Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdea - Armentiako parkea
Armentiako parkea
Aurkezpena | Nola iritsi | Planoa eta airetiko ikuspegiak | Gomendatutako ibilbideak Landaredia eta fauna | Interes tokiak | Egokitze lanak
Armentia
Armentia Arabako gune erlijioso nagusia izan zen Goiz Erdi Aroan, hango tenplua, Euskal Herriko lehen katedrala, apezpiku egoitza izan baitzen. XI. mendearen bukaera aldera izan zen hori, hegoaldeko lurraldeak musulmanen agintepean zeudenean. Gero, apezpiku egoitza Kalagorrira aldatu zen.
Armentia gune nagusietako bat izan zen erromatar garaiko zein Erdi Aroko komunikabideetan. Armentiako irteeratik (gurutze bat dago oraindik) bi bide garrantzitsuk jarraitzen zuten: Donejakue bidea Gometxara jaisten zen, eta erromatar bidea, Mariturritik igaro ondoren, Zuhatzura zihoan, eta handik Lermandara, Margaritara eta Iruñara.
San prudentzio basilika
Armentian San Prudentzio basilika dago, XII. mendean estilo erromanikoan eraikitakoa. VIII. mendeko tenplu baten hondakinen gainean eraiki zuten, eta hasieran San Andresi sagaratuta zegoen. 1776an eraberritu egin zuten, baina lan horiek jatorrizko egituraren zati bat deuseztu zuen. Haatik, burualdea gorde zuten, bai eta zenbait osagai ere, hala nola jatorrizko portadatik gelditzen zena. 1964an berriz eraberritu zuten. Erdi Aroko artearen adibide nagusietako bat dugu, eta Euskal Herriko monumentu izendatu dute.
Elizaren oina gurutze latino itxurakoa da, eta zerbait nabarmentzekotan, burualdean zein haren besoak gurutzatzen den tokian dituen gangak nabarmendu behar dira,. Ganga horren arkuen abiaburuetan, ebanjelisten lau eskultura daude. Elizako kapitelak landareekin, animaliekin, eta zaldun eta zentauroen arteko guduen irudiekin apaindurik daude. Eliz atarian jatorrizko portadaren hondarrak daude; gainerako ataletako batzuk, portada desegin ondoren, hormetan txertatu zituzten nahas-mahas. Tinpanoek (Bildotsarena eta Kristo apostoluekin erakusten duena) eta baxuerliebeek (Kristo infernuetara jaitsi zenekoa eta Jesusen hilobia) Euskal Herrian den erromanikoko eskultura multzo onenetakoa osatzen dute.
Barruan, San Prudentzioren irudia gurtzen da. Armentian jaio zen, Tarazonako apezpikua eta Osmako bake epailea izan zen, eta arabarren zaindaria da 1644az geroztik. San Prudentzioren eguna apirilaren 28a da. Egun horretan erromeria jendetsua egiten da Basilikara eta haren aurrean dauden zelaietara.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.