Zaintzaileen arteko bilerak: hilero, hiru aukera

2024ko irailaren 13an argitaratua

Familia-inguruneko zaintzaileak, urriaren 1etik aurrera, zaintzaileen arteko bileretara joan daitezke, Maitekik antolaturikoak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin eta BIZANekin lankidetzan.

Bileren bidez, besteak beste, zaintza-esperientziak partekatzea, barrena arintzea, zalantzak argitzea, nork bere burua zaintzeko eta hobeto bizitzeko modu berriak ezagutzea eta hobeto zaintzeko gakoak ikastea dira helburuak. Gainera —hala frogatzen du orain arteko esperientziak —, topaketa atseginak direnez, behin joaten denak errepikatu egin ohi du.

Bertaratzen direnen parte-hartzeari esker eta psikologo dinamizatzaileen gidaritza eta babesari esker, saio baliagarriak eta atseginak dira.

Hilabeteko lehenengo astearte, asteazken eta ostegunetan egingo dira bilerak, 18:00etan.

Bilerak hemen izango dira: Koroatzeko BIZAN (astearteak), San Martineko BIZAN (asteazkenak) eta Araneko BIZAN (ostegunak). Asmoa da bilerak zaintzaileen etxetik albait gertuen egitea, izapiderik eta konpromisorik gabe: ez da izena eman behar, parte hartzaileak hoberen datozkien bileretara joan daitezke. Kontsultatu bileren agenda esteka honetan.

Zaintzailea zara, eta zeu ere garrantzitsua zara. Eskaini denbora zeure buruari: zatoz eta probatu.

Bileren kartela ikusi (pdf)

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.