Garapenerako Lankidetza Zerbitzuak, Zentzuz sarearekin batera, bidezko merkataritzari eta kontratazio publikoari buruzko prestakuntza-ikastaroa antolatu du

• Bidezko Merkataritzako irizpideetan oinarrituta, kontratuak hobetzeko proposamenei buruzko tailer bat egin zuten Udal-langileek

2024ko urriaren 15ean argitaratua

Garapen Lankidetzarako Zerbitzuak Bidezko Merkataritzari eta Kontratazio Publikoari buruzko prestakuntza-ikastaroa bultzatu zuen irailaren 27an, Vitoria-Gasteizko Udaleko hainbat zerbitzutako langileentzat. Prestakuntza SETEM Hego Haizea, Medicusmundi Araba eta Bide Bidean GGKEek osatzen duten Zentzuz sarearen eskutik egin da, Gasteizko hirian bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatzeko jardueren esparruan, Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker.

Zentzuz bilera

David Comet Herrera kontratazio publikoko espezialistak eman zuen prestakuntza-ikastaroa eta horren helburua udal langileei Kontratazio Publiko Estrategikoari eta 2023 Agendari buruzko jarraibideak ematea izan zen, baita Sektore Publikoko Kontratuen Legearen araberako kontratazio publikoaren irizpide etikoak eta bidezko merkataritzakoak eta horien aplikazio praktikoa ere. Halaber, Bidezko Merkataritzaren aldeko Hirien kanpainaren esparruan, Erosketa Publiko Etikoaren inguruko esperientziak eta jardunbide egokiak irakastea izan zen helburua.

Gainera, prestakuntza tailer praktiko batekin amaitu zen ikastaroa. Tailer horretan, udal-langileek Gasteizko Udalaren kontratuak aztertu zituzten, eta, Bidezko Merkataritzako irizpide etikoetan oinarrituta, horiek hobetzeko proposamenak egin zituzten. Aztertutako kontratuak hauek izan ziren, besteak beste: elikagaien hornidura eta catering-zerbitzuak, administrazio-emakidak (kafetegiak, vending makinak, etab.) eta ehungintzako materiala (lan-uniformeak, merchandisinga, etab.).

Vitoria-Gasteizko Udalak 2016an onartu zuen kontratazio sozialki arduratsu eta jasangarrirako jarraibidea, eta horrek eragina izan du Udalak, udal-enpresek eta erakunde autonomoek gerora esleitutako kontratu publiko askotan. Kontuan hartuta tokiko BPGren % 2 baino zertxobait gehiago udal-kontratazioari dagokiola, Udalak hainbat ekimen jarri ditu abian bere kudeaketari koherentzia eta eraginkortasuna emateko, garapen iraunkorrerako politikak eta konpromisoak bere kontratatzeko moduarekin lotuz.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.