Ehari, menpeko toki-erakundea
Gobeu eta Lopidana ditu mugakide iparraldean, Gasteiz hiria ekialdean, Zuhatzu hegoaldean eta Aztegieta mendebaldean. Hiriaren erdialdetik 3,5 kilometrora dago, eta Gasteizko ipar-mendebaldeko nekazaritza-eremuko kontzejuetako bat da.
Hiriaren hazkundea bertaraino iritsia da, eta gaur egun, izatez, hiriko auzo bat da, nahiz eta oraindik ere herri-egiturari eusten dion. Herriaren aurrez aurre, hiribide batek bereizita, Sansomendi auzoa dago.
Historia
1025eko Donemiliagako Goldean aipatua ageri da lehenengo aldiz, Arabako beste herri askorekin batera. 'Ehari' formarekin, hain zuzen ere. Gerora, bilakatuz joan zen forma hori gaztelaniaz -Elaly, Healy, Ehali-, harik eta XVI. mendetik aurrera 'Ali' forma finkatu zen arte.
1258an -Alfontso X.a Jakitunak dohaintzan eman zizkiolarik- hiribilduaren jurisdikzioaren mende geratu ziren herritako bat da.
XIX. mendeko udal erreformaren ondorioz, udalarri gisa eratu zen, baina 1877an berriro atxiki zitzaion Gasteizi.
1958an, langile-kolonia baten eraikuntza sustatu zuen IMOSA enpresak, eta 120 etxebizitza egin ziren herrian. Orduan hartu zuen egungo tamaina, eta oraingoaren antzeko biztanlea izatera iritsi.
Monumentuak
XVIII. mendeko dorre aipagarria du San Millan parrokia-elizak. Erretaula nagusiaren lehen gorputzean, Andre Maria Sortzez Garbiaren irudia ikus daiteke, eta ondoan San Petri eta San Pabloren eskulturak. Bigarrenean, San Millan, alde batean eta bestean San Joan Bataiatzailea eta San Josef dituelarik.
Herriaren erdian, Iturriberri plazaren ondoan, XVI. mendeko bideko gurutze bat dago. Bada XVIII. mendeko bideko beste gurutze bat ere, Ehariko ikastolaren patioa izandako lekuan -gaur egun Kakiturri gastronomia-elkartea-.
Jaiak
Azaroaren 12an dira herriko jai nagusiak. Ekaineko azken larunbatean, berriz, Kakiturri eguna.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.