Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Armentiako parkea

Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea

Armentiako parkea

Aurkezpena | Nola iritsi | Planoa eta airetiko ikuspegiak | Gomendatutako ibilbideak | Landaredia eta fauna | Interes tokiak | Egokitze lanak

Armentiako parkeak berezko zuhaitz estalki nahiko handia dauka: basoak 104 hektarea betetzen ditu, hots, parkearen azaleraren % 70 baino gehiago. Erkametza da (Quercus faginea) basoko espezie nagusia. Armentiako basoa hedatu egin da azkeneko 25 urteetan, askotariko zuhaitz motak landatu baitira lehen nekazaritza lurrak ziren 40 bat hektareatan.

Landaredia eta fauna

Armentiako basoan ingurune mota asko dago. Leku batzuetan basoa oso sarria da, eta erkametzekin batera  astigarrak, iparraldeko elorri zuriak, basaranak eta masusta sasiak  ageri dira. Beste leku batzuetan zuhaitzak banatuago daude, eta alde batzuetan soilguneak zabalak dira. Toki hauetan txilarrak, isatsak eta ipuruak hazten dira.

Egonaldietarako prestaturiko Artetxoko gunean badaude nabarmentzen diren erkametz heldu batzuk. Itxura bitxia dute, argimutilena bezalakoa, egurra lortzeko egin zitzaizkien mozketa ugarien ondorioz. Mendi bizkarretan, pagoak, gorostiak eta otsalizarrak ikusiko ditugu, eta parkea zeharkatzen duten erreken ertzetan, astigarrak, hurritzak eta lizarrak.

Ingurune horietan guztietan askotariko fauna aberatsa bizi da: basurdeak, urtxintxak, hegazti harrapariak eta txori txikien hogeita hamar bat espezie, hala nola karnabak, txontak, txantxangorriak eta kaskabeltzak.

Ingurumenari dagokionez, Armentiako parkeak balio berezia du korridore ekologiko gisa, hiriko eta hiri inguruko berdeguneak eta Gasteiz mendiak lotzen baititu.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.