Gasteizko erraldoien etxea

Bozketa fasearen ondoren, 2022 eta 2023ko aurrekontuekin gauzatuko diren aukeratutako proiektuetatik kanpo gelditu zen.

Vitoria-Gasteiz Hobetuz ekimenean talde edo kolektibo batek aurkeztutako proposamena.

Eremua: Hezkuntza, kultura, berdintasuna, kirola eta aniztasuna

Auzoa(k): Lovaina

Gutxi gorabeherako kostua: 300.000 €

Zertan datza?

Gasteizko urteko jaietako elementuen erakusketa-gune bat sortzea. Horrela, erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsa, Zeledon, Edurne eta Zeledon Txiki, zezensuzkoak, Olentzero eta Mari Domingi, Gasteizko margolariak, dagoeneko alde batera utzita dauden elementu zaharrak… gune bakar batean bilduko lirateke, eta urte osoan zehar bisitatu ahal izango lirateke, merezi duten garrantzia emanez eta gure hiriko kultura-ondare immaterialaren balioa nabarmenduz.

Erakusketa-gunea hainbat eremutan banatuko litzateke, gaiaren arabera eta Gasteizko ospakizunak kontuan hartuta, betiere erraldoien konpartsaren beraren jatorria eta historia nabarmenduz, eta dagoeneko alde batera utzita dauden elementu zaharrak ikusgai eginez.

Horrez gain, hari erantsita beste gune bat gaituko litzateke erraldoiekin entseguak egiteko, kanpotik erraz sartzeko modukoa. Hori guztia haurrek eta zaharrek Gasteizen gune kultural berri bat izan dezaten, erakargarria, gertukoa eta tradizioarekin sustraitua.

Non egingo litzateke?

Erraldoien Etxea barne hartuko duen esparrua hirigunetik gertu kokatzea planteatzen da, herritar guztientzat irisgarria izan dadin eta hiria bisitatzen duten pertsonen ibilbide turistikoetan erraz txerta dadin.

Garraio publikoaren saretik nahiko hurbil jarri beharko litzateke, hiriko ikastetxeetako ikasle taldeek bisitak egin ahal izateko. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa gune horretatik abiatuko litzateke festa-ibilbideetan (Andre Maria Zuriaren jaietan, San Anton jaietan…).

Horregatik, Goya Gasolindegi zaharra proposatzen dugu lehen aukera gisa, Florida parkearen aurrean. Eraikin hori industria-ondare gisa dago katalogatuta, eta beheko solairuan altuera nahikoa du erraldoiak hartzeko eta gainerako elementuak beste gela batzuetan banatzeko. Horrela, erabilera emango litzaioke eraikinari, eta haren balioa nabarmenduko litzateke.

Zer ekarpen egiten du?

Jaietako pertsonaiak Gasteizko Udalaren jabetzakoak dira, baina gaur egun hiriko hainbat gune eta esparrutan banatuta daude. Proposamen honekin, gune berean bilduko lirateke guztiak (Erraldoien konpartsa, Zeledon, Zeledon Txiki eta Edurne, Olentzero…). Horrela, urte osoan zehar egongo lirateke ikusgai, eta balioa emango litzaioke gure ondare immaterialari eta gure tradizioen historiari. Leku egokia izango litzateke bisita gidatuak, eskola-jarduerak… egiteko.

Bestalde, Erraldoien Konpartsak leku ezin hobea izango luke dantzen entseguak egiteko eta egiturak, aldagelak, konponketa txikiak… egiteko. Horrelako lekuak oso ohikoak dira Estatuko beste toki batzuetan, hala nola Tarragonan, Lleidan eta Alacanten, baina ez oraindik Euskadin.

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: