Haur Eskola Publikoen onarpenari buruzko ohiko galderak

Nork eska dezake lekua haur eskola batean 2026-2027 ikasturterako?
  • 2025an eta 2026ean jaiotako haurrek, Haurreskolak Partzuergoko haur eskoletan.
  • 2024an, 2025ean eta 2026an jaiotako haurrek, Udal Haur Eskoletan.
Ezingo dute lekua eskatu:

  • 17 aste baino gutxiagoko haurrek.
  • Urtebetetik beherako haurrek, baldin eta haien amak, aitak edo legezko tutoreak jaiotzagatik eta adingabearen zaintzagatik dagokion lan atsedenaldia baliatzen ari badira.
Nola egiaztatzen da zein egunetan hartu ditudan edo hartuko ditudan jaiotzagatik eta adingabearen zaintzagatik dagozkidan lan atsedenaldirako asteak?
Bi gurasoen edo legezko tutoreen lan atsedenaldia baliatzeko aste GUZTIAK justifikatu beharko dituzue, edo pertsona bakarrena, guraso bakarreko familien kasuan.

Hau da, 28 aste guraso bakarreko familietan, eta 17+17 aste bi gurasoko familietan (18 aste erditze anikoitzaren kasuan).

Horretarako, honako hauek aurkeztu behar dituzue:
  • Gizarte Segurantzaren ebazpena, jaiotzagatiko eta adingabearen zaintzagatiko prestazioari buruzkoa.
  • Gizarte Segurantzaren ebazpenean atsedenaldiaren aste guztiak agertzen ez badira, gainerako asteak agertzen diren enpresa ziurtagiria ere aurkeztu beharko duzue.


Eskaera ez da izapidetuko, baldin eta eskolatzea hasten den egunean familiak (guraso bakarreko edo bi gurasoko familiak) guztira 5 aste baino gehiagoko atsedenaldia baduzue hartzeko.
Ez dut jaiotzagatik eta adingabearen zaintzagatik dagokidan lan atsedenaldirik hartu haurra jaio zenean lanean ez nengoelako. Nola egiazta dezaket?
Gizarte Segurantzaren ziurtagiria aurkeztu beharko duzu non aipatutako prestazioa ez dagokizula edo jaso ez duzula zehazten den ez betetzeagatik, edo egoera hori ziurtatzen duen Gizarte Segurantzaren lan bizitza eguneratua (dokumentuaren data eta aurkezte dataren artean 3 hilabete baino gehiago pasatu ez badira).
Asteak geratzen zaizkit gozatzeko, baina lanera itzuliko naiz eta asteak lanaldi murriztuan hartuko ditut, haurra eraman dezaket eskolara?
Bai, baina kasu honetan ere, lan atsedenaldiaren aste GUZTIAK noiz hartuko dituzun justifikatu beharko duzu.
Zeintzuk dira 2026-2027 ikasturterako izena emateko epeak?
  • 1. Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea: 2026ko apirilaren 13tik maiatzaren 4ra. 2026ko maiatzaren 1etik 10era bitartean jaiotako haurrek 2026ko maiatzaren 20ra arte eman ahalko dute izena.
  • 2. Eskatzaileen zerrenda: 2026ko maiatzaren 22an.
  • 3. Nahitaezko dokumentazioa zuzentzeko epea: 2026ko maiatzaren 25etik ekainaren 5era.
  • 4. Behin-behineko zerrendak: 2026ko ekainaren 17an.
  • 5. Erreklamazioetarako epea: 2026ko ekainaren 17tik 19ra.
  • 6. Behin betiko zerendak: 2026ko ekainaren 26an.
Noiz inskribatu dezakegu gure semea/alaba, 2026an jaio bada?
  • Eskolan irailean hasteko, izena emateko epe orokorrean aurkeztu ahal duzue eskaera: 2026ko apirilaren 13tik maiatzaren 4ra 2026ko maiatzaren 1a baino lehenago jaiotako haurrentzat, eta maiatzaren 20ra arte, 2026ko maiatzaren 1etik 10era jaiotako haurrentzat.
  • Zuen semea/alaba maiatzaren 10a baino beranduago jaiotzen bada, edo eskolan aurrerago hastea nahi baldin baduzue, ikasturtean zehar ere leku bat eskatu ahal izango duzue hilabete bakoitzeko 1etik 8ra, eskolan hurrengo hilabetean hasi ahal izateko. Kontuan izan haurrak 17 aste beteta izan behar dituela eskolan hasi ahal izateko.
Nola egin behar dut Haurreskola Partzuergoko eskola batean, edo Udal Haur Eskola batean izena emateko?
  • Online
  • Gizarte etxeetako herritarren arretarako edozein bulegotan (hitzordua eskatuta), eta San Antonio kaleko 10. zenbakian dagoen Herritarren Arretarako Bulegoan (hitzordua eskatuta edo eskatu gabe).
  • Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan ezarritako moduan.
Zein eskolatan eska eska dezaket lekua?
Gehienez 5 eskola eska ditzakezue, lehentasunaren arabera, kontuan hartuta sare bakoitzaren ezaugarri bereziak, ordutegiei eta jantoki zerbitzuari dagokienez.

Nire alaba edo semea 2025-2026 ikasturtean haur eskola publiko batean dago matrikulatuta eta beste batera aldatu nahi dut 2026-2027 ikasturterako. Zer egin behar dut?
  • Gaur egun Udal Haur Eskola batean badago eta titulartasun bereko beste batera aldatu nahi baduzu, aldaketa eska dezakezu berritze-orrian.
  • Haurreskolak Partzuergoko titulartasuneko beste haur eskola batera eraman nahi baduzu, eskaera berri bat aurkeztu beharko duzu eskola berrirako, izena emateko epe orokorrean.
Nola esleitzen dira lekuak?
Eskaerak baremoaren arabera puntuatzen dira, eta puntuen arabera zerrendatzen dira. Eskaera orrian adierazitako eskolen artean plaza librea duen lehen eskolan esleituko zaizu plaza.
Nola lor ditzaket puntuak baremoan?
Baremoan puntuak lortzeko hainbat irizpide daude. Kontsultatu hemen .
Ez gaude Vitoria-Gasteizen erroldatuta, baina hemen egiten dut lan. Lor ditzaket puntuak baremoan?
Bai, baina egoera hori justifikatu beharko duzu. Horretarako, zure kontura lan egiten baduzu, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko duzu; bestela, lan egiten duzun enpresaren ziurtagiri eguneratua.
Zer jotzen da lan egoera aktibotzat?
Gizarte Segurantzan altan ematea dakarrena, eta behin betiko ezintasun iraunkor absolutua. Adingabeak zaintzeko eszedentzia eta aldi baterako etete egoera berezia ere bai, beti ere lanpostura itzultzeko data haurra eskolan hasten denetik beranduenez hilabete batera bada.
Nola egiaztatzen da gurasoen edo legezko tutoreen lan egoera aktiboa?
  • Gizarte Segurantzan kotizatzen baduzue: Gizarte Segurantzaren lan bizitzaren ziurtagiri eguneratuaren bidez.
  • Gizarte Segurantzan alta emanda ez, baina beste erregimen edo mutualitate batean alta emanda zaudeten pertsonen kasuan: erregimen edo mutualitate horretan altaren ziurtagiriaren bidez.
  • Behin betiko ezintasun iraunkor absolutuaren kasuan: Gizarte Segurantzaren ebazpenaren kopia.
  • Adingabea zaintzeko eszedentzian bazaudete eta gehienez ere haurra eskolan hasten denetik hilabeteko epean itzultzen bazarete lanera: ezinbestekoa da enpresaren egiaztagiri bat aurkeztea, lanera noiz itzuliko zareten adierazten duena, Gizarte Segurantzaren lan bizitzaren ziurtagiri eguneratuarekin batera.
  • Aldi baterako etete egoera berezian bazaudete eta, gehienez ere, haurra eskolan hasten denetik hilabeteko epean bukatzen bada egoera hori: ezinbestekoa da data hori jasotzen duen Eusko Jaurlaritzaren ziurtagiria aurkeztea, egoera noiz amaituko den adierazten duena.
Nola egiazta dezaket enplegu bilaketa aktiboan egotea?
Lan eskaeraren Alta eta Berritze Dokumentu eguneratua (LEABD) aurkeztu behar duzue, eta eskaera orrian Udaleko Hezkuntza Zerbitzuak Lanbiden kontsulta egin ahal izateko baimena eman.
Nola egiazta dezaket ikasketa ofizialak egiten egotea?
Matrikularen egiaztagiria aurkeztuz
Nola egiaztatzen da familia unitatearen urteko errenta?
Familia unitateko pertsona guztien 2024ko errenta aitorpena aurkeztu behar duzue.

  • Araban aurkeztu baduzue, eta eskaera orrian baimena ematen baduzue Hezkuntza Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du.
  • Araban zergarik ordaindu ez baduzue, edo ofizioz egiaztatzeko baimenik eman ez baduzue, 2024ko Errenta Aitorpenaren fotokopia erantsi behar diozue inskripzio-eskaerari.

2024ko Errenta Aitorpena egin ez baduzue, lortutako diru sarrerak justifikatu beharko dituzue, dagokionaren arabera:
  • Errendimendu garbien zirutagiria
  • 10 T dokumentua
  • Pentsioaren justifikazioa
  • Langabeziaren justifikazioa, jasotako prestazioak adierazita.
  • Familiaren egoera ekonomikoa egiaztatzen duen beste edozein dokumentu.
Zer da familia unitatea?
  • Eskatzailea.
  • Haren ezkontidea, deuseztasunik, banantzerik edo dibortziorik ez badago, edo izatezko bikotekide gisa bizi den pertsona, betiere eskatzailea emakumeen aurkako indarkeriaren biktima ez bada eta egiaztatu badu.
  • Haiek zaintza eta jagoletzapean dituzten eta etxebizitza berean bizi diren seme-alabak.
Zer da guraso bakarreko familia izatea?
Guraso bakarreko familiatzat edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiatzat hartzen dira Guraso bakarreko familien araubidea ezartzen duen abenduaren 2ko 232/2025 Dekretuaren 3. Artikuluaren 1 eta 2 puntuetan zehaztutakoak.
Nola egiaztatu daiteke guraso bakarreko familia izatea?
Guraso bakarreko familia edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia dela ziurtatzeko “Guraso bakarreko familiaren edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko duzue, edo, hori eduki ezean, hori lortzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa; alegia, “Guraso bakarreko edo guraso bakarreko egoeran dagoen familia izaera aitortzeko eskabidea” orrian zehaztutakoak.
Nola justifika dezaket desgaitasuna?
Eskaera egin duen haurraren edo, hala badagokio, familia unitateko pertsonen desgaitasun mailari buruz eskumena duen erakundeak emandako ziurtagiri baten bidez.
Derrigorrezko dokumentazioa zuzentzeko epean, izena emateko epean aurkeztu ez dudan dokumentaziorik aurkeztu dezaket?
Ez, epe horretan (2026ko maiatzaren 25etik ekainaren 5era) derrigorrezko dokumentazioa baino ezin izango duzue aurkeztu.

Ez da onartuko baremo puntuak lortzeko dokumentaziorik, izena emateko epearen barruan aurkeztu ez baduzue.
Noiz eta nola jakingo dut nire eskaera onartua izan den?
2026ko maiatzaren 22an, eskatzaileen zerrenda argitaratuko da. Zerrenda honetan jasotako eskaera guztiak agertuko dira, eta bakoitzaren egoera zein den. Egoera hauek izan daitezke:
  • Osoa eta, beraz, izapidetzeko onartua.
  • Osatu gabe, nahitaezko zer dokumentazio falta den zehaztuta.
Zer egin dezaket nire eskaera osatu gabe baldin badago?
Nahitaezko dokumentazioa zuzentzeko epea 2026ko maiatzaren 25etik ekainaren 5era izango da. Epe horretan, eskatzaileen zerrenda agertzen den derrigorrezko dokumentazioa aurkeztu ahal izango duzue. Dokumentazio hori zuzentzeko epean aurkezten ez bada, eskaera indarrik gabe geratuko da.

Epe honetan eskaerari falta zaion nahitaezko dokumentazioa baino ez da onartuko.

Nola aurkeztu dezaket nire eskaerari falta zaion derrigorrezko dokumentazioa?
  • Online.
  • Gizarte etxeetako herritarren arretarako edozein bulegotan (hitzordua eskatuta) eta San Antonio kaleko 10. zenbakian dagoen Herritarren Arretarako Bulegoan (hitzordua eskatuta edo eskatu gabe).
  • Administrazio Publikoen Adminstrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 16.4 artikuluan ezarritako moduan.
Nola kontsulta ditzaket zerrendak?
Zerrenda guztiak (eskatzaileen zerrenda, behin-behineko zerrendak eta behin betiko zerrendak) kontsultatu ahal izango dira, dagozkien datak iritsita:
  • Udal webgunean vitoria-gasteiz.org/haureskolak
  • 010 telefonoan, BakQ izanez gero
  • Gizarte etxeetako autotramitazio makinetan
  • Irailean hasteko egin baduzue eskaera, Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan ere kontsultatu ahal izango dituzue. Ikasturtean zehar egin baduzue eskaera, ezin izango duzue zerrendarik han kontsultatu.
Bada lortutako lekuari uko egiterik?
Bai, uko egin daiteke, baina eskaera indarrik gabe geldituko da.
Eskolan leku bat lortu nahi baduzue berriro, eskaera berri bat aurkeztu beharko duzue.

Zenbar balio dute haur eskolek?
  • Udal Haur Eskolen zerbitzua doakoa da, jantokia izan ezik (8:00etatik 16:00etara ordutegian), hilean 36,20 euro ordainduko baita.
  • Haurreskolak Partzuergoko haur eskolen zerbitzua ere doakoa da. Bazkaria familiek eraman beharko duzue, edo catering zerbitzu bat kontratatu dezakezue.
Zein da haur eskola publikoen ordutegia?
Udal Haur Eskoletan ordutegiak hauek dira:
Goizeko ordutegia: 08:00etatik 13:00era.
o Sarrera: 08:00etatik 09:30era.
o Irteera: 12:30etik 13:00era.

Egun osoko ordutegia (jangela eta siesta zerbitzuarekin): 8:00etatik 16:00etara.
o Sarrera: 08:00etatik 09:30era.
o Irteera: 15:15etik 16:00etara.
Ordutegi hori, oro har gurasoak edo legezko tutoreak lanean egotearen eta jantoki plaza hutsak egotearen baldintzapean dago.

Haurreskolak Partzuergoko eskoletan ordutegiak hauek dira:
Goizeko ordutegia: 07:30etatik 14:00etara.
o Sarrera: 07:30etatik 09:30era.
o Irteera: 13:00etik 14:00etara.

Egun osoko ordutegia: 7:30etik 16:00etara.
o Sarrera: 07:30etatik 09:30era.
o Irteera: 15:00etatik 16:00etara.
Ba al da jantoki zerbitzurik haur eskola publikoetan?
Haurreskolak Partzuergoko haurreskoletan haurrek bazkaldu ahal dute. Familiok eraman behar duzue bazkaria etxetik. Catering zerbitzu bat ere hauta dezakezue, baina cateringa familiok kudeatu eta ordaindu beharko duzue.

Udal Haur eskoletan jantoki zerbitzua eskaintzen da 08:00etatik 16:00etara ordutegian. Zerbitzu hori aukerakoa izango da 6 hilabetetik beherakoentzat. Bazkaria eskolan bertan prestatzen da, garaikoak diren eta, hein handian, ziurtagiri ekologikoa duten eta 0 km-koa diren produktuak erabilita. Oro har, jantoki zerbitzua erabili dezakezue, bi gurasoko familien guraso edo legezko tutore biek, edo guraso bakarreko familien amak, aitak edo legezko tutoreak lan merkatuan lan egiten baduzue..
Ordutegiak eta zerbitzuak alda daitezke?
Eskatutako ordutegiak eta zerbitzuak alda daitezke familia premiak aldatzen direnean, bai ordutegiak luzatzeko, baita baja emateko ere, betiere eskaera araudiari egokitzen bazaio eta haur eskolak erantzuna eman ahal badio.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.