VI. eta VII. Itun Berdea Sariak ingurumen jarduera egokientzako

Itun berdea

Ingurumen-jardunbide egokientzako sari honen bitartez, ekimenari atxikitako enpresek beren jardueren ingurumen-inpaktua murrizteko eta ingurunearekiko harremanak hobetzeko martxan jarri dituzten jardunbiderik onenen balioa aitortu nahi diogu.

Itun Berdeko Enpresen Topaketaren barruan —azaroaren 18an egin zen, Maria de Maeztu auditoriumean— VI. eta VII. edizioetako Itun Berdea sariak banatu dira. Horien bitartez, enpresek beren jardueren ingurumen-inpaktua murrizteko eta ingurunearekiko harremanak hobetzeko martxan jarri dituzten jardunbideak aitortu nahi dira.

2020ko saritutako enpresak

Gasteizko 23 enpresak 27 jardunbide egoki aurkeztu zituzten sarietara.

1. Mikroenpresen kategoria

Mikroenpresa kategorian, Ideolab enpresak jaso du aitorpena, bere EcoBranding proposamenarengatik, zehazki, kasu praktiko bat saritu da: Añanako Gatz Harana fundazioarentzat sortu duen Iturburuko Gatzaren paketea; proiektu berritzailea da hori, eta erreplikatzeko ahalmen handia duena. Praktika horrek ekoizpen-prozesuen eraginkortasunari laguntzen dio, eta kontsumo arduratsurako informazioa ematen du. Era berean, ontziaren birziklagarritasuna hobetzen du.

Izan ere, ekodiseinu-tekniken bidez, azken produktuaren karbono-aztarna murriztea lortu da, eta ekodiseinatutako paketearen bizia luzatzea.

www.ideolab.com

2. Enpresa txikien kategoria

Enpresa txikien kategoriako Itun Berdea saria Nabla Wind Power enpresak eskuratu du. Enpresa hori parke eolikoen bizitza baliagarria luzatzen espezializatu da, parke horiek berriz garatuz; gainera, nazioarteko patente bat du.

Haize-sorgailuen osagai handien kargak eta neke metatua kalkulatuz eta diagnostikatuz, jatorri garbiko ekoizpen elektrikoaren urteak luzatzeko egutegiak proiektatzeko gai da, parkea abian jartzeak eta desegiteak eragiten duen ingurumen-aztarna isurketarik gabeko 40 urteko ekoizpen-oinarrian banatuta gera dadin, 20 urteko oinarrian izan ordez. Izan ere, erabilera-fasea hedatzeak instalatutako eta kendutako MW bakoitzaren karbono-aztarna % 50eraino murrizten laguntzen du.

Hartara, enpresak ingurunearekiko errespetu eta integrazio handiagoaren alde egiten du.

www.nablawindpower.com(Beste leiho batean irekiko da)

3. Enpresa ertain eta handia

Enpresa ertain eta handien kategoriari dagokionez, Orona–Electra Vitoria izan da irabazlea, igogailu baten ekodiseinuarengatik.

Diseinuan aplikatutako hobekuntzen artean produktuaren osagaien birziklagarritasuna, bilgarriaren optimizazioa, piezen estandarizazioa eta abar ditugu.

Kasu praktiko gisa, bi sistema aurkeztu dira, energia birsortzeko eta kontsumo txikiko eragintzak egokitzeko. Lortutako emaitzen artean nabarmentzen dira kontsumitutako energiaren % 45eraino sarera itzultzea eta makinak % 89tik gorako eraginkortasuna izatea. Era berean, kontsumitutako materialak murriztu eta optimizatu dira, eta materialetan ingurumen-inpaktua ia % 30 murriztea lortu da.

www.electra-vitoria.com(Beste leiho batean irekiko da)

2021eko saritutako enpresak

Gasteizko 22 enpresak 25 jardunbide egoki aurkeztu zituzten sarietara.

1. Mikroenpresen kategoria

Mikroenpresen kategorian, Huerta La Esmeralda-k eraman du Itun Berdea saria. Izan ere, Gamarrako Ostalaritza Eskolan baratze ekologiko biointentsiboa diseinatzen, gauzatzen eta abian jartzen lagundu du, eta helburu hauek lortu, besteak beste:

  • Ikasleak informatzea beren etorkizuneko jatetxe-proiektuetan laborantza-espazio bat txertatzeko eta biziz eta zaporez betetako jakitoki bat izateko aukerez.
  • Tokiko eta sasoiko produktuen erabileraz sentsibilizatzea eta inguruneko biodibertsitatea handitzea.
  • Lurzoruaren mikrobiologia hobetzea, higadura eragozteko eta ureztatzean ur-kontsumoa murrizteko.
  • Karbonoa harrapatzen laguntzea, klima-aldaketaren migrazioan lagunduz.

2. Enpresa txikien kategoria

Enpresa txikien kategorian, SITECO (Sistemas Técnicos de Cobro S.L.) enpresak eskuratu du Itun Berdea saria, birmanufaktura eta birmoldatze proiektu baten bidez; 25 urtetik gorako ibilbidea duen enpresa baten negozio-ereduan aldaketa handia eragin du horrek.

Lan egiteko modu berri hori birmanufakturan oinarritzen da, eta makina jasotzetik eta berrerabili ezin diren piezak birziklatzetik hasi eta horren konfigurazio teknologiko berriraino; hartara, hasierako prestazioak berreskuratu ez ezik horiek hobetu egiten dira.

Negozio-eredu zirkular baten aldeko apustu irmoa da, bestela hondakin bihurtuko liratekeen baliabideak berrerabiltzen baitira, eta industria-eremuan berreskuratzearen eta berrerabiltzearen inguruko kontzientzia sortzen baita.

www.sitecosl.net(Beste leiho batean irekiko da)

3. Enpresa ertain eta handia

Enpresa ertain eta handien kategorian, azkenik, Zayer enpresa izan da irabazlea, SCOT (optimizazio termikoa duten sistemak) proiektuarekin; horri esker, enpresak bere makina-eredu salduenetako baten bizi-zikloan ingurumen-inpaktua nabarmen murriztea lortu du, ekodiseinuaren bidez.

Hala, baliatutako soluzioen bizi-zikloaren azterketa (BZA) konparatibo baten bitartez, zenbait ingurumen-hobekuntza identifikatzea lortu da, esaterako, CO2ren eta konposatu organiko lurrunkorren emisioak eta energia-kontsumoa murriztea.

Horrela, Zayer enpresak egindako ahalegina aitortzen da, ingurumen-irizpideek produktua hobetzeko estrategia berriak modu eraginkorrean bultzatzen dutela erakusten baitu.

Topaketan, halaber, sei akzesit eman dira (Andrómeda Top Sport, Vulcanizados Algor, Aratubo, La Jabonería Almendra, Taller de Pinchos y Tapas (La Cocina de Senén) eta Herdit) eta bi aipamen berezi (Euskal Herriko Unibertsitatearentzat eta Arabako Teknologia Parkearentzat)

Argazki galeria

https://www.flickr.com/photos/vgturismo/sets/72157720247542620(Beste leiho batean irekiko da)

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.