Lakua, Adurtza eta Goikolarra auzoak izango dira Espazio Publikoaren Sailak `Hobetuz´en edizio honen baitan esku hartuko duen lehenengoak
2024ko azaroaren 25ean argitaratua
Mendebaldea institutuaren ondoan eraikiko duten topaketarako parkea, Adurtzako parkearen erreforma eta Goikolarra eta Olarizu arteko txirrindularien eta oinezkoen loturen hobekuntza izango dira proiektu nagusiak.
Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak `Vitoria-Gasteiz Hobetuz´ programaren azken edizioko lehen proiektuak atera ditu lizitaziora. Gaur goizean, Saileko arduradun eta alkateordeak, Beatriz Artolazabalek, Gobernu Irekiaren zinegotziarekin, Miren Fernández de Landarekin, batera, Lakua, Adurtza eta Goikolarra auzoetan egingo dituzten hiru jarduerak aurkeztu ditu.
“Gaur ahalegina eta plangintza islatzeaz gain, bizilagunek hartutako erabakien emaitza ere badiren hiru lan nabarmendu nahi ditugu. Haien parte-hartze aktiboari esker, gure ingurunea hobetzea eta elkarbizitza indartzea lortzen ari gara”, adierazi du Artolazabalek. Miren Fernández de Landa zinegotziak ere gai hori bera sakondu nahi izan du. Hala, Hobetuz programak gure hiriko bizilagunen eskariak errealitate bihurtzeko baliabide gisa duen potentzialari balioa eman nahi izan dio. “Hiru auzotan egingo diren hiru proiektu horiek ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ programaren laugarren edizioa osatuko dute. Eta, bide batez, beste behin balioa eman nahiko nioke ‘Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ programak herritarren partaidetzarako tresna gisa duen balioari. Horri esker, herritarrek egindako proposamen asko gauzatu dira azken urteotan eta dagoeneko haiez goza dezakegun errealitate bihurtu dira. Gizarte-etxeen kanpoaldean eta aisialdiko eremuetan bizikletak konpontzeko eta garbitzeko instalazioak eta Eraztun Berdean iturri gehiago jartzeko proposamenarekin hasi dugu laugarren edizio hau. Orain, Espazio Publikoaren esku-hartze hauekin jarraituko dugu”.
Topaketarako parkea Lakuan
Alkateordeak azaldu duen moduan, belaunaldiarteko jolas eremu berria Mendebaldea institututik gertu dagoen eta Udalaren jabetzakoa den lursailean eraikiko dute, Lakua auzoan. Gaur egun, lursaila itxita eta erabilerarik gabe dago. Nabarmendu duenez, kokapena “bikaina” da; izan ere, inguruan beste lau ikastetxe daude. Lan horiek lursailaren mendebaldeko zatian egingo dira, horixe baitago urbanizatzeko baldintza onenetan. Gainera, eremu horrek azpiegitura berde gehiago (zuhaitz eta txorko gehiagorekin), argiteria berria, hondar eremua eta altzari berriak (bankuak, paperontziak, bizikletak aparkatzeko tokia eta iturri bat) izango dituenez, bi piknik-gune sortuko dira (haietako bat pergolaren azpian).
Jarduera ludikoak edo kulturalak antolatu edo ikastetxeen kanpoko ikasgela gisa erabili ahal izateko asmoz, egurrezko agertoki altu txiki bat jarriko da bankuz inguratuta. Jolasak, aldiz, era askotakoak izango dira, adin-tarte guztientzako eta era guztietako jardueretarako. Hala, urarekin eta hondarrarekin jolasteko eremuak, sare formako piramide bat, habi-zabu bat eta kalisteniako eremu bat egongo dira “bizimodu aktiboa eta osasungarria sustatu ahal izateko”, Artolazabalen hitzetan.
Lanetarako aurrekontua ia 300.000 eurokoa izango da: 292.000 €. Gauzatzeko aldia, aldiz, 3 hilabetekoa izango da.
Adurtzako parkea berritzea
Esku-hartze horretan, parkea berrituko dute Zumakadi kalearen amaieran eta jolasetako elementu eta altzari berriak izango ditu. Horiei esker, adin-tarte ugariek hobeto erabili ahal izango dituzte eta auzokideak elkartzeko toki ere bihurtuko da.
Elementu batzuk hondatuta daudenez, Sailak honako hauek kenduko ditu: bankuak, pistako hesi perimetrala, haurrentzako jolasak, zoladurak eta ping-pongeko mahaiak (Adurtzako zentro sozialaren alboan dagoena izan ezik).
Horrez gain, berdeguneak eta zuhaitzetako eremuak handituko dituzte, txorko eta parterre berriak sortuz. Gainera, zoladura berria eta argi gehiago jarriko dituzte erdiko eremuan, baita honako hauek ere: altzari berriak (bankuak, adibidez), iturria, bizikletak aparkatzeko gunea edo paperontziak. Gainera, gaur egun jarrita dauden saskiak zaharberritu eta lekuz aldatuko dituzte, piknik-guneak eta hondar eremua jarri, eta sarbideak hobetuko dituzte.
Jolas berriak adin guztietarako izango dira (sare formako piramidea, oreka-jolasa, txirrinstadun dorrea edo karrusela), eta mugikortasuneko arazoak edo aniztasun funtzionala dituzten pertsonentzako jolas irisgarriak ere egongo dira. “Gure azken jarduera guztiek izan dute ezaugarri komuna: neska-mutilei haien denbora libreaz baldintza berdin-berdinetan gozatzeko aukera ematen saiatu gara. Hau da, ez dezatela oztoporik izan eta gainerakoek bezala dibertitzeko aukera izan dezatela. Jolasa ezinbestekoa da adingabeen garapen fisiko, sozial eta emozionalerako” azpimarratu du zinegotziak.
Adurtzako parkean egingo den berritze-lan horretarako, 298.000 euroko inbertsioa egingo da eta lanetarako aurrez ikusitako epea lau hilabetekoa da.
Goikolarra eta Olarizuren arteko lotura hobetzea oinezkoentzat eta txirrindularientzat
Aurreko bi esku-hartzeak bezalaxe, proiektu hau ere bizilagunek eskatutako beharrekin lotuta dago. Labur-labur esanda, lan horren bidez, oinezkoek zein txirrindulariek erabiltzen dituzten zeharbideen bidez egiten den Goikolarra eta Olarizu arteko konexioa hobetuko da. Helburua zirkulazio segurua bermatzea da. Bi zeharbide horiek A-2124 errepidearekiko bidegurutzeetan daude. Zehazki, Larrea eta Okariz kaleen bidegurutzeetan.
Okariz kalearekiko bidegurutzean, segurtasuna bermatzeko, trafikoa baretu egingo da, oinezkoentzako pasabidea altxatuz, espaloiak zabalduz zirkulaziorako errei bakarra uzteko eta bidegorriaren tartea gehituz, bizikletek ere zeharkatu ahal izan dezaten. Bizikleta eta oinezkoen ibilbidearen jarraipena errazteko, orain etenda geratzen den haztegiko biderantz, bidegorri berri bat eta oinezkoentzako gune bat sortuko dira, bereizita, Jauregilanda kalearekin elkartzen den tokiraino. Gainera, luzera osoan, farolak jarriko dira argiztatu ahal izateko.
Bigarren bidegurutzean, A-2124 eta Larrea kalearen arteko elkargunean, oinezkoentzako goratutako pasagunea sortuko da errotondaren iparraldeko adarrean. Horretarako, espaloia zabalduko da eta errotonda horretarako sarrera edo irteera guztiak errei bakarrera murriztuko dira. Beharrezkoa zen neurri hori hartzea pertsonek errepidea modu seguruan gurutza dezaten. Gainera, oinezkoentzako pasagunean, argiteria indartuko da igarobidera zuzenduta egongo diren luminariak bi espaloietan jarrita. Gainera, Jauregilandara iristen den zeharbidea ere urbanizatuko da.
Bi errotonda horien arteko lotura (Okariz eta Larrea kaleak) zirkulaziorako bide bakarrarekin utziko da bi noranzkoetan. Horren bidez, lineako aparkaleku-plaza berriak sortuko dira hegoalderako noranzkoan, eta ilaran dauden aparkalekuak iparralderako noranzkoan.
Lan horiek egiteko aurrekontua 320.000 euro ingurukoa da, eta gauzatzeko epea, aldiz, 4 hilabetekoa.
Hobetuz proiektuak – Espazio Publikoa (PDF, gaztelaniaz)
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.