Dibertsitate funtzionala duten haurrentzako eskalada

Bozketa fasearen ondoren, 2022 eta 2023ko aurrekontuekin gauzatuko diren aukeratutako proiektuetatik kanpo gelditu zen.

Vitoria-Gasteiz Hobetuz heldu batek adingabe baten ordezkari gisa aurkeztutako proposamena.

Eremua: Hezkuntza, kultura, berdintasuna, kirola eta aniztasuna.

Auzoa(k): Adurtza, Ariznabarra, Salburua

Gutxi gorabeherako kostua: 5.000 €

Zertan datza?

Eskalada egokitua jarduera terapeutiko oso konpletoa da, eta dibertsitate funtzionala duten haurren alderdi kognitiboak, psikosozialak eta motorrak hobetzen laguntzen du. Zentzu horretan, berezko mugimendu-patroiak egiten dira, mugimendu primitiboak, garapen motorra lantzeko oso intuitiboak eta garrantzitsuak, eta hori funtsezkoa da neurofisioterapiaren tratamenduan.

Neurofisioeskaladak asko laguntzen du sostengu-, oreka- eta zuzenketa-erreakzioak hobetzen, gorputzaren jarrera kontrolatzen, biriken gaitasunean, eskapula- eta pelbis-gerrikoen disoziazioan, pisu-transferentzietan, koordinazioan, indarrean, elastikotasunean, praxia motorretan, propiozepzioan eta mugimendu aktiboak kontrolatzen, besteak beste. Eta normalean neurofisioterapiako gela batean lantzen diren alderdi horiek guztiak jorratzen dira, baina eskaladako hormaren eta motibaziozko eta jolaserako osagai baten laguntzarekin; horixe da desberdintasuna.

Horiez gain, eskuen trebetasuna eta mugikortasun lodia eta fina jorratzen ditugu, heldulekuei eta materialei esker: arnesa, korapiloak, grigria eta abar.

Maila kognitiboan hobetu egiten dira arreta, kontzentrazioa, orientazio espaziala, gorputzaren kontzientzia, zereginen plangintza, gatazken konponketa eta abar. Alderdi psikosoziala ere oso garrantzitsua da, eta askotan ahaztu egiten dugu pertsona horien egoera orokorrari heltzen diogunean.

Eskalatzen dutenean, besteenganako konfiantza lantzen dute; izan ere, igotzen ari den pertsonak konfiantza izan behar du beste pertsonarengan, hark ziurtatu behar baitu, erantzukizun eta arreta handiak bere gain hartuz. Taldean koordinatutako lana da. Era berean, autoestimua handitzea lortzen da.

Non egingo litzateke?

Eskalada-murrua duten gizarte-etxeetan: Salburuan, Hegoalden eta Ariznabarran. Eskolaz kanpoko ordutegian, 17:30etik aurrera.

Zer ekarpen egiten du?

Dibertsitate funtzionala duten haurrei bideratutako kirol-eskaintza zabalduko litzateke. Izan ere, 6 urtetik aurrera haur horiek ez dute laguntza terapeutikorik jasotzen, laguntza goiztiar gisa, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (Arabako Foru Aldundia) aldetik ―adin horretara arte, psikomotrizitatea lantzeko aukera izaten dute, beste ekintza batzuen artean―.

Proposamenak dibertsitate funtzionala duten 6 urtetik gorako haurrei on egiten die.

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: