Amodio zuhaitza, Florida parkean

Amodio zuhaitza eta plaka oroigarria

Florida parkea, 1820an sortua, Gasteizko birika berde nagusietako bat da. Zalantzarik gabe, hiriaren sinboloetako bat da gaur egun parke hori, eta gasteiztarrek nahiz kanpotik etorritako bisitariek gogokoen duten txokoetako bat.

Garaiko lorategi erromantiko frantsesen estiloan diseinatu zen, bidexken labirinto-tankerako trazadurari esker azalera handiagoaren itxura eman zezan, bere espazio bitxiekin, hala nola haitzuloa, ur-jauzia, errekatxoa, musika-kioskoa, maiteminduen eserlekua...

2020ko uztailaren 30ean, Florida parkearen 200 urteurrena ospatzeko antolatutako ekintzen artean, balio historiko, ondare-balio eta balio sozial handiko espazio horren bigarren mendeurrena ospatzeko, amodio zuhaitza berreskuratu zen.

Amodio zuhaitzaren historia

1930eko hamarkadaren erdialdean, Florida parkean zegoen zuhaitz mitiko bat desagertu zen. ‘Maitasunaren pinu’ edo ‘amodio zuhaitz’ esan ohi zitzaion, eta oraintsu arte burdinurtuzko iturri bitxi bat izan den parke erromantikoko errotonda txiki erdi-ezkutuan —‘Maitasunaren txokoa’ deitzen zitzaion— zegoen.

1887rako —baita, segur aski, lehenagotik ere—, ospea irabazia zuen zuhaitz horrek: senargaia edo andregaia bilatzen laguntzen omen zuen, San Antoniorekin berarekin lehia bizian.

Nahikoa omen zen, horretarako, zuhaitza zazpi bider inguratzea. Aldiko harritxo bat bota behar zela esaten zuenik ere bazen. Nolanahi delarik ere, bikote ugari joaten ziren bertara, laztan eta losintxa artean.

Katedral berriko obrek jarriko zuten galbidean zuhaitz sendo hura. Izan ere, absidea eraikitzeko asmoz, 33 metroko garabi luze bat instalatu zen 1910ean, eta hiru kable sendorekin lotu. Eta, hain zuzen ere, ‘amodio zuhaitzari’ lotu zitzaion horietako bat.

Katedral berriko obrak 1914ko martxoaren 10ean bertan behera utzi baziren ere —jarraitzeko dirurik ez zegoela eta—, garabi handi hura ez zen kendu 1931ra arte. Antza denez, zuhaitza hazi ahala, enborrean barneratuta geratzen joan zen inguratzen zuen altzairuzko lokailua, harik eta zuhaitza ihartu zen arte.

Hitz hauekin azaldu zuen Julian Echeniquek gertakaria, 1945ean: “haragiaz gogaituta, fraide sartu zen, edo Elizari eman bere burua —gauza bera, azken finean—, eta hari eusteagatik, hil zen martirio geldo azkengabean”.

Askoz prosaikoagoa da benetan gertatu zena. Izan ere, 1937ko martxoaren 23ko Pensamiento Alavés egunkarian argitaratu zenez, zaharrek ‘maiteminduen zuhaitza’ esaten zioten pinua eroria agertu zen, lau zatitan ebakia; antza denez, beste zuhaitz bat gainera erori eta puskatua baitzuen.

Cercis Siliquastrumaren ekologia

Amodio zuhaitza

Cercis Siliquastruma zuhaitz hostoerorkor txikia, 6-12 metroko garaierakoa. Azal leuneko enborra du, urteekin ilunkara bihurtzen dena. Adaburu irregularra, irekia, eguzkitako-tankerako, adar bihurriekin.

Mediterraneo ekialdeko eskualdean du jatorria, Krimea eta Pertsiara arteko eremuan. Iberiar penintsulan basa-zuhaitz gisa aurki daiteke, baina oso bakan.

Hotza jasaten du, -10 °C arte, baina ez izozte luzeak. Ondo eramaten du lehortea; ez, ordea, lurreko ur bildua.

Hostoak berde argiak izaten ditu, 6-10 cm-ko luzerakoak, eta bihotz-formakoak.

Lore koloretsu ugari ematen ditu udaberri hasieran. Lehortzen direlarik, luzaroan irauten dute zuhaitzean. Adar fin nahiz lodietan ateratzen dira, baita enborrean ere. 1,5 cm inguruko tamaina izan ohi dute, eta bala jorietan bilduta egon ohi dira. Arrosa- edo purpura-koloreko petaloak izaten dituzte.

Leka luzeak ditu fruitu. Negu osoan egoten dira zuhaitzetik zintzilik.

Bisitak eta Florida parkeari buruzko informazio gehiago

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.