Hamar plan edo jarduera zure seme-alabekin (5 urtetik beherakoak) familian mugitzeko

1. Egin ezazu irteera bat bizikletan seme-alabekin Eraztun Berdean

Hartu hiriko bidegorrietako bat Eraztun Berdera iristeko eta bertako txoko eta ibilbide guztiak arakatu. Etxeko txikienek atzeko aulkitxoan igo ahal izango dute zuen bizikletan eta zuek bezala bizikletan ibiliko dira. Eta bizikletan bakarrik bazabiltza, utzi ibilbidea edo haren zati bat bere kabuz egiten. A, eta ez ahaztu Eraztuna osatzen duten parkeetan aurkitzen dituzuen animaliak ikusteko geldialdiak egiteaz.

2. Hurbil zaitez Gamarrako parkeraino eta egin kirol anitzeko jardunaldi bat zure txikiekin

Gamarrako Parkera bizikletaz irits zaitezkete, eta, gero, belodromoan itzuli batzuk eman, baloian jokatu saskibaloian edo futbolean, haurren guneez gozatu, berdeguneetan korrika ibili, pilotak minigolf zelaiko zuloetan sartu. Mendizorrotzako Kirol Esparruan kirol anitzeko jardunaldi batez ere goza dezakezue.

haur txikia lorategi batean jolasean

3. Gasteizko parkeetan jolas tradizionaletan jolastu

Nork ez du gozatu txikitan lagunekin ezkutaketan, oilotxo itsuan, ezkutaketa ingelesean, konban, alturatxoetan, musuzapian, kometetan eta abarretan jolastera? Orain da garaia zure oroimenari ekiteko (edo bestela Interneten ehunka ideia aurkituko dituzu) eta seme-alabekin haietaz gozatzeko. Bide batez, zer hoberik gure Green Capitalek dituen hiri-parke ugarietako batera joatea baino? Joan parkez aldatzen eta ezagutu jolaserako txokoak.

4. Jolastu uretan familia osoarekin estalitako igerileku batean

Hondartzarik ez dugu izango Gasteizen, baina ezingo dugu esan plan hori ez dugula egiten igerileku faltagatik. Eta horietako batzuek txikienentzako espazio egokiak dituzte, hala nola Ibaiondo Gizarte Etxea eta bere jolas-gunea (txirristak, perretxikoa eta irlatxoa, hidromasaje-eremua). Goazen, uretara!

Aita eta haurra igerilekuan

5. Egin irteera Gasteiz eta inguruko mendi eta ibilbideetara

Eraman ezazu haurrentzako mendi-motxila bat eta gozatu Gasteiz eta inguruetatik irteera(Beste leiho batean irekiko da) batez. Eta txikiak ahal badu, utzi ibiltzen eta bere kabuz esploratzen. Eta mendiak igo beharrik ere ez dago: Arabako Ibilbide Berdeen Sareaz(Beste leiho batean irekiko da) ere goza dezakezue.

6. Egin dantza zure seme-alabekin

Jarri musika eta utzi eramaten, etxean, kalean edo parke batean, edonon. Gozatu soinuaz eta mugimenduaz. Ziurrenik, oroitzapen ahaztezinak sortuko dituzu zure seme-alabekin. Abestera ere animatu zaitezkete! Eta, aurrerago, musika kalean dagoenean, hurbildu eta ikusiko duzu nola gozatzen duten zure semeak/alabak (eta zuk zeuk ere).

7. Bisitatu hiriko haur-parkeak

Parke berera joatea nekagarri samarra izan daiteke guztiontzat; beraz, zergatik ez duzue probatzen Gasteizen dauden 200 parke edo haur-eremuetako bat? Ezagutzen al duzue jada Pirata Galeoia edo Zabalganako Haur Parke Naturalizatua? Eta Herrandarren kaleko (autobus geltoki zaharra), Salburuko eta Zabalganeko parke estaliak, euria egiten duenerako? Bide batez, ahal baduzue, aktiboki joan zaitezte (bizikletan, oinez), eta, horrela, zuek ere paseoa aprobetxatuko duzue.

haurra parkean

8. Gasteiz inguruko animalia-etxalde bat bisitatu

Irteera aktibo bat izango duzue, eta, bertan, zuen seme-alabek Los Huetos Landetxeko Eskolan(Beste leiho batean irekiko da) edo Arkaiako Landetxe Eskolan(Beste leiho batean irekiko da) antolatzen diren animaliez eta bestelako jarduerez gozatuko dute. Bide batez, azken horretara, animatzen bazarete, oinez edo bizikletaz ere joan zaitezkete.

9. Familia-jarduera antolaturen batean izena eman

Adin horietarako, Vitoria-Gasteizko Udalak familia-jarduerak ditu: matronatazioa, ur-ingurunera ohitzea, motrizitate txiki edo motrizitate musikala. Begiratu ea lekurik geratzen den. Familiarteko euskal dantzak ere eskaintzen ditu Udalak, eta Atariak, puntualki, familientzako natur jarduerak. Gainera, beste familia-aukera batzuk bilatzen badituzu, ziur beste erakunde edo elkarte batzuetakoak topatuko dituzula.

10. Eta ez utzi running egiteari zure seme-alabengatik

Zurekin joan daitezke. Ziur ikusi duzula jendea gurditxo batekin korrika egiten (asfalto motaren arabera, ohiko gurditxoarekin joan zaitezke, baina egokitutakoak ere badaude); eta, ahal duzuenean, bizikletan joan daitezela eta horrela denok egingo duzue ariketa fisikoa.

Gurasoak, anima zaitezte

Sei arrazoi, aita edo ama zaren aldetik, horrelako planak egitera anima zaitezen:

  1. Jarduera fisikoak onura fisiko, sozial eta mental handiak eskaintzen dizkie gure txikiei. Haurrak jarrera edo jarduera sedentarioagoak hartzen ari dira, eta horiek saihesten saiatu behar dugu.
  2. Jarduera fisikoa egiten duten adingabeek aukera handiagoak dituzte heldu aktiboak izateko. Horrez gain, frogatuta dago ere haurtzaroan eta nerabezaroan egiten den jarduera fisikoak pertsona baten osasuna hobetzen duela helduaroan.
  3. Familia funtsezko faktorea da haurren jarduera fisikoaren praktika-mailan. Ikerketa askok erakutsi dute haurrek kirol-jarduera fisiko handiagoa egiten dutela gurasoek ere egiten badute.
  4. Horrelako plan batek aukera ematen dizu zuri ere jarduera fisikoa egiteko. "Harri batez bi kolpe": aita edo ama bezala geratzen den denbora libre apurrarekin benetan eskertzekoa den aukera.
  5. Familiak berak irabazten du. Kalitatezko familia-denbora izatea ahalbidetzen duten jarduerak dira eta hori familiaren onerako da, unitate gisa, eta familiako kideen onerako ere bai.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.