Gizarte-baliabideak - Iruzur fiskalaren kontrako borrokaren protokoloa

2015eko azaroaren 18an jarri zuen martxan gizarte-baliabideak kudeatu eta kontrolatzeko protokoloa, nahiz eta 2005eko maiatzeko Gizarte-prestazio ekonomikoetako iruzurraren kontra borrokatzeko protokoloaren luzapena eta eguneratzea den.

Baliabide publikoen kudeaketa egokirako balio du protokolo horrek, eta orobat administrazio-lana bizkortzeko, erabiltzaileek administrazio publikoak lehendik duen dokumentazioa aurkeztu beharrik ez izateko eta, gainera, iruzurra eragozteko.

Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Sailaren eskumeneko gizarte-prestazioak tramitatu eta kudeatzeko prozesuan aplikatuko da protokoloa.

Gizarte Politiken Sailak, gizarte-prestazioak tramitatzeaz arduratzen den aldetik, protokoloa aplikatzen du, eta inplikatutako gainerako udal sailen laguntza jasotzen du, baliabide publikoak, gizarte-prestazioak kasu honetan, hobeto kudeatze aldera.

Iruzurra

Prestazio sozial ekonomikoen alorreko iruzurra hiru unetan gerta daiteke:

  • Tramitatzean: laguntza ukatzea ekar lezake, edo proposamena benetako datuetara egokitzea.
  • Laguntza indarrean den bitartean: laguntza bertan behera uztea ekar lezake, edo benetako egoerara egokitzeko aldatzea.
  • Laguntzaren indarraldia bukatu ondoren, gastua justifikatzeko orduan. Hauek dira justifikatu behar diren laguntzak: etxebizitzarekin edo haren oinarrizko ekipamenduarekin zerikusia duten gastuetarako, jantzi eta oinetakoetarako eta osasun-gastuetarako ematen direnak. Behar bezala justifikatu ez direlako ez ezik, beste zenbait baldintza ez betetzeagatik ere erreklamatzen dira laguntzak, indarraldia bukatu ondoren.

Hauek dira laguntzak ukatzea edo bertan behera uztea dakarten arrazoiak, iruzurtzat jotzen direnak:

- Aldaketak ez komunikatzea.

- Inklusio-hitzarmenari uko egitea edo ez betetzea, egoera sozialean, familiarenean, lanekoan edo ekonomikoan izandako aldaketak ez komunikatzeagatik.

- Datuak ezkutatzea.

- Prestazioa zein etxebizitzatarako eskatzen den, bertan ez bizitzea.

- Legezkotasunera egokitzen ez den alokairu-kontratua -babes ofizialeko etxebizitza tasatua Eusko Jaurlaritzaren baimenik gabe alokatu edo laga delako, edo maizterra edo alokairu-kidea etxebizitzan bizi ez delako-.

- Prestazioa zehaztutako helburura ez bideratzea.

- Nortasun-ordezteak.

- Agiriak faltsutzea.

Arrazoi horiei gehitu behar zaie laguntza justifikagarriak ez justifikatzea gastuak egiaztatzen dituzten ordainagiriak aurkeztean. Kasu horretan, nahiz eta hasieran laguntzak jasotzeko betebeharrak bete, ez da bete gastuak justifikatzeko obligazioa, eta, horregatik, gizarte baliabideen iruzurrezko erabileratzat jotzen da.

2015. eta 2017. urteen artean egindako ekintzak

2015eko azaroaz geroztik, ugari izan dira martxan jarri diren neurri zehatzak, azken urteetan egiten ziren guztiez gain -behar bezala jasota daude protokoloan-.

Hauek dira neurrietako batzuk:

  • Kontsultak egiteko aukerak hobetzea administrazio-langile guztiei, diru-bilketa betearazleko ordainagiriak kontsultatu ahal izateko, Ogasun Sailak eskatzen baitu zorra ordaintzeko.
  • Datuak trukatzeko fitxategietan diruzkoak ez diren elikadura-prestazioak gehitzea, beste administrazio publiko batzuek lagatako erabiltzaile horien datuak ere eskuratzeko.
  • Dosierra tramitatzeko beharreko diren pertsonaren datu guztiak jasoko dituen aplikazio informatikoa garatzea -datu pertsonalak, Gizarte Segurantza, ogasuna...-.
  • Ekonomikoak ez diren prestazioak gehitzea -jantokia eta diruzkoak ez diren elikadura-prestazioak- laguntzen ziurtagiri eta egiaztagirietan.
  • Internetarako sarbidea administrazio-langileengana zabaltzea, kontsultatu beharreko webguneetara sarbidea izan dezaten.
  • Alokairuaren ordainketa banku-helbideratzearen bitartez egiaztatzea, eta legean aurreikusitako bestelako moduak baliatuz eginez gero, ordainagiriak entregatzea, argi ageri direlarik filiazioa, data eta sinadura.
  • Lanbiderekiko koordinazioa hobetzea:
    1. Sailen arteko lantalde bat eratzea, Lanbiderekiko koordinazioan gertatzen diren disfuntzioak aztertzeko.
    2. Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Saileko eta Lanbideko zuzendaritzen arteko bilerak, zeinen haritik erabaki zehatzak hartu baitira:
      1. Bi erakundeen arteko koordinazio-bide eta -figurak ezartzea.
      2. DBE edo EPOren aurrerakin gisa jasotako udal prestazioen zorra kitatzeko atzerapenak zuzenean Udalari ordaintzea.
      3. DBE eta EPO ebazteko epeen jarraipena.
  • Etxebiderekiko interoperatibotasun-zerbitzua zabaltzea. Bizikidetza-unitateko kideen kopuruari buruzko informazioa sartu da, familia-osaera gure datuekin alderatzeko, eta bajaren data eta arrazoiak gehitu dira.
  • Lanbiderekiko interoperatibotasuna zabaltzea.
  • Entitate laguntzaileetatik jasotzen diren datuen artean gehitu da Gurutze Gorriak pobrezia energetikoari aurre egiteko ematen duen laguntza.
  • Optikoen Elkargoak informazioa ematen du, eta begi-protesietarako laguntzen zenbatekoak doitzeko baliatzen da.
  • Laguntzak justifikatzeko egutegia: laguntzak kudeatzeko aplikazioan programa bat gehitu da, justifikatu behar diren laguntzei dagozkien ordainagiriak erregistratzeko -alokairua, mantentzea, amortizazioa, protesia...-.

Protokoloa hobetzeko lana etengabea da, eta emaitzak oso onak, baliabideak kontrolatu eta kudeatzeari dagokionez, irisgarritasuna hobetzeari, hots, tramitazioa errazteari dagokionez eta, azken batean, gizarte-zerbitzuetan hartzen diren pertsonei ematen zaien arretaren kalitate hobetzeari dagokionez.

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: