Familia bidezko transmisioa eta sozializazioa

Familia Bidezko Transmisioa

Euskararen transmisioa Gasteizen

Gasteizko datu soziolinguistikoak

Bilakaera handia izan du Gasteizek azken 30 urteotan euskarak gizartean berreskuratu duen lekuari so eginez gero; bi kontzeptu ekarri ditugu hona goranzko joera horren nondik norakoak arretaz aztertzeko: hizkuntza gaitasuna eta hizkuntzaren erabilera.

Alde batetik, hizkuntza gaitasunean Gasteizen aurrerapauso handiak eman direla ikus dezakegu; Eustaten arabera(Beste leiho batean irekiko da) 2011. urtean bi urtetik gorako pertsonen % 22,5 (52.298 lagun) euskaldunak ziren, % 26,1 (60.851 lagun) ia euskaldunak eta % 51,4 (119.678 lagun) ez euskaldunak. Izan ere, ehuneko horiek ez dira homogeneoak adin tarte guztietan, 35-39 urte bitartekoen adin tartetik aurrera euskaldunen batez bestekoaren azpitik mugitzen baitira. Adin tarte hori zenbat eta gazteagotu, orduan eta altuagoa da euskaldunen ehunekoa. Adibide gisa aipatu behar dugu 19 urtetik beherako gazteen erdia baino gehiago euskaldunak direla eta % 20ra ez dela heltzen ez euskaldunen ehunekoa.

Bestetik, euskararen erabilerari erreparatu behar diogu, azken hiru hamarkadetan goranzko joera egon arren, azken bost urteotan zertxobait behera egin du indize horrek. Hizkuntzen kale-erabileraren VI. Neurketaren arabera(Beste leiho batean irekiko da) gaur egun % 3,1 ingurukoa da. Baina hizkuntza gaitasunean gertatzen den moduan erabileran ere ehunekoak ez dira homogeneoak adin tarte eta egoera guztietan; dena dela, Gasteizen eta Araban, gainerako lekuetan gertatzen den moduan, haurren presentziak handitu egiten du kale-erabilera BAT aldizkariak 84. zenbakian dioen bezala:

"Araban alde benetan esanguratsuak jaso dira: haurrak nagusirik gabe ari diren elkarrizketetan hiztunen %2,1 euskaraz ari dira; nagusiak haurrik gabe ari direnean %2,4 ari dira euskaraz, eta , haurrak eta nagusiak elkarrekin ari badira %7,6 ari dira euskaraz."

Azkenik, merezi du aipatzea Gasteizen euskaldunak diren guraso gehienak eskolan edo euskaltegietan euskaldundu direla eta gaur egun horien seme-alabekin gauza bera gertatzen dela, hau da, euskaldun berrien seme-alaben % 80tik gora elebidunak diren arren mota horretako familien % 90ek erabiltzen dutela gaztelania nagusiki. Bi arrazoi azaleratzen zaizkigu gehien bat gertaera honen azpitik: hizkuntza hitz egiteko erraztasuna eta hizkuntza horretako hiztunen harreman sarea.

Euskararen transmisioaz eta umeen sozializazioaz

Gasteizen euskarak izan duen gorakada ulertzeko eta datozen urteotan familiok helduleku sendoak, teorikoak nahiz praktikoak, izan ditzazuen bi kontzeptu azalduko ditugu ondoren, zenbait adituren ekarpenetan oinarrituta: transmisioa eta hizkuntzaren sozializazioa.

Transmisioa. Argi dago euskara jasotzeko biderik eraginkorrenetarikoak etxea eta eskola direla, hurrenez hurren. Hizkuntza transmitituta ere haurrek beren egin beharko dute gero; horretarako, "eman" (gurasoek/eskolak) eta "jaso" (haurrek) goitik beherako eskematik beste paradigma batera joan beharko dugu hizkuntzen jabekuntza hobeto ulertzeko Gasteiz bezalako hiri batean.

Hizkuntzaren sozializazioa. Helburua ez da haurrek lehen hizkuntza edo ama-hizkuntza euskara izatea baizik eta haurrak euskaldun haztea, izan ere, oso garrantzitsua da euskara izan dadila lehen hizkuntza hori, baina hori gertatzen diren kasuetan ez da nahikoa, eta gertatzen ez direnetan ere, ez da faktore gaindiezina. Familia eta Eskolaz aparte beste elementu bat agertzen zaigu, gizartea, alegia. Hortaz, gurasoak eta irakasleak eragile nagusiak izatetik eragile aniztasuneko plano batera pasatzen gara, non goitik beherako eskema hori hainbat norabidetako eskema (goitik behera, behetik gora eta ezker-eskuma) bihurtzen den. Hor haurrek beste protagonismo bat hartzen dute, ez baitira eragile pasibo hutsak, eragile aktiboak baizik.

Euskaraz sozializatzeko ekintza eraginkorragoa da eragin-bide batetik (eskola) edo bietatik (etxea eta eskola) baino eragin-bide gehiagotik bideratzen dena, familiatik, eskolatik elkarteetatik, hedabideetatik... Testuinguru horretan familiok zer esan handia duzue. Familiak bihurtzen dira Hizkuntza Politika Eragile aktibo eta ezinbesteko.

Horiek horrela, bi galdera hauen gainean hausnartzea komeni zaigu tarte batez:

  • Zergatik ingurune elebakar batean hazten diren ume batzuk elebidun bilakatzen dira?
  • Zergatik beste batzuk, aldiz, ingurune elebidun batean bihurtzen dira elebakar?

Zein da erantzuna? Erantzuna familiek hartutako erabakietan datza, maila batekoak ala bestekoak izan, horrela izango da zuen seme-alabei eskainiko diezun oinarria. Euskalduntzearen erantzukizuna eskolaren esku soilik uztea bidegabeko bezain eraginik gabekoa da, adibide gisa balio beza Iñaki Arrutik haur baten bizitzan eginiko denboraren banaketak(Beste leiho batean irekiko da) edota Arrue ikerketaren(Beste leiho batean irekiko da) ondorio nagusien atalean eskolaz kanpoko jarduera antolatuei aitortzen zaien garrantzia.

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: