AMVISAren sarea hobetzeko lanek trafiko etenak eragingo dituzte Adriano VI.aren kalean, Luis Heintz kalean, Ramon y Cajal kalean eta Senda ibilbidean

2019ko irailaren 27an

Lanak urriaren 1ean hasiko dira.

Joan den urritik, AMVISA saneamendu- eta hornikuntza-sarea berritzeko lanak egiten ari da Adriano VI.aren kalean, Louis Heintz kalean, Ramon y Cajal kalean, Senda ibilbidean eta Manuel Iradier kalean. Manuel Iradier kaleko eta Gasteiz hegoaldearen zati handi bateko isurketak biltzen dituen saneamendurako kolektore zaharra aldatzea da obraren helburu nagusia, eta inguru horietan trafiko etenak egin behar izan dira hasieratik. Lanek ia 2 milioi euroko inbertsioa beharko dute.

Otsailaren 27tik aurrera, berriro ere aldaketak egin beharko dira zirkulazioan lanen eraginez: aipatutako zonako zati handi bat lehengo egoerara itzuliko da, baina gorabeherak izango dira Lovaina plazaren eta Louis Heintz kalearen inguruan.

Aurreikusitako epeak betetzen badira —izan ere, eguraldi txarra eginez gero litekeena da atzeratzea—, bihar Katedraleko aparkalekura sartzeko erreiko zintarriak kenduko dira Lovainako biribilgunean, baita Louis Heintz kalearekiko bidegurutzeko semaforoa ere. Aldi batez, errei bakarra erabili ahalko da biribilgunean, eta hortik sartu beharko da Katedraleko aparkalekura.

Martxoaren 2an, aldiz, berriro irekiko dira trafikorako Gaztelako atea, Laskarai kalea, Ramon y Cajal kalea (bi noranzkoetan), Senda ibilbidea eta Manuel Iradier kalea, eta hasierako egoerara itzuliko da inguru osoa.

Aurrerago, martxoaren 3an (asteartea), Marianistak ikastetxetik hurbilen dagoen Louis Heintz kaleko aldea itxiko da, eta kale horretatik Katedraleko aparkalekura sartzeko erreiko zintarriak kenduko dira. Orduan, ezin izango da aparkalekura sartu Lovainatik.  Louis Heintz kalean zirkulazio-errei bakarra utziko da, noranzko bakarrean, Lovaina plazarantz. Zehazki, aparkalekuaren ondoko erreia geratuko da irekita.

AMVISA eragindako pertsona eta jarduerak (atariak, garajeak, ikastetxeak, aparkalekua…) ohartarazten ari da dagoeneko. Inguru horretatik ibilgailu pribatuan ez zirkulatzeko gomendatzen du Udalak, guztiz ezinbestekoa ez bada.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.