Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ostatu-erabilera tertziarioa (turismo erabilerarako etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logelak) arautzearekin lotuta egin nahi den egiturazko xedapen-aldaketa bati buruzko aurretiko kontsulta publikoa

Noiz: 2018ko otsailaren 28ra arte

Nola: Posta elektronikoaren bitartez

2018ko otsailaren 2an hartutako erabakiaren pdf bidez hasi zen aldakuntza tramitatzen, eta Herritarrek Parte-hartzeko Programan pdf aurreikusten denaren arabera, kontsulta publikoa ireki zen hala nahi zuten herritarrek, antolakundeek eta elkarteek iritziak eta ekarpenak egiterik izan zezaten ondoren azaltzen diren alderdiei buruz.

a) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak

Azken urteetan, gure hirian -inguruko hiri askotan, Espainian eta mundu osoan bezala- nabarmen hazi da turismo erabilerarako etxebizitzen eskaera, baita eskaintza ere. Askotan, eskaintza irregularra da hirigintzaren ikuspuntutik.

Bi gertaerak eragin dute aipatutako hazkundea: hiri jakin batzuen turismo erakarmen handia, eta turismo erabilerarako etxebizitzen eskaeraren eta eskaintzaren arteko kontaktua izugarri errazten duten plataforma digitalen agerpena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Turismoaren13/2016 Legeak, uztailaren 28koak, erabilera turistikoko etxebizitzak arautzen ditu 53. artikuluan, eta etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logeletako ostatua, 54.ean. Horixe da aplikatu beharreko arau sektoriala, zeinak erregelamendu bidezko garapena aurreikusten baitu; azken hori orain izapidetzen ari da.

Arau sektorial horrek, jakina, Udalak hirigintzaren alorrean dituen eskumenak errespetatzen ditu, eta horien arabera, Udalak badu lurzoruaren eta eraikinen erabilera arautzeko ahalmena eta betebeharra.

Gaur egun, 2003ko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) arautzen ditu alderdi horiek oro har.

Hala ere, turismo erabilerarako etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logeletako ostatua ez daude berariaz aurreikusita HAPOan. Dena dela, ostatu-erabilera tertziarioarekin parekatutako erabilera dela uste da eta, beraz, HAPOak etxebizitza-bizitegi erabileratik ostatu-erabilera tertziariora aldatzeko ezartzen dituen mugak aplikatu behar zaizkio.

Hori dela eta, HAPOak debekatu egiten duenez apartamentu turistikoen edo antzekoen figura Gasteizko udalerrian, eta erabilera turistikorako etxebizitzak apartamentu turistikoen eta hotel-apartamentuen parekoak direnez -gutxienez logela, bainugela edo komuna, egongela-jangela eta sukaldea duten ostatu-unitateak baitira-, HAPOak erabilera turistikorako etxebizitzak ere debekatzen dituela ulertzen da.

HAPOak, ordea, ostatu-erabilera baimentzen du etxebizitza kolektiboko eraikinetako goiko solairuetan, baldin eta titularraren bizileku iraunkorrarekin lotua badago eta horren azaleraren erdia baino gehiago okupatzen ez badu, gehienez ere 75 m2 erabilgarri. Horrenbestez, etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logeletako ostatua baimentzen du, baldintza beretan.

Erabilera turistiko horiek ezaugarri bereziak dituztenez, ostatu-erabileraren barruan berariazko tratamendua izan lezaketela uste da, hirigintzarekin eta ingurumenarekin lotutako interes publikoak era orekatu eta proportzionalean errespetatu eta aldi berean jarduera ekonomiko horren garapen egokia ahalbidetzearren. Era berean, fenomeno horren arautzeari ahalik eta segurtasun juridiko handiena eman behar zaiola uste da.

b) Onestea beharrezko eta egoki den

Aurretik azaldutako testuinguruan, udal gobernuak beharrezkotzat eta egokitzat jotzen du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren xedapen-aldaketa bat izapidetu eta onestea, erabilera turistikorako etxebizitzak berariaz mugatu eta arautuko dituena, bi modalitatetan: etxebizitza osoa eta logeletako ostatatze turistikoa.

Hainbat arrazoi dago hori egiteko: jabeek interes handia dutela egiaztatu da; Espainiako eta Europako beste hiri askotan gertatzen ari den turismo eskaera garrantzitsuari eta gero eta handiagoari erantzuten dio; kanpotarrek hirira dakarten aberastasun ekonomikoa handitzen lagundu dezake, eta hiriko eraikinen erabilera intentsiboa ahalbidetzen du. Fenomeno horrek garrantzi handia har dezake hirian, beraz, beharrezkoa eta egokia da berariaz arautzea.

Jarduera ekonomiko hori tartean dauden interesak errespetatuz eta kontuan hartuz arautu behar da, une oro hirigintzaren eta ingurumenaren alorretan garatu eta babestu beharreko interes publikoak, Udalari dagozkionak, aintzat hartuta, besteak beste: lurraldearen erabilerak egoki esleitzea, jabetza zein alokairu erregimeneko etxebizitzen politikak garatzea, eta herritarrek beren etxebizitzak erabiltzeko dituzten baldintzetan eragitea.

c) Arauaren helburuak

Aipatu den bezala, aldakuntzaren helburua da turismo erabilerarako etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logeletako ostatua berariaz arautzea, hirigintzaren ikuspegitik, eta zehaztea zein baldintzatan ezar daitezkeen erabilera horiek hiriko eraikinetan.

d) Posible diren konponbide alternatiboak, dela arauak bitarteko, dela halakorik gabe

Berariaz arautuko ez balitz

Udalak hirigintza-arauetan ezarritako mugak aplikatzen jarraituko luke, eta hirigintza ahalmenak baliatzen jarraituko: hirigintza legezkotasuna lehengoratzeko ahalmena eta zigortzeko ahalmena. Horrek tentsio eta judizializazio handia eragingo luke, ezarri nahi den jarduera ekonomikoaren intentsitatea eta irregulartasunak kontrolatu eta zuzentzeko zailtasuna kontuan izanik.

Arautzeko aukerak

Berariaz etxebizitzen erabilera turistikoa arautzeko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren xedapen-aldaketa bat landu, tramitatu eta onesteak turismo araudi sektorialean aurreikusitako jarduera ekonomiko horren garapen neurtu eta orekatua bideratuko luke, eta segurtasun juridiko handiagoa emango luke.

Aldaketa onesteko beharraz eta egokitasunaz erabaki ondoren, arautzeko aukerek zerikusia izango dute hiriko etxebizitzetan erabilera turistikoa ezartzeko baldintza zehatzekin:

  1. Hiria zonatan banatzea, eta erabilera horrek zein alderditan izango duen tratamendu bereizia zehaztea.
  2. Bizitegi-eraikinetan erabilera turistikorako etxebizitzen eta etxebizitza partikularretan erabilera turistikorako logelen gehieneko kopurua mugatzea.
  3. Bizitegi-eraikinetan erabilera turistikorako etxebizitzak eta etxebizitza partikularretan erabilera turistikorako logelak kokatzeko baldintza hau ezartzea: bizitegi-erabilera duten etxebizitzekin komunikazio-gunea partekatzen dutenean, solairu bakarrean -bizitegi-erabilera dutenetako baxuenean- jartzea.
  4. Erabilera turistikorako etxebizitzak eta/edo etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logelak bizitegi-erabilerarekin parekatzea.
  5. Apartamentu turistikoen edo antzekoen debekua kentzea, eta horiek baimentzea, turismo-ostaturako gainerako establezimenduen baldintza beretan: eraikin baten barruan badaude, komunikazio bertikal independenteak izan behar dituzte, edo eraikin osoak hartu; kasu batean zein bestean, ez da ostatu-unitaterik onartuko beheko solairuan, bakarrik harrera-lekua eta zerbitzu komunak jarri baitaitezke.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.