Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ostatu-erabilera tertziarioa (turismo erabilerarako etxebizitzak eta etxebizitza partikularretako erabilera turistikorako logelak) arautzearekin lotuta egin nahi den egiturazko xedapen-aldaketa bati buruzko aurretiko kontsulta publikoan herritarrek egindako ekarpenak

Herritarrek 17 ekarpen egin dituzte eta honako alderdiei buruzkoak izan dira, laburbilduz:

Erabilera turistikorako etxebizitzak debekatuta egoteaz
  • Erabilera turistikorako etxebizitza guztiak legeztatu beharrekoak direla uste da.
  • Gasteizen erabilera turistikorako etxebizitzak ez direla debekatu behar uste da, honako arrazoiak direla eta:
    • Beharrezkoak dira eta ostatu mota desberdina bilatzen duten turistak (seme-alabak dituzten familiak, maskotak dituzten pertsonak...) erakartzeko aukera.
    • Ez dira bestelako alojamendu turistikoekin (hotelak, ostatuak...) lehiatzen; haien osagarri dira.
    • Tokiko merkataritza sustatzen dute.
    • Lortutako diru-sarrera guztiak (% 100) hirian geratzen dira.
    • Ez diote alokairuen merkatua garestitzeari eragiten, edo oso gutxi eragiten diote. Ez dago kontrakoa bermatzen duen txostenik.
    • Alojamendu mota honetan egindako erreserbak bertan behera geratuko lirateke, eta murriztu egingo litzateke ekitaldietara joaten direnen kopurua.
  • Erabilera turistikorako etxebizitza guztiak debekatuz gero, atzeraeraginezko izaera izango al zukeen galdetzen du.
Erabilera turistikorako etxebizitzak hiriko zonen arabera arautzeko aukeraz
  • Ez da beharrezkotzat jotzen, ez baitago erabilera horretako gehiegizko etxebizitzarik duen zonarik.
  • Bereizketa egiten da zonen aretan.
Eraikinetan erabilera turistikorako etxebizitzen kopurua mugatzeaz
  • Ez da beharrezkotzat jotzen ez baitago eskari handirik.
  • Bizitegi-erabilera baimendua duen edozein etxebizitzetan erabilera turistikoa baimentzea proposatzen da.
  • Alde zaharrari dagokionez, apartamentuek zona hori biziberritzen lagun dezaketela uste da, etxebizitza ondo izatera eta aipatzera behartzen baitute jabea.
Erabilera turistikoko etxebizitzak bizitegi-erabilera duen solairu baxuenera mugatzeaz
  • Turismo lasaia izaten da alojamendu mota hau aukeratzen dutenena: ekintza zehatz batera edo inguruak ezagutzera etortzen dira eta egonaldi laburrak egiten dituzte. Ez da uste bizitegi-erabilerarekin bateragarria izan daitekeen beste edozein jarduerak baino enbarazu gehiago sor dezakeenik (kontsultak, bulegoak...). Erabilera mota hau mugatzeko eskumena bizilagunen komunitateak duela gogorarazten da.
  • Ez da ulertzen bisitariei goi solairuetako etxebizitzak alokatzeko eta hiriko ikuspegiarekin atsegin hartzeko aukera debekatzea.
  • Bizilagunek pairatuko duten zarata eta enbarazuei dagokienez, bereiztu egin beharko lirateke logela alokatzea edo etxebizitza osoa alokatzea. Logelak alokatzeak enbarazu gehiago eragiten duela jotzen da, izan ere etxebizitza osoa alokatuz gero taldea batera sartzen eta irteten da eta, logelak alokatzen direnean, berriz, alokatuek hainbat ordutegi izaten dituzte eraikinean sartu eta irteteko.
Erabilera turistikorako etxebizitzak bizitegi-erabilerarekin parekatzeaz
  • Alde. Errorea da ostatu mota hau apartamentu turistiko eta hotel-apartamentuen irudiarekin parekatzea. Ostatu-zerbitzurik ematen ez bada ezin zaio ostatu-erabilera kalifikazioa eman. Halaber, ez litzateke ekonomia-jardueratzat jo behar, etxebizitza alokairutzat baizik.
  • Kontra: Ekonomia-jarduera direnez, ez lirateke bizitegi-erabilerarekin parekatu behar.
Erabilera turistikorako etxebizitzak mugatzeko proposatu diren beste zenbait ekarpen
  • Erabilera eraikinaren azalera guztiaren % 50era mugatzea, gehienez.
  • Leku kopurua gehienez 3 edo 4 pertsonentzat izatera mugatzea goi solairuetan, edozein delarik etxebizitzaren neurria.
  • Erabilera turistikorako etxebizitzak bizitegi-eraikinetako edozein solairutan jarri ahalko dira, beti ere horien jabea eraikin berean edo gertu bizi bada, alokatutakoa kontrolatu ahal izan dezan.
  • Aldi baterako "lizentzia" antzeko zerbait proposatzen da, bezeroek egindako balorazio on edo txarren arabera galtzeko arriskua izanik.
Apartamentu turistikoei dagokienez
  • Beharrezkotzat jotzen da apartamentu turistikoen edo antzekoen debekua kentzea, eta horiek baimentzea, turismo-ostaturako gainerako establezimenduen baldintza beretan: eraikin baten barruan badaude, komunikazio bertikal independenteak izan behar dituzte, edo eraikin osoak hartu; kasu batean zein bestean, ez da ostatu-unitaterik onartuko beheko solairuan, bakarrik harrera-lekua eta zerbitzu komunak jarri baitaitezke.
  • Ez da egoki ikusten apartamentu turistikoei sarrera independente bat eskatzea.
Turismo-aterpetxeei dagokienez
  • Bizitegi-eraikinetan, aterpe turistikoetan, behe solairuetan logelak jartzeko baldintzak jartzeko eskatzen da, beti ere uztailaren 9ko 200/2013 dekretua betetzen bada.

Ekarpen hauek guztiak aztertzen ari dira, Hirigintza Saileko Plangintzarako eta Hirigintza Antolamendua Gauzatzeko Zerbitzua prestatzen ari den plan orokorraren xedapen-aldaketa gehitzerik dauden ikusteko.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.