2026ko martxoaren 2an argitaratua
Zerbitzuko laguntzaile gisa lan egingo dute Udaleko hainbat sail eta ekipamendutan.
Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkatea buru izan da gaur goizean 2025ean egindako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) gainditu ondoren Udaleko plantillan sartu diren eta desgaitasun intelektuala duten 16 funtzionarioei ongietorria emateko ekitaldian. Ekitaldi horretan izan dira senideak eta udalbatzako eta Funtzio Publikoaren Saileko ordezkariak ere.
Udaletxean egindako ekitaldian, alkateak langile berriek prozesu “oso zorrotza” gainditzeko egindako ahalegina nabarmendu du, “ahalegina, lana eta gainditzeko gaitasuna” erakutsi baitute. “Oso gogoan izan, inork ez dizue ezer oparitu. Gaur hemen bazaudete, zuen merezimenduei, ikasketa-orduei eta pertseberantziari esker da”, adierazi du Gasteizko alkateak.
Alkateak zorionak eman dizkie familiei, “azterketa, zalantza eta lorpen guztiak norberarenak balira bezala bizi izan dituztelako”, bai eta prestatzaileei eta funtzionario berriei prozesu honetan lagundu dieten elkarteei ere, guztien artean lan “goresgarria eta guztiz beharrezkoa” egiten baitute.
Zerbitzuetako laguntzaileak
Udal-langile berriek zerbitzuko laguntzaile gisa egingo dute lan Udalaren hainbat sail eta ekipamendutan: gizarte-etxeak, gizarte-baliabideak, udal-bulegoak eta Europa Jauregia, besteak beste. Langile berrien sarrera “ez da keinu sinbolikoa”, azpimarratu du alkateak, baizik eta “benetako aurrerapena Udal inklusiboagoa, pertsona guztien gaitasunak aitortu eta baloratuko dituena, eraikitzeko dugun konpromisoan”.
Ildo horretan, Maider Etxebarriak iragarri du Funtzio Publikoaren Sailak adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako LEP berriak deitzen jarraituko duela, Udal “anitza, askotarikoa eta irekia, gure gizartearen isla izango dena” finkatzeko.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.