Superetxadien proiektuak Zabalgana eraldatuko du auzoko bide-segurtasuna hobetze aldera

2021eko otsailaren 26an

Xede hori dela eta, Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan trafikoaren igarobidea eteteko berdeguneak jarriko dira.

> DOSSIER SUPERETXADIAK ZABALGANA

Gasteizko Udalak, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren bitartez, Zabalgana auzoa eraberrituko du, superetxadietan oinarritutako proposamen ausart batekin. Alkateak iragarri duenez, udal gobernuak bi milioi euro inbertituko ditu aurten bertan espazio publikoan hamar bat esku-hartze burutzeko, orain autoentzako zoladura dagoen lekuetan berdegune berriak sortu ahal izateko. Herritarrak egoteko eta elkartzeko aukera emango dute espazio horiek, eta Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan trafikoaren igarobidea eteteko balioko dute, dauden oinezkoentzako pasealekuei jarraitutasuna emanez. Gaur arratsaldean aurkeztuko zaie proposamena auzokoei, Zabalganeko gizarte-etxean egitekoa den auzogunean, 18.00etan.

Superetxadia Gasteizen apustua da nazioarte mailan abangoardian jartzeko. Urteak daramatzagu eredu hori lantzen, eta beste bultzada emateko unea iritsi da. Zabalganean hiri-diseinu berritzailea baliatuko dugu, oinezko eta bizikletazko joan-etorriak sustatuz, kaleak bizigarriago eginez eta bide-segurtasuna indartuz, ibilgailu pribatuentzat zen espazio publikoa pertsonentzat berreskuratuz, berdegune berriak egokituz, eta inguruneko merkataritza dinamizatuz”, aletu du Gorka Urtaran alkateak. Gasteizko alkateak Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderorekin batera aurkeztu du proposamena; azken horrek “hiria eraldatzeko garrantzitsutzat” jo du proiektua.

Superetxadia da hiriko espazio publikoa birdiseinatzeko oinarrizko pieza, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planak ezarritakoari jarraituz. Auzoen barrualdea ibilgailuen trafikotik babestea da helburua. Nola? Abiadura nabarmen murriztuz (orduko 20 eta 10 kilometrora), trafikoa etenez eta kaleak oinezkoentzat utziz.

Orain Zabalganerako proposatzen den esku-hartze eredua harago doa, hiriko bideen sarearen babesa —Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planean jasoa— hartu baita abiapuntutzat. Udalaren helburua da oinezkoen ibilbide horiek babestea. Hori dela eta, Ilustrazioaren eta Mediterraneoaren hiribide handietan berdegune berriak sortzea proposatzen da. “Autoentzako 7.500 metro koadro zoladura eraldatuko dugu, pertsonei emateko“, azaldu du alkateak.

Espazio horiei esker, batetik, oraingo oinezkoentzako bideak lotu ahalko dira, jarraitutasuna emanez; bestetik, eragindako zirkulazio-bideak joan-etorrikoak bihurtuko dira, eta hartara, auzotik abiadura handiz igarotzen den trafikoa desagerraraziko da. “Igarotzeko kaleak izateari utzi eta egoteko kaleak bihurtuko dira”, azaldu du alkateak.

Aurreikusitako esku-hartzeen bidez, asfaltoaren ordez parke txikiak egokituko dira; horretarako, herritarren iritzia ezagutu nahi da, auzoak eskatzen dituen proiektuak garatze aldera: piknikerako guneak, xakean aritzeko mahaiak, haurrentzako jolasak, mahai-tenisa… Mediterraneoaren hiribidean, Gurutze Gorriaren ibilbideko parketik datorren ibilbide naturala jarraitu nahi da. Ilustrazioaren hiribidearen kasuan, bi lotune berde sortzea aurreikusi da. Bestetik, auzoko garaje komunitarioetarako sarbidea une oro bermatuko da.

Ilustrazioaren hiribidean eta Mediterraneoaren hiribidean egin nahi diren esku-hartze deigarrienez gain, Udalak esku har daitekeen hamar gune identifikatu ditu (Labastida, Salvador Dalí, Iruña Veleiako hiru eremu… Proposamenetako bat da superetxadien barruko kaleetan sarbidea errei batera murriztea, parterre txikiak jarriz. Neurri horiek dagoeneko probatu dira hiriko beste leku batzuetan, eta baliagarriak dira inguru horietara sartzean ibilgailuek abiadura moteldu dezaten.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.