Genero-indarkeriaren autoidentifikaziorako galdetegia tratu txarren zantzu posibleak identifikatzeko

2026ko azaroaren 2an argitaratua

Zalantzak dituzu zure bikote-harremanari buruz? Tratu txarren zantzu posibleak identifikatzen lagunduko dizugu(Beste leiho batean irekiko da).

750 emakumek baino gehiagok jaso dute genero-indarkeria autoidentifikatzeko galdetegia, 2025eko ekainean abian jarri zenetik. Tresna hori Gasteizko Udaleko Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, eta aukera ematen du bikote-harremanari buruz hausnartzeko, tratu txarren zantzu posibleak identifikatzeko eta eskura dauden laguntza-baliabideak ezagutzeko.

Batzuetan, zaila izan daiteke egoera jakin batzuk tratu txar gisa aitortzea, bereziki pixkanaka gertatzen direnean edo harreman batean normalak diruditen portaerekin nahasten direnean. Zure bikotekideak nola tratatzen zaituen edo harremanean nola sentitzen zaren zalantzarik baduzu, galdetegi honek lagundu egingo dizu zenbait seinale identifikatzen eta eskura dituzun laguntza-aukerak ezagutzen.

Galdetegi hau erabiltzeko, ez duzu zertan argi izan zer ari zaizun gertatzen. Galderak zure erritmoan erantzun ditzakezu, eta bertan Gasteizko arreta-baliabideei buruz ematen den informazioa kontsultatu.

Galdetegia anonimoa eta konfidentziala da, eta ez du identifikazio-datu pertsonalik eskatzen(Beste leiho batean irekiko da): adin-tarteari buruzko informazioa baino ez du jasotzen, tresna nola erabiltzen den jakiteko.

Abian jarri zenetik 2026ko urrira arte, 754 emakumek jaso dute galdetegia. Horien artean, 31 eta 59 urte bitarteko emakumeak nabarmentzen dira, erabiltzaileen % 55 baitira. 13 eta 18 urte bitarteko gazteak % 22 dira

Errazago erabiltzeko, bost hizkuntzatan dago eskuragarri: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta arabiera. Telefono mugikor, tableta edo ordenagailu batetik sar zaitezke, inolako zerbitzutara aurrez aurre joan beharrik gabe.

Eman lehen urratsa: informa zaitez eta ezagutu zure aukerak.

Zure bikote-harremanari buruzko zalantzak badituzu, portaeraren batek kezkatzen bazaitu edo, besterik gabe, tratu txarren seinaleei buruz gehiago jakin nahi baduzu, tresna hau erabil dezakezu orientatzeko eta eskura dauden laguntza-baliabideak ezagutzeko.

Sartu galdetegian(Beste leiho batean irekiko da). Udalaren indarkeria matxistari buruzko webgunea ere kontsulta dezakezu.

Informatzea lehen urratsa izan daiteke zer bizitzen ari zaren ulertzeko eta eskura dauden laguntza-aukerak ezagutzeko. Ez duzu zertan bakarrik aurre egin zure zalantzei.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.