Kultura Sailak luzatu egin du FotoArte eta Gazteentzako Nanoipuinen lehiaketetan parte hartzeko epeak

2020ko martxoaren 25ean

Internet bidez parte hartu ahalko da deialdi bietan.

Bizitzen ari garen salbuespeneko egoera bitarte, Gasteizko Udalaren Kultura Sailak FotoArte eta Gazteentzako Nanoipuinen lehiaketetan parte hartzeko epea sine die luzatzea erabaki du.

Datorren ostiralean amaitzekoa zen, martxoaren 27an alegia, aurtengoan 16. Ediziora iritsi den argazkien lehiaketan parte hartzeko epea. Alabaina, deialdiak luzatu egingo du lanak hartzeko epea, harik eta gaur egun bizitzen ari garen osasun-larrialdia gaindituta data berri bat ezarri daitekeen arte. Horrek eragina izango du baita epaia jakinarazteko eta sariak emateko egunen datetan ere, zein, berez, maiatzaren 5ean eta 27an ematekoak baitziren, hurrenez hurren.

“Kultura Sailetik lehiaketan parte hartu nahi duten guztiak animatu nahi ditugu, deialdiaren oinarriak irakurri, dantzaren inguruan egin dituzten argazki onenak bilatu, eta FotoArtera bidaltzera, parte hartzeko formularioa bete ostean”, esan du Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi Estíbaliz Cantok.

 Argazkiak Internet bidez bidali behar dira, lehiaketan parte hartzeko formularioa baliatuta, esteka honetan.

FotoArteko lehen saria 1.000 eurokoa izango da; bigarrena eta hirugarrena, berriz, bakoitza 400 eurokoa. “Aurten aldatu egin dugu orain arteko hirugarren saria, eta haren ordez Gasteizko Artistaren Saria ezarri dugu, 400 eurokoa, zein Gasteizen bizi, lan egin edo ikasten dutenen artean ebatziko baita”, azaldu du Kulturako zinegotziak. Sarien zerrenda osatzeko, bi akzesit ere emango dira, bakoitza 150 eurokoa.

Iaz 844 lan aurkeztu ziren, 474 artistenak; argi erakusten du horrek argazkizaleen artean erro sendoak egin dituela lehiaketak.

 

Nanoipuinen lehiaketa

Gazteentzako nanoipuinen seigarren edizioari dagokionez (Gasteizko udal liburutegien sarearen jarduera-programaren baitan antolatua) lanak aurkezteko berezko epea martxoaren 19an amaitu zen. Hala ere, kasu honetan ere epea sine die luzatuko da.

Laboral Kutxak babesten duen lehiaketa hau Gasteizen bizi, ikasi edo lan egiten duten, eta 12 eta 30 urte bitartean direnei zuzentzen zaie.

Parte hartzeko 3 kategoria daude, eta bakoitzean euskaraz nahiz gazteleraz aurkeztu daitezke lanak. A kategorian DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek har dezakete parte; B kategorian DBHko 3. mailakoetatik 18 urte bete artekoek; eta Laboral Kutxa sarian 19 eta 30 urte bitarteko gazteek.

Nanoipunen gehieneko luzera 150 karakterekoa izango da, eta “idatzi” aditza izan beharko dute, horren adizki guztiak onartzen direlarik: idazten, idatziko, idaztean…

Honako sari hauek emango dira kategoria eta hizkuntza bakoitzean: lehen saria (diploma eta tableta.), eta bigarren saria (diploma eta 50 €-ko txartela, hiriko liburu-denda batean erosteko). Parte-hartzaile bakoitzak sari bat bakarrik jaso ahalko du.

 “Gazte guztiak gonbidatu nahi ditugu lehiaketa honetan parte hartzera. Iaz 145 gaztek hartu zuten parte, gehienak emakumeak (% 61), eta guztira 273 nanoipuin aurkeztu zituzten, horien arteko % 6 euskaraz”, esan du Cantok.

Hemen dituzue oinarriak eta izena emateko formularioa, esteka honetan.

 

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: