Elisa Rueda izango da 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako pregoilaria

2024ko ekainaren 4an argitaratua

Sonia Díaz de Corcuera zinegotziak Gasteizi eta Kulturari egindako ekarpena baloratu ditu; izan ere, 12 urtez, poesiaren bidez, hiria egin du.

  • Pregoia abuztuaren 2an, 21:30ean, irakurriko du Plaza Berrian.

Elisa Ruedak, poeta, irakasle eta Poetak Maiatzean Nazioarteko Jaialdiaren alma mater-akiragarriko ditu gure zaindariaren, Andre Maria Zuriaren, omenezko jaiak.

Elisak 12 urte daramatza poesiaren bidez hiria egiten eta ‘Poetak Maiatzean’ ekimenari esker Vitoria-Gasteizko txoko enblematikoenei nazioartean balioa ematen. Berari esker, poesiak tranbian bidaiatu du, erakusleihoetan ikusgai egon da, Eusko Legebiltzarrean barneratu da eta Udaleko osoko bilkuran ere ahotsa izan du. Hiri honekiko, literaturarekiko eta adin guztietako herritarren artean irakurketa eta idazketa bultzatzearen aldeko konpromiso argia erakutsi du”, azaldu du Kultura zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak.

Horri guztiari esker, Kultura Zerbitzuak gasteiztar guztion jaietarako deia egiteko aukeratu du. Ekitaldia abuztuaren 2an, asteazkenean, egingo da, 21:30ean, Plaza Berrian.

Elisa Rueda: poeta, irakaslea eta aktorea

Markina-Xemeinen (Bizkaia) jaio zen 1959an eta berehala joan zen Vitoria-Gasteizera bizitzera. Ordutik Arabako hiriburuan bizi izan da. Irakasle-ikasketak egin zituen eta irakaslea izan da 1981etik Samaniego ikastetxean, Ángel Ganiveten eta, geroago, euskara-irakaslea Gasteizko Ekialdea institutuan.

Irakaskuntzaz gain, bere beste pasioetako bat izan da idazketa eta, zehatzago esanda, poesia. Hainbat errezitalditan, poesia-tailerretan eta nazioarteko jaialdietan parte hartu izan du. Bere olerkiak aldizkari literarioetan eta antologiatan argitaratu izan dituzte eta haietako batzuk, gainera, musikalizatu eta beste hizkuntza batzuetara itzuli izan dituzte: errusiera, frantsesa, arabiera, ingelesa, albaniera… Antton Valverdek, adibidez, bere azken diskoan, ‘Gaua, ausentziaren itzala’ izenekoan, musika eta ahotsa jarri dizkio izen bereko ‘Zenbat denbora’ olerkiari.

Bere lanari dagokionez, gaztelaniaz eta euskaraz hainbat poema-liburu argitaratu ditu. Bestalde, 2013an, Ernestina de Champourcín nazioarteko poesia-saria eskuratu zuen ‘Escaleras hacia el sur’ liburuarekin, eta Paul Beckett saria 2016an ‘Tentación Botánica’ poema-liburuarekin, besteak beste.

Baina bere idatziez gain, beste hainbat sari jaso du Ruedak kultura sustatzen egindako lana dela eta: “Urrezko Zeledon” Gasteizen, eta “Galateo-Antonio de Ferrariisen Déccellenza alla Cultura Citta” X Edizione, Erroman. Gainera, Granadako “Dama de Baza” sarietarako finalista ere izan zen.

Bere hirugarren bokazioa da aktore izatea eta telesailetan, film luzeetan eta film laburretan lan egin izan du.

Arlo pertsonalari dagokionez, Marieli ere deitzen diote eta era askotako zaletasunak ditu: Gasteizen bizikletaz ibiltzea, Izkiko basoan paseoak egitea eta itsasoa. Horiek guztiak dira bere testuetarako inspirazio-iturriak.

Lanak:

  • 2010 Escalada libre. Poesia.
  • 2012 ‘Cumpleaños en Salburua’ neurtitzetan idatzitako ipuina. Haurentzako album ilustratua.
  • 2013 Escaleras hacia el Sur. Poesia. (Ernestina de Champourcín nazioarteko poesia-saria).
  • 2014 El refugio. 30 escritores ante un refugio de guerraAntologia.
  • 2015 Vitoria-Gasteiz en acuarela y verso. Beste egile batzuekin batera prestatutako lana. Poesia.
  • 2016 Tentación Botánica. Poesia. (Paul Beckett nazioarteko poesia-saria).
  • 2018 Pil-pil y Mojo (Autonomia-erkidego bakoitzeko errezeta tipiko baten inguruan beste hainbat egilerekin batera egindako kontakizunen liburua).
  • 2019 Euskaraz argitaratutako kontakizunen liburua.
  • 2020 Alar de Rosas, adiskidetasunean oinarrituta, beste egile batzuekin batera kaleratutako kontakizunen liburua.
  • 2021 Zenbat denbora, poema-liburua, euskaraz, Literartek argitaratutakoa.
  • 2021 Mis zapatillas de cordones Remolones. Nire zapatila jostariak. Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratutako haurrentzako album ilustratua.
  • 2023 Las últimas cerezas. Palabras al Límitek argitaratutako poema-liburua.
  • 2023 Érase una vez o dos o tres. Puerta Abierta Editores argitaletxeak editatutako haurrentzako poema-liburua.

Alma mater Poetak Maiatzean Nazioarteko Poesia Jaialdiarena

Baina, Gasteizen, Rueda batez ere ‘Poetak Maiatzean Nazioarteko Poesia Jaialdiaren’ alma materra delako da ezaguna. 2012an sortu zuen eta, ordutik, zuzendaria da.

Ondorioz, 12 urte daramatza Gasteizko kaleak eta Arabako herriak poesiaz betetzen poesiarekiko maitasuna, irakurketa eta idazketa hedatu nahian. Urtero, maiatzean zehar, hiriko eta lurraldeko txoko guztietan poesia suma daiteke Elisa Ruedak egiten duen lanari esker. Hain zuzen ere, proiektuan parte hartzen duten eta forma ematen dioten kolektiboekin harremanetan jartzeaz arduratzen da Rueda.

Ez dago Euskadi osoan edo Estatuan horrelako beste jaialdirik. Izan ere, mundu osoan parekorik ez duen jaialdia da; eta ez soilik hilabete bateko iraupena duelako, baizik baita hiriarekiko eta lurraldearekiko duen konpromisoa dela eta. Hala, adierazpen artistiko guztietan, gizarte-egitura osoa baliatzen du.

Jaialdiak lantzen dituen balioetako batzuk dira irakurketarekiko, idazketarekiko, literaturarekiko eta poesiarekiko maitasuna, baina jaialdiaren benetako oinarriak eta ezaugarriak haren balio sozialak dira. ‘Poetak Maiatzean’ egitasmoari hertsiki lotuta dago gizarteratzearen kontzeptua. Izan ere, horren helburua da klase sozial, adin eta jatorri ezberdinetako pertsonen arteko harresiak eraistea.

Gainera, ekimenaren zuzendariak ezin hobeto ezagutzen du Gasteiz eta poesiak txoko guztiak edertzea nahi izaten du. Horregatik, ohiko espazioez gain (liburutegiak, kultura-aretoak edo antzokiak), urtero, poesiak publikoa harrituta eta poesiaren mende uzteko toki ezberdinak prestatzen ditu: parkeak, baratzeak, lorategiak, haitzuloak, terrazak, atikoak, museoak, hotelak, elizak, katedraleko arkupea, etxarteak…

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.