2026ko martxoaren 2an argitaratua
Maider Etxebarriaren hitzetan, eliza "lan-eskubideen eta askatasunaren aldeko borrokaren sinbolo" bihurtu da, eta eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari Estatu mailako zerrendan sartzeagatik.
Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren eliza Memoria Demokratikorako Leku izendatzen duen plaka emateko ekitaldian izan da gaur Maider Etxebarria alkatea. Aitortza Espainiako Gobernuak egin dio Gasteiz hiriari martxoaren 3ko gertakari tragikoen 50. urteurrenean. Fernando Martínez Memoria Demokratikoaren Estatuko idazkariak aurkeztu du brontzezko bereizgarria alkatearekin batera. Ekitaldi horretan bertan izan da, gainera María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburua eta Ramiro González, Arabako diputatu nagusia. Tenplua obretan dagoenez, lanak bukatu ondoren jarriko da plaka.
Duela bi urte alkateak Espainiako Gobernuari eskatutako espedientearen izapidetzearen ondoren, otsailaren 23an, BOEk “Gasteizko San Frantzisko Asiskoaren eliza. 1976ko martxoaren 3ko gertakariak” Memoriaren Leku izendatzeko adierazpena argitaratu zuen. Horregatik, Etxebarriak eskerrak eman ditu tenplua Estatuko zerrendan sartzeagatik, “Polizia Armatu frankistaren esku-hartze neurrigabearen” ondorioak gogorarazi ondoren. Gertakari “tragiko” haietan, bost hildako eta ehun zauritu baino gehiago izan ziren, horietako asko balaz. Orduz geroztik, San Frantzisko eliza “lan eskubideen eta askatasunaren aldeko borrokaren sinbolo” bihurtu dela azpimarratu du alkateak.
Etxebarriak adierazi duenez, etorkizunean Memorialean jarriko den plakak “hiri baten sentimendua, biktimei emandako babesa eta demokraziaren eta askatasun publikoen aldeko borrokaren garrantzia adierazten du. Eta diktaduraren aurrean erresistentziaren eta duintasunaren ikur bihurtu den eliza honetako ikur nagusia izango da” plaka hori.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.