URAk Zadorra ibaia babestuko du ur handiko ibilgu batekin eta lubeta batekin, Abetxuko eta Gamarra artean uholdeak saihesteko

2020ko urtarrilaren 15ean

Bi milioi euroko inbertsioa duen obrak erabilera publikorako gune berde bat egokitzea ere aurreikusten du, eta Eraztun Berdeko oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideei jarraipena emango die.

Jarduketa Gamarra Nagusiko zubitik ibaian behera ur handiek hartuko duten ibilgu bat sortzean datza, Zadorraren ezkerraldean: ibaiaren hustubide-sekzioa handitzeko eta, horrela, uholdeen altuera eta hedadura murrizteko, bai tarte horretan, bai ibaian gora.

Behin ibilgu bikoitza sortuta, babes-lubeta bat eraikiko da ezkerreko ertzeko uholde-lautadan zehar, Zadorra etorbidearen paraleloan, bi helbururekin: errepikatze-denbora handiko uraldien (500 urte) ur-lamina industria-eremura iristea saihestea, eta ibilgailuen zirkulazioak aldameneko berdegunean eragiten duen inpaktu akustikoa eta bisuala murriztea.

Ubide bikoitza sortu denez, ingurumen-balio txikiko 500 zuhaitz inguru kendu behar izan dira (makalak, batez ere), eta horien ordez ibaiertzeko espezieen 800 ale berri landatuko dira, bai bidegorriaren parez pareko lubetan, bai birjarriko diren berdeguneetan.

Izan ere, obrak Zadorra ibaiaren parkean integratutako berdegune osoa erabilera publikorako egokitzea aurreikusten du, eta, hartara, hiriko Eraztun Berdearen zati diren oinezko eta txirrindularientzako ibilbideei jarraipena emango die.

Presa Zadorra ibaian

Jarduera osoaren aurrekontua 2 milioi eurokoa da, eta 2020. urtearen amaieran amaitzea aurreikusten da.

Gainera, Zadorraren eskuinaldean, eremu berde bat eraikiko da: horretarako, gaur egun hondakin inerteak kontrolik gabe isurtzearen ondorioz degradatuta dagoen eremu baten paisaia lehengoratuko da, eta oinezkoentzako bide-sare bat egitea aurreikusten da, besteak beste.

Orain egiten ari diren Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko II. faseko lanek jarraipena ematen diete bere garaian aurreratu ziren beste jarduketa batzuei.

Alde batetik, 2018an amaitu zen Abetxukuko zubi zaharraren egokitzapen hidraulikoa eta arkitektonikoa; jarduketa horrek Zadorraren hustubide-ahalmena handitu zuen puntu horretan, 328 m ³/s-raino, 100 urteko errepikatze-denborako uholdeen pareko emaria, eta XIX. mendeko zubiaren egitura birgaitzea ahalbidetu zuen, kultura-ondasun izendatua. Proiektuak 850.000 euroko egikaritze- kostua izan zuen.

Bestalde, 2015ean, Abetxukuko oinezkoen pasabide zaharraren ordez (Gasteizerako hornidura-hodiek osatzen zuten pasabide horrek uren jario askea oztopatzen zuten), beste pasabide bat jarri zen, aurrekoaren bi aldiz sekzio hidraulikoarekin. Horren ondorioz, ubidearen azpian (bypass) hodi bat eraiki behar izan zen hiria hornitzeko, pasabide zaharrari eusten zioten hodien ordez.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: