SmartEnCity - Koroatzeko Plana - Auzorako galdara-gela kolektiboa

Koroatze auzoko SmartEnCity proiektuaren lan-lerroetako bat berokuntza-sare bat osatzea da. Energia zerbitzuen enpresa batek kudeatuko du sarea.

Beroa modu zentralizatuan sortu eta sarera lotuta dauden erabiltzaileei banatzeko sistemari esaten zaio hiriko berokuntza-sare. Banakako erabilera ahalbidetzen du eta basoko biomasaz elikatzen da.

Auzoaren aireko ikuspegia

Sistema hori aukeratu da, Europako estrategiekin koherentea delako eta Europar Batasunak teknologia eraginkorrak eta energia-iturri berriztagarriak erabiltzea eskatu duelako. Energia berriztagarrietan oinarritutako berokuntza-sistema kolektibo eraginkorrak erabiliz, nabarmen murrizten dira berotegi-efektuko gasen isutzeak.

Erregaitzat basoko biomasa (egurra) erabiltzea erabaki da, batetik ikuspegi ekonomikotik lehiakorrena delako eta, bestetik, tokiko baliabidea delako. Egurraren errekuntza beste energia-iturri batzuen errekuntzaren antzekoa da, baina berriztagarria eta jasangarria izatearen abantaila du. Gainera, ez zaio ezagutzen osasunaren kontrako eraginik eta auzoko airearen kalitatea hobetuko da, petrolioaren edo gas naturalaren eratorririk erreko ez delako. Airearen kalitatea bermatzeko elementu guztiak izango ditu galdara-gelak, tokiko eta Europako araudiek xedatutakoarekin bat.

Hiriko berokuntza-sarearen ezaugarriak

Aldabe gizarte-etxean egongo da galdara. Izango ditu: biomasako eta gas naturaleko galdarak eta siloa, bero bihurtuko den biomasa gordetzeko lekua.

Antzeko instalazioetan esperientzia duten teknikari gaituek gidatuko dute galdara-gela, eta azken belaunaldiko kontrol-sistema bat izango dute, zerbitzua bermatzeko.

Isolatutako hodien bidez banatuko da beroa, eta kaleetan lurperatuta egongo dira.

Zerbitzurako konexioa

Edozein jabekideen erkidegok dauka auzoko berokuntza-sistema zentralera konektatzeko aukera; baina, proiektuaren baldintzetan azaldu denez, ekimenarekin bat epearen barruan egin duten etxebizitzek soilik eskuratuko dute diru laguntza.

Birgaitutako eta sarera konektatutako etxebizitzen energia-kalifikazioa hobetu egingo da. Ondorioz, aukera izango dute ondasun higiezinen gaineko zergan (OHZn) % 50eko murrizketa eskatzeko. Halaber, etxeko segurtasunak ere hobera egingo du, etxeetan dauden tximiniak kenduko direlako.

Etxebizitza bakoitzak banakako faktura zenbateko finko bat eta erabiltzeagatiko kopuru bat ordainduko du gutxienez, auzoko berokuntza-sistema zentralera atxikita egoteagatik; zenbateko aldakorra etxebizitzaren kontsumoaren araberakoa izango da. Bizitzaren bat hutsik badago, zenbateko finkoa eta erabiltzeagatikoa ordainduko du, ez aldakorra, gaur egun uraren, argiaren edo gasaren gastuekin gertatzen den antzera.

Sistema berria merkeagoa izango da gaur egun auzoko etxeetan dauden sistema guztiak (gas naturaleko galdara zentrala, gas naturaleko galdara indibiduala, butano-galdara, erradiadore elektrikoak) baino. Kontuan hartu behar dugu etxebizitzen jabeek ez dutela ordaindu beharko egungo instalazioa mantentzeko gasturik eta etorkizunean berritzeko gasturik.

Zenbateko finkoa KPIaren arabera eguneratuko da; energiarena, berriz, biomasaren, elektrizitatearen eta gas naturalaren prezioaren arabera. Horrela, konektatutako etxebizitzei prezio egonkorragoa eta lehiakorragoa eskainiko zaie, erregai fosiletan oinarritutako energietan baino.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: