Abian dira Salbururako tranbiaren obrak

2020ko ekainaren 26an

Topografiako lehen neurketak hasi dira egiten eta zein zerbitzuri eragingo dioten lanek egiaztatzen, lekuan bertan.

Alkateak iragarri du gaur bertan egingo direla luzapen handinahi horren lehen lanak: hasierako neurketak eta zein zerbitzuri eregiten dien egiaztatzea

Garraio publikoa, auzoetako inbertsioak, superetxadiak eta proiektu estrategikoak dira Agenda Gasteiztarraren ardatz garrantzitsuenetako bat: mugikortasuna

Gorka Urtaran audioa

Garraio publikorako azpiegitura berriak, auzoetako inbertsioak, superetxadien garapena, proiektu estrategikoak… Horiexek dira Urtaranen gobernuak sustatuko Agenda Gasteiztarrak jasotzen dituen ekimen nabarmengarrienetako batzuk, Gasteiz eraldatuko duten proiektu nagusietako batzuk, hiria mugikortasun iraunkor, osasungarri eta seguruaren abangoardian jarriko dutenak.

Salbururako tranbiaren obrak, esate baterako, gaur bertan hasiko dira. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean udal politikari buruzko eztabaida orokorrean iragarri duenez, zuinketa-akta sinatuta dago, eta gaur hasiko dira topografiako lehen neurketak egiten, eta zein zerbitzuri eragingo dioten lanek egiaztatzen, lekuan bertan. Tren arina Gasteizko auzo horretara luzatzeak 37.000 pertsonari baino gehiagori emango die zerbitzu. Agintaldi honetako inbertsio nagusietako bat da, eta erdialdea Judimendi, Santa Luzia eta Salburua auzoekin lotzeko balioko du, era eraginkor eta iraunkorrean. Bideak 2,5 kilometrotik gora izango du eta bost geltoki berri: Santa Luzia, Iliada, Nicosia, Batasuna eta Salburua. Lanak gauzatzeko epea 24 hilekoa da, eta Tecsa-Altuna eta Uria aldi baterako enpresa-elkartea arduratuko da horietaz.

Adar berriak eraikitzeko 15,5 milioi euroko inbertsioa egingo da. Eusko Trenbide Sareak (ETS) zuzenduko ditu lanak, eta Udalaz gain, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak finantzatuko dute. Lanak abian jartzea “zalantzarik gabe, albiste ona da Salburuko bizilagunentzat eta tranbiaren ibilbidean bizi edo ibiltzen diren pertsona guztientzat“, alkatearen ustez. Zabalganeko tranbiaren informazio-azterlanak, bestetik, bere bidea jarraitzen du eta arazorik gabe doa aurrera.

Tranbia Salburura luzatzeko lanen hasiera ez da izan Gasteizko alkateak mugikortasunari buruzko atalean iragarri duen gauza bakarra. Izan ere, mugikortasuna da Agenda Gasteiztarraren ardatz nagusietako bat. Horrekin lotuta, alkateak gogorarazi du BEA ezartzeko lanak ere aurrera doazela, zeinak ahalbidetu baitu mugikortasuna hobetzea, bizikleta-bideak handitzea eta hiriko kaleak hobetzea, asfalto berria jarrita. Alkateak azaldu du une honetan zenbait lekutan ari direla lanean: Mendizorrotza, AUOren eta Euskalerriko Bulebarraren inguruan, Zaramaga kalean —Boulevard merkararitza gunearen parean—, Jacinto Benavente kalean eta Esmaltazioen inguruan. Gainera, Gorka Urtaranek esan duenez, oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide berri bat egitea aurreikusi da Euskal Herria bulebarrean, eta nasak eraikiko dira Juan de Garai, Aragoi/Egoitza, Zumakadi 29/76 eta Fontetxako Gaztelua/Gaztelako atea geltokietan.

Tranbiaren eta BEAren esku-hartzeek agintaldiko helburua lortzea ahalbidetuko digute, alegia, egiten diren joan-etorrien % 50 garraio publiko elektrifikatuan izatea“, amaitu du alkateak.

Erdialdean eta Judimendin hasiko da superetxadiak sortzen

Azken asteetan, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak ahalegin berezia egin du superetxadiak garatzen. Ekimen horrek Gasteizko hiri paisaia aldatuko du datozen hilabeteetan. Orain Gasteiz planak 88 kaletan esku hartzea aurreikusten du, hau da, Mugikortasun Planean identifikatutako superetxadien % 30ean. Gaur alkateak aurreratu duenaren arabera, San Antonio kalean eta Tornay Medikuaren plaza berriaren inguruan (Judimendi) ekingo zaie lan horiek. San Antonio kaleko galtzadan, gainera, esku-hartze artistiko deigarria egiteko asmoa du Udalak, espazio hori oinezkoek lehentasuna duten espazio partekatua dela adierazteko.

Latinoamerika lurperatzeko eraikuntza-proiektua, uztaila eta iraila bitartean

Udal politikari buruzko eztabaida orokorrean alkateak eman duen hitzaldian mugikortasunari eskainitako atalean aipatutako munta handiko beste proiektu bat Latinoamerika biribilgunekoa da. Biribilgune horretan esku hartzeko eta behin betiko konponbidea emateko eraikuntza-proiektua uztaila eta iraila bitartean aurkeztuko da. Eusko Jaurlaritzak landuko du agiria, ETSren bitartez, Udalak eta Lakuako gobernuak Latinoamerikako biribilguneari eta BEAren kotxetegiei buruzko azterlanak egiteko sinatu duten hitzarmenaren bitartez.

Bizikletentzako bideetan 165 kilometro eta bizikleta-aparkaleku gehiago

Bizikleta da Gasteizen mugikortasun osasuntsu, iraunkor eta segurua eraikitzeko beste zutabeetako bat. Alkateak gogorarazi du Gasteizko bizikletentzako bideek 165 kilometrotik gora egiten dutela guztira, sarea beste 10 kilometrotan luzatzeko lanak egin edo lizitatu diren honetan, eta ahalegin handia egiten ari dela bizikleta-aparkaleku gehiago instalatzeko. Azken hilabeteetan bizikletak lotzeko 676 euskarri gehiago ipini dura (beraz, 1.352 leku gehiago), eta orain beste 535 ipiniko dira (1.070 leku). Gainera, datozen asteetan onetsiko da bizikleta-aparkaleku seguruari buruzko ordenantzaren proiektua zeinaren xedea bi erabilera-mota arautzea izango baita.

Mugikortasunari buruzko ordenantza

Udararen ostean onetsiko da baita mugikortasunari buruzko ordenantza aldatu eta eguneratzeko proiektua, zeinaren bidez arautuko baitira, esaterako, patinete elektrikoak (mugikortasun pertsonaleko ibilgailu), zigor-erregimen berri bat, eta hirian abiadura “superetxadien” eredura egokitzeko sistema.

Proiektu estrategikoak

Goirka urtaranek mintzagai izan ditu baita logistikaren eta kanpo-loturen alorrean hiriaren etorkizunerako estrategikoak diren zenbait proiektu, esaterako Abiadura Handiko Trena eta hura lurperatzea, Forondako aireportua sustatzea eta Jundizeko plataforma intermodalaren garapena. Ekimen horiek guztiak erritmo onean ari dira garatzen.

Debate orokorrari buruzko alkatearen diskurtsoa

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: