Ur gastua eta familien aurrekontua

2022ko otsailaren 22an argitaratua

Uraren zikloari lotutako zerbitzuek nola eragiten diote etxeko ekonomiari?

Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) Familia Aurrekontuen Inkesta bat egiten du urtero, Espainiako etxeetako kontsumoaren gastua ezagutzeko eta kontsumoa zein ataletan banatzen den jakiteko. Euskadin, EUSTATek antzeko azterlan bat egiten du. Bi azterlanek hornidura eta saneamendu zerbitzuei lotutako gastuak sartzen dituzte analisian, eta erakusten dute familia aurrekontuan oso pisu espezifiko txikia dutela, are txikiagoa etxeko beste zerbitzu edo gastu batzuekin alderatuz gero. Egoera hori, gainera, nabarmenagoa da Euskadin eta Vitoria-Gasteizen.

Gasteizko etxeek, batez beste, 135 € ordaindu zuten 2020an AMVISAk emandako zerbitzuak ordaintzera, beren urteko aurrekontuaren %0,47*. Pandemiaren aurreko balioak are txikiagoak ziren, %0,40koak. INEren arabera, portzentaje hori edozein autonomiak duenaren oso azpitik dago, zifrak Galiziako %0,72aren eta Murtziako %1,47aren artean egonik.

Horrez gain, euskal etxeek egiten duten gastuaren datuek, zerbitzuen arabera bereizita, adierazten dute zaborren bilketak bakarrik eskatzen diela ahalegin ekonomiko txikiagoa familiei, urari lotutako zerbitzuek baino. Elektrizitateak edo gasak familia aurrekontuaren %189 eta %60 gehiago kontsumitzen dute hornidurak eta saneamenduak baino, hurrenez hurren, eta aipamen berezia merezi dute posta, telefonia eta fax zerbitzuek, horietara ia 900 € bideratzen ditugulako urtean.

Aurkeztutako datuetan ikus daitekeen bezala, Vitoria-Gasteizko hornidura eta saneamendu zerbitzuen kostua familien errentaren %0,5 baino txikiagoa da gaur egun, EUSTATek emandako datu objektiboei erreparatuta.

Ondorioz, gure hiriko horniduraren eta saneamenduaren tarifak oraindik oso urrun daude Nazio Batuen Erakundeak giza eskubide gisa uretarako sarbide unibertsalaren berme gisa gomendatutako gehieneko %3tik.

*Kalkulua egiteko AMVISAren urteko fakturazio datuak eta EUSTATen arabera Arabako familien batez besteko gastua hartu dira kontuan.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.