Bisitan etortzeko zazpi arrazoi - Turismoa Gasteizen
Ezagut ezazu zortzi mende baino gehiagoko historia, biztanleko 42 metro koadro berdegune eta tradizio enogastronomiko aparta dituen hiri hau. Hona hemen Gasteizez gozatzeko zazpi txoko eta proposamen.
1. Andre Maria Zuriaren plaza
Lehen aldiz bazatoz edo hiria berriro ikusi nahi baduzu, ezin dezakezu erdialdeko plaza hau galdu, ezta plazak biltzen dituenak ere: Gasteizko Guduari egindako monumentua (gure historiako gertakari nazioartekoena), San Migel eliza, merkataritza- eta ostalaritza-lokalak... Eta selfie bat egiteko landare-eskultura!
Informazio gehiago Andre Maria Zuriaren Plazari buruz
2. Santa Maria Katedralerako bisita gidatuak
Bertako zaharberritze-lanak bisitatzen badituzu, tenpluaren txoko guzti-guztietatik ibili ahalko zara, zimenduetatik hasi eta dorreraino. Gainera, hiri osoaren panoramikarik onena eskaintzen du dorreak. Iparraldeko Donejakue Bidearen barrualdeko ibilbidearen testuinguruan, gizadiaren ondare izendatu zuten.
Informazio gehiago Santa Maria Katedralari buruz
3. Erdi Aroko hirigunea
Hiriak Erdi Aroko hirigunea dauka, eta Espainian hoberen kontserbatutakoen artean dago. Kaleen antolaketak almendra-itxura gordetzen du oraindik ere, eta, bertatik ibiliz gero, harresia eta tenplu gotiko nagusiak behatu, Bibat arkeologia- eta karta-museo bitxia bisitatu, edo horma-irudien ibilbidea egin ahalko dituzu.
Informazio gehiago Erdi Aroko Hiriguneari buruz
4. Hiri jasangarria
Parke handi batzuek eratzen duten Eraztun Berdeak inguratzen du hiria, eta, parkeen artean, Salburuako hezegunea eta bertako interpretazio-zentroa (Ataria) nabarmentzen dira. Gasteiz etorbidearen barrualdeko Eraztun Berdean, berriz, Europa Biltzar Jauregia dago, lorategi bertikala eta guzti. Eta aipamen berezia egin behar zaio Florida parkeari, 1820an sortu baitzen eta Europako Hiriburu Berdea nahiz mundu-mailako Hiri Berdea izendatutako hiri honen ikonoa izaten jarraitzen baitu.
Informazio gehiago hiriko naturari buruz
5. Berezko zaporedun enogastronomia
Pintxoei, plater tradizionalei eta proposamen sofistikatuei esker, hiria bisitatzeko funtsezko arrazoietako bat da tokiko gastronomia. Halaber, ezin ditzakegu albo batera utzi Arabako Errioxako ardoak eta Arabako txakolina, gozogintzan dugun tradizioa eta Azoka plaza, hiriaren bihotzean tokiko produktuak, tailerrak eta gastrotabernak biltzen dituen erreferentea.
Informazio gehiago enogastronomiari buruz
6. Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoa
Artista ugariren 3.000 artelanek eratzen dute Artiumen bilduma, eta Salvador Dali, Pablo Picasso, Joan Miro eta Eduardo Txillida bezalako izenak topa ditzakegu bertan. Hala ere, gaurko artisten lanak ere aurkituko ditugu; hala nola, Cristina Iglesiasenak, Elena del Riverorenak eta Miquel Barcelorenak. Zentro-museoak aldi baterako erakusketak ikusteko bisita gidatuak eta "nahierako" bestelako aukerak eskaintzen ditu.
Informazio gehiago Artiumi buruz
7. Kirola green hiriburuan
Hiria kirolerako egina dago, berdegune ugari eta instalazio-sare osoa dauzka-eta: padel-pistak, tenis-pistak, golf-zelaiak, izotz-pista... Bestalde, merezi du tokiko saskibaloi- edo futbol-taldeen partidak ikustera joatea, eta sekulako ideia da hiriko jaietan gure kulturako benetakoena bizitzea: zoaz herri kirolen erakustaldietara.
Informazio gehiago kirolari buruz
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.