Ostalaritza-establezimenduek etxez etxeko janaria zerbitzatzeko araudia eta izapideak

2020ko apirilaren 29an

Alarma-egoera deklaratzen duen 463/2020 Errege Dekretuak etenda utzi zituen ostalaritza- eta jatetxe-jarduerak, eta lanean jarduteko baimena eman zien janaria etxera eramateko zerbitzuei soilik.

Kontuan hartu behar da jarduera horiek eskatzen dituztela, batetik, koronabirusaren hedapena galarazteko segurtasun-neurriak, eta bestetik, langile zein kontsumitzaileen segurtasuna bermatuko duten higiene- eta osasun-neurriak; horrenbestez, agiri honen bidez gida bat eskaini nahi diegu ostalaritza-establezimenduei, jarduera horretan dihardutenean aplikatu behar dituzten neurriak ezagutu ditzaten.

Azpimarratzekoa da:

Enpresarien betebeharra da beharrezko baliabide guztiak jartzea segurtasun-neurri hauek aplikatu daitezen, bai eta langile guztiei beharrezko informazioa eta prestakuntza ematea ere.

Jakinarazten da elikadura-segurtasunari buruzko araudiak erabat indarrean jarraitzen duela, baita alarma-egoeran ere. Orain, ospitale-sarea gainezka dagoen honetan, bereziki garrantzitsua da hura estu-estu betetzea, hartara infekzio toxikoen arriskua albait gehien murrizteko.

Horrenbestez, areagotu egin behar dira ezarritako prebentzio-neurriak, bereziki lehengaiekin eta hornitzaileen kontrolarekin, manipulazio- eta fabrikazio-aldietako praktika egokiekin (janariaren banaketa tartean) garbiketa eta desinfekzioarekin, eta instalazioak onik zaintzearekin lotutakoak.

Nabarmendu egin behar da ostalaritzaren zein janari prestatu ez industrialen banaketarekin loturiko edozein jardueratan aritzeko nahitaezkoa dela aurretiaz komunikazio bat aurkeztea Arabako Osasun Publikoaren Zuzendariordetzan (Done Jakue hiribidea, 11), garatuko den jardueraz informatzeko. Izapide horri buruzko kontsultak posta elektronikoko helbide honetara bidali daitezke: salimentaria-araba@euskadi.eus; bertan azalduko dizute aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.