Udalaren "Kafe makina" aldizkarian Animaliak Babesteko Zentroari buruz argitaratutako albistea - 2005eko azaroa

Animalia galdu eta abandonatuak jasotzeko leku gisa 1983tik aritzen zen arren, 1989raino ez zituen udalak bere gain hartuko zentroko instalazio eta animaliak. Ordutik hona errotik aldatu da zentroa: hasiera batean animaliek batere eskubiderik ez zuten lekua izatetik, harrera egiteko gune bihurtu da, hau da, jaberik gabeko animaliei berezko eskubideak aitortzen zaizkien lekua.

Zentroan 3 lanbide laguntzailek, mantentze lanetarako ofizial batek eta albaitari batek egiten dugun lan. Animalia galdu, abandonatu eta zaurituak bide publikoan premiaz jasotzeko 24 orduko zerbitzua eskaintzen dugu. Horretarako, estu-estu dihardugu lanean 092, 112 eta 010 telefonoekin, bai eta Trebiñuko Konderriko Guardia Zibilarekin; hartara, Araba oso (Gasteiz barne, jakina) eta Trebiñuko Konderria hartzen dugu lan-eremu gisa.

Animaliak Babesteko Zentroaren eguneroko zeregin nagusiak animaliak jaso, eta instalazioak garbitu, desinfektatu eta intsektuak desagerraraztea dira; urteko 365 egunetan aritzen gara lan horietan. Zentroan sartu aurretik, animaliei kontrol zorrotza egiten zaie, desinfektatu, bizkarroiak kendu eta txertoak jartzeko. Gero leku bat emango zaie, betiere sexuaren, tamainaren eta beste animaliekiko duten jarreraren arabera.

BA AL DAKIZUE ZENBAT ANIMALIA HARTZEN DUGUN URTERO? Bada, 1.500 txakur eta 400 katu baino gehiago, baita usu eta bestelako espezie batzuetako aletan (oreinak, dortokak, zatak, zaldiak, zikoinak, suge koralak, etab.) beste 2.000 bainio gehiago. Ba al dakizue noiz gogoratzen den jendea gutaz?; bada, animaliaren batekin arazorik dutenean, orduantxe! Tarteka, kezka bat bururatzen zaigu, alegia, nola ikusten ote gaituzten bestelako zereginetan diharduten udaleko gure lankideek. Nola ikusten gaituzten eta...., tira, egiazki nolakoak garen!

Batzuetan, gu aipatzeko jendeak "txakurtegikoak" hitza darabilenean, guri buruzko ikuspegi negatiboa nagusitu dela iruditzen zaigu, leku ilun, beltz, hits eta triste batekin lotzen gaituztela, burdina-hesiz beteriko leku zikin eta usain txarreko batekin, baita heriotza-leku batekin ere. Baina errealitatea oso bestelakoa da: aspaldi bihurtu zen behinolako txakurtegia animaliak babesteko zentro, non heriotza bizi bihurtu den, non pixkanaka gero eta baliabide eta bitarteko on eta egokiagoak ditugun. Egunetik egunera gizarte molde berrira egokitzen ari gara, gurekin bizi diren eta inguratzen gaituzten animaliekiko gero eta gehiago kezkatzen den eta, zorionez, berak ere gure eguneroko lanean gero eta gehiago eskatzen digun gizartearen moldera.

Argi eta garbi, Animaliak Babesteko Zentroan lan egiteko era guztietako animaliak gustatu behar zaizkizu, begi bistakoa da hori, nolabaiteko sentiberatasun berezia, pazientzia eta, jakina, gorputza eta arima eskatzen dituen lana da. Gurekin egon beharreko denboran zehar animaliek ahalik eta eroso eta atseginen egon daitezen saiatzen gara. Egia esan, animaliek itzuli egiten gaituzte eskaintzen dieguna; beraz, benetan zorioneko sentitzen gara hemen lanean.

Alabaina, gure lanak baita ALDE EZ HAIN ATSEGINAK: batzuetan animalia jasotzea zail edo arriskutsua bihurtzen da, dela jarrera agresiboa duelako, dela lekuaren ezaugarriengatik. Behin baino gehiagotan ezinezkoa iruditzen zaizkigun egoerei egin behar izaten diegu aurre; behin dena amaitu denean, lankideekin komentatzen dugu, eta barre artean lasaitzen gara.

Gainera indarrean dagoen araudia ezagutu behar dugu, animalien jabeei beren betebeharrei eta animalien eskubideei buruzko informazio zuzen emateko.

Izan ere, Animaliak Babesteko Zentroan animaliei eragindako tratu txarrak eta utzikeriazko egoerak jazartzen ditugu Udaltzaingoko Ingurumen Taldearen laguntzarekin.

Gaur egun, teknologia informatiko eta logistiko berriei esker, estatuko eta Europa guztiko animaliak babesteko elkarteekin egiten dugu lan -bereziki A.P.A. SOS Vitoria(Beste leiho batean irekiko da) elkartearekin-, animaliei aurrerantzean leku egonkorra bilatu asmoz..

Hobeto ezagutu nahi bagaituzue, edo laguntza zuzena eman nahi badiguzue, jar zaitezte harremanetan gurekin www.vitoriagasteiz.org/cpa(Beste leiho batean irekiko da) web-orriaren bidez.

Agur esateko unera iritsita, gauza bat opa dizuet: zuen lana edozein delarik ere, eguneko jarduna amaitzean nireak uzten didan bezain zapore gozoa utz diezazuen.

Javier Sanz Bravo. Animaliak Babesteko Zentroa

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.