Eduardo Dato kaleko 11ko eta Cadena y Eleta Apezpikuaren kaleko 2.eko lursailen kalifikazio xehatua aldatzeari dagokionez Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin nahi den egitura aldakuntzari buruzko aurretiko kontsulta publikoa

Noiz: 2018ko urtarrilaren 15era arte.

Nola: Posta elektronikoaren bitartez

2017ko abenduaren 18ko erabakiak hasiera eman zion aldakuntza tramitatzeari, eta Herritarrek Parte-hartzeko Programan pdf aurreikusten denaren arabera, kontsulta publikoa ireki zen hala nahi zuten herritarrek, antolakundeek eta elkarteek iritziak eta ekarpenak egiterik izan zezaten ondoren azaltzen diren alderdiei buruz.

a) Planaren aldakuntzaren aurrekariak

Eduardo Dato kaleko 11.eko lursailak hiri-lurzoru sailkapena du Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, eta 'administrazio-ekipamendu' kalifikazio xehatua.

Indarrean dagoen HAPOk ematen dion erabilera - administrazio-ekipamendua- aurreko planak (1990 testu bateginak) emandakoaren berbera da, baina egoera ez dator bat higiezinak hasieran izan zuen xedearekin, izan ere higiezina bulegoetarako egin zen, bere osotasunean, 1968an, Gasteizko Aurrezki Kutxaren eskariz (gero Vital Kutxa eta orain Kutxabank).

Gerora, bigarren etapan, Dato kaleko 11ko higiezina eta Aurrezki kutxaren beste zenbait higiezin (San Prudentzio kaleko 30ekoa, esaterako) udal bulegoetarako baliatu izan dira bi hamarkada baino gehiagoz alokairu erregimenean. Baina, Udalak alokairuen egoera hori aztertu, eta alokairuen politika bestela planteatzea erabaki zuenez, bere egoitzak San Martin auzoko eraikin esklusibo batera aldatzea erabaki zuen 2015. urtearen amaieran.

Beraz, egun, hirugarren etapan, "administrazio-ekipamendu" kalifikazio xehatua duen bulegotarako eraikin horrek ez du balizko erabilerarik, administrazio publikoek (Estatukoak, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiak edo Udalak) ez baitute horrekiko interes berezirik; are gehiago erakunde horiek bere sail eta zerbitzuak eraikin handiagoetan bildu nahi dituztelako ekonomia, eraginkortasuna eta sinergia onuragarriak lortzea xede.

Inguruko orubeen erabilera nagusia bizitegiena da, eta horrek bermatu egiten du honek ere bizitegietarako izateko bokazioa nabarmena, erabilera hori iraunkorra baita azken garaietan zehar, oraingoan de facto finkatuta, eta hiriaren lehenengo zabalgunerako HAPOaren gidalerroekin guztiz bat datorrena; beste berme bat da bizitegi-izaerako eraikinen ondoan egotea, bizitegietarako eremuan eta kokatuta dagoen etxadi zehatzeko hiri-bilbean sartuta egotea; etxadi horren izaera argia eta ia osotasunean bizitegi izatea da.

Cadena y Eleta Apezpikuaren kaleko 2.eko lursailak, garai bateko Goya gasolindegia, hiri-lurzoru sailkapena du Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean, eta 'hiriko zerbitzu handiak' kalifikazio xehatua.

1935eko eraikin hau zerbitzu gunerako izan da hasieratik, eta erabilera hori izan du etengabe sortu zenetik. Egun hutsik dago, erabilerarik gabe, eta horrek irudi negatibo handia dakarkio hiriari leku bikainean kokatuta baitago, Florida parkean, Ramon Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategietan, katedral berriaren ondoan.

Egun jabetza REPSOL BUTANO SArena bada ere, 21 Zabalgunea udal sozietateari eskualdatuko dio Salburuko merkataritza lokal baten truke, ondasun higiezinak trukatzeko kontratua baliatuta. Gero, 21 Zabalguneak Udalari erabiltzen utziko dio udal intereserako egokitzat jotzen dituen jarduerak burutu ditzan. Honek Euskadiko Ondare Artistikoko inbentarioan katalogatutako eraikin hau modu egokian birgaitzen lagunduko du.

b) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak

Beraz, egungo egoerari aurre egitea komeni da, egun ezinezkoa baita Dato kaleko 11.eko higiezina erabiltzea, izan ere egun duen kalifikazioak administrazio estatal, autonomiko edo lokalen jardueretarako baliatzeko aukera bakarrik ematen baitu. Egora hau are larriagoa da erakunde hauek guztiak beren zerbitzuak leku berean biltzeko politika bultzatzen ari baitira, hartara sinergiak eta horrek berekin dakarren aurrezpen ekonomikoa lortzea xede. Beraz, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak eraikin hau okupatzeko interes berezirik ez dutela ondoriozta daiteke.

Hori kontuan hartuta, gauzaezina den erabilera batetik libre utzi nahi da higiezina, ez orain ez gero ezinezkoa izango baita erabilera horretarako baliatzea. XIX. mendeko zabalgunean kokatuta dagoenez, inguruko lursailen ezaugarrietara egokitu nahi da lursail horren jabetza-eskubidea; bizitegirako erabilera orokorrera eta zehazkiago, etxebizitza kolektiboaren erabilera xehatura.

Garai bateko Goya gasolindegiari dagokionez, aldaketak eraikin historiko bat berreskuratu, zerbitzua eman eta zabalgunean ekipamendu horren galera saihestu nahi du; administrazio ekipamenduaren aldaketa (Dato kaleko 11) ekipamendu generiko berri batekin (Cadena y Eletakoa) konpentsatuko da.

Zerbitzuan jarri nahi da egun hiriaren erdialdean edukirik gabe, hutsik dagoen ondare eraikia, eraikinak berak duen funtzio soziala sustatu, erabilera eta jarduerarik gabe dagoen baliabide bat berrerabili eta birziklatzea dela medio.

Aginte publikoek, kasu honetan toki-administrazioak, lurzorua modu eraginkorrean okupatzea bilatu behar dute, bizitegi-erabilerari aukera eman eta hutsik edo erabilerarik gabe dauden etxebizitzen okupazioa sustatu - jarduerak berreskuratuz, besteak beste-, hori guztia udalak eremu homogeneo bakoitzerako erabakitako lurralde ereduaren baitan.

Aldaketa honekin XIX. mendeko Zabalgunearen egungo egoera hobetuko da, azken hamarkadetan "hiri-nerbioa" falta baitzaio, aitzina eremu hori ezaugarritzen zuten funtzio sozio-ekonomiko zenbait galduta. Horien artean aipatzekoa da sotoan edo beheko solairuan merkataritza-areto txikiak dituzten etxebizitza eraiki berrien eskaintza eza - horrelakoek prozesuari buelta emateko eta Gasteizko erdialdearen bizia berriz pizten lagunduko lukete-. Halaber, ekipamendu berri bat sortzea egokia da jendea erakartzeko.

c) Arau hori onestea beharrezko eta egoki den

Argi dago orubearen administrazio-ekipamendu kalifikazio xehatuarekin beti hutsik egotera kondenatuta dagoela; Halaber, nabarmena da toki horretan etxebizitzak sustatzea ere bideragarria izan daitekeela, inguruko lursailen bizitegi-izaerarekin bat etorrita, baldin eta aldez aurretik orain duen kalifikazio xehatuaren xedapen aldakuntza egiten bada, eta ondoren, dagoen solairu kopurua handitu gabe birgaitzen bada.

Garai bateko Goya gasolindegiari dagokionez, komenigarria da erakargarria den ekipamendu erabilera ematea hutsik eta erabilerarik gabe dagoen eraikin bati, are gehiago eraikin hau Euskadiko Ondare Artistikokoa bada.

Orube honetako erabilera aldatzeko tresnarik egokiena HAPOren xedapen-aldaketa da; Gasteizko Udalaren helburuen artean, herritar guztiek gozatzeko espazio gisa hiriaren erdialdeko protagonismoari eustea dago, ondare hori bai bertan bizi direnei eta hiriko bazter guztietako bisitariei ere dagokielako. Egiten den edozein proposamen ebaluatu egin behar da, hirigintzaren esparruari dagokion "hiriaren" ikuspuntutik, hiriaren barnean hutsik dauden espazioak berreskuratzeko; hiri-egiturari eta eraikinei homogeneotasuna eta jarraitutasuna emango zaizkie, are gehiago aztergai dugun moduko kalean, XIX. mendeko zabalgunearen erdi-erdian, non OR-2 ordenantza aplikatu beharra dagoen.

d) Arauaren helburuak

1.- Eskaintzaren mugak gainditzea, egun gauzatzerik ez dagoen erabilera izateagatik

2.- Eraikin eta hiri-eremuak eraberritzea

3.- Lurzorua modu eraginkorrean okupatzea

4.- Dotazio-mailak mantentzea

e) Posible diren bestelako konponbideak, dela arauak bitarteko, dela halakorik gabe

HAPOaren aldakuntzaren ageriko alternatiba da lurzoruaren egungo kalifikazioari eustea, orube hori betirako hutsik geratzeko arriskua hartuta, horrek ingurune horri ekar diezazkiokeen ondorio negatiboekin.

Eraikinaren zentralitatearen beste erabilera egokiak ere kontuan hartu dira (Dato kaleko 11erari dagokionez ekipamendu generikoa hainbat aldaeratan), eta ez du ematen erakargarriak izan direnik sustatzeko, lurzoruaren titularitatea pribatua denez gero, eta merkatuaren egoera eta alor honi dagokion indarreko araudia kontuan hartuta.

Garai bateko Goya gasolindegia eraikin berezia da, katalogatuta eta babestuta dago, eta ez du handitzeko aukerarik. Ezaugarri horiek kontuan hartuta, aukera bakarra ekipamendu publikorako izatea da, herritarrentzat, 21 Zabalgunea udal sozietateak hartuko duelako eta Gasteizko udalari lagako dionez.

Indarrean dagoen plangintza (egungo egoera) eta aldatutakoa pdf

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.