Azalera: 243 m²

Hirugarren solairua: bilera-gelak

Hirugarren solairua jauregiko gunerik argitsuena da eta lanerako erabiliko da. Kristalezko bilera-gelak, lantegi-gune bat eta instalazioetarako gela daude bertan (klimatizazioa, exutorioak).

Azalera: 292 m²

Izaskun Arrueri buruz (1927-2016)

Izaskun Arrue 60ko hamarkadan iritsi zen Gasteizera eta irakasle lanetan hasi zen Zerkabarren kalean, bere etxean, Gasteiz Antzokitik ez oso urrun. Etxebizitza horretan hasi zen Gasteiz eta Arabaren euskaldunizazio-mugimendua. Arrue, beraz, Arabako lehen andereñoa izan zen, euskarazko irakaskuntzan murgildutako emakumea, eta Olabide ikastolaren proiektuaren bultzatzaile nagusia, alegia, Gasteizko eta Arabako lehen ikastolarena. Izaera handiko emakume aitzindaria izan zen, ausarta, eta erizaintzan ere aritu zen. Udalak omenaldia egin zion 2016ko Euskararen Nazioarteko Egunean, hil eta gutxira.

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: