OrnitorrinK0 proeiktua

2024ko otsailaren 2an argitaratua

“ORNITORRINCO. BITARTEKARITZA-ERALDAKETA-HEZKUNTZA ESPAZIO ESZENIKOETATIK” PROIEKTUA

Titulartasun publikoko Antzoki, Auditorium, Zirkuitu eta Jaialdien Espainiako Sarearen ekimena da, Pedagogías Invisibles taldearen lankidetzarekin landua, eta Antzoki Sareak aktiboki parte hartzen du horretan. Proiektuaren helburua da arte eszenikoen eremuan hezkuntzaren eta bitartekaritzaren garapena sustatzea.

OrnitorrinK0 04

"Ornitorrincoren ikuspuntutik, arte eszenikoak pentsamendu kritikoa sortzeko eta garatzeko espazioa dira. Ornitorrincok antzerki-erakundeari beste esanahi bat eman nahi dio, arte eszenikoak kokatuta dauden testuinguruarekin lanean aritzeko eta harremanetan jartzeko bideak irekiz."

“ORNITORRINCO. Bitartekaritza-eraldaketa-hezkuntza espazio eszenikoetatik” proiektuaren helburu orokorra da Sareari lotutako espazio eszenikoei prestakuntza, laguntza eta aholkularitza ematea, beren zentroetan hezkuntza- eta bitartekaritza-programak sustatu edo ezar ditzaten, ikuspegi kritiko eta eraldatzaile batetik.

OrnitorrinK0 02

Helburu espezifiko hauetan zehazten da helburu hori:

  • Arte eszenikoetarako espazioetan oinarri kritikoa eta eraldatzailea duten hezkuntza- eta bitartekaritza-programa eta -proiektuen kopurua handitzea.
  • Arte eszenikoetarako espazioetan bitartekariaren figura profesionala sustatzea.
  • Zuzendariei, programatzaileei eta beste kultura-eragile batzuei prestakuntza ematea hezkuntza- eta bitartekaritza-programak kudeatu, diseinatu eta ezartzeko prozesuei buruz.
  • Espazio eszenikoaren eta hurbileko komunitateen arteko kosorkuntzarako eta lankidetzarako programak sustatzea.

ORNITORRINK0, Udalaren Antzoki Sarearen proiektua:

Urtarrilaren 23an hasi zen programaren hirugarren edizioa. Lehen edizioan, 2021ean, Gasteizko Antzoki Sarea hautatu zuten proiektu pilotu hau garatzeko, Estatuko beste bederatzi espazio eszenikorekin batera.

Proiektua hiru fasetan garatuko da:

  • 01. FASEA. PRESTAKUNTZA ETA DIAGNOSTIKOA
  • 02. FASEA. PROTOTIPOAK DISEINATZEA ETA TESTATZEA
  • 03. FASEA. EBALUAZIOA

Udalaren Antzoki Sareak OrnitorrinK0 izeneko proiektua aurkeztu zuen (zero kilometroarekin hitz-jokoa eginez). Gure proiektuaren helburu nagusia diagnostiko bat egitea zen, jakiteko zergatik ez ziren haur migratzaileak familientzat programatutako ikuskizunetara, eta neurri erraz batzuk proposatzea.

Urtebetez (2021eko ekaina-2022ko ekaina) oso gertuko landa-lan bat egin genuen Gasteizko Samaniego HLHIarekin —ikastetxe aliatua, kultura eszenikoarekiko sentsibilitate egiaztatua duena— eta bertako taldearekin (zuzendaritza, irakasleak eta irakasle ez diren langileak) zein familia batzuekin, zergatik ez ziren antzerkira joaten aztertzeko.

OrnitorrinK0 05

Lan-prozesu gogor eta oso gogobetegarri baten ondoren, arrazoi nagusiak honako hauek zirela ondorioztatu zen:

  • Prezioa, baliabide gutxi dituzten familia ugariak direnez, ezin zuten ordaindu.
  • Antzokia haiekin zerikusirik ez duen lekua iruditzen zaie, errespetua ematen die.
  • Ez zuten informazioa jasotzen.
  • Ez dute kultura eszenikoa berezkotzat sentitzen.

Diagnostikoaren ondoren, neurri apal batzuk jarri ziren abian:

  • Familia ugarientzako deskontuak familientzako ikuskizunetan ere aplikatzea.
  • Komunikazio-sistema espezifiko eta etengabea ezartzea zentro horrekin, programazio-edukietatik harago, bisitak eta sentsibilizazio-lantegiak eginez.
  • Topaketak eta bisitak antolatzea beste zentro edo kolektibo zaurgarri batzuekin, antzerkia guztiona dela ikus dezaten.

Urrats eta neurri txikiak dira, baina, batez ere, Ornitorrink0 proiektuak gure pentsamoldea eraldatu digu, kultura herritar guztientzat irisgarri bihurtzea eta haren ahalmen eraldatzailea aprobetxatzea zein garrantzitsua eta beharrezkoa den ikusteko.

Zehazki, ikusarazi digu oso garrantzitsua dela lotura sendoa sortzea hiriko ikastetxe horrekin eta beste batzuekin, baita gutxitutako beste kolektibo batzuekin ere. Orain gure kultura-jardunbideetan eduki inklusiboak eta irisgarritasuna aldarrikatzeko eta normalizatzen saiatzeko premia argia ikusten dugu.

Ornitorrink0 proiektuak aldatu egin du hiriko testuinguru sozialarekin lotzeaz genuen kontzeptua, hau da, eskaintzen ditugun ikuskizunak kolektibo guztietara iristea interesatzen zaigu, eta bereziki kontuan har ditzaten kolektibo zaurgarriak edo beste gaitasun batzuk dituzten pertsonak.

OrnitorrinK0 01

Zertan nabaritzen den eraldaketa hori

Gure ikuskizun guztietarako bitartekaritza-ekintza normalizatuak txertatu ditugu hiriko elkarteekin eta beste ikastetxe batzuekin.

Dantza parte-hartzaileko lantegiak egin ditugu desgaitasunak dituzten pertsonentzat (adinekoak, Down sindromea dutenak, ikusmen urria dutenak, beste gaitasun batzuk dituztenak), Atalak 2.0 programaren bidez.

Talde artistikoaren barruan desgaitasuna duten pertsonak dituzten edo kolektibo zaurgarriak protagonista diren ikuskizunak eskaintzen saiatzen gara gero eta gehiago.

Gorrentzako eta ikusmen urriko pertsonentzako funtzio irisgarriak eskaintzen hasi gara.

Argi daukagu kultura guztiontzat dela eta inklusiorako eta normalizaziorako mekanismo oso indartsua dela.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.