2026ko apirilaren 1ean argitaratua
Apirilaren 1etik aurrera egin ahal izango da bisita turistiko murgiltzaile hau, eta doakoa izango da 12 urtetik beherakoentzat.
Vitoria-Gasteizko Udalak beste bisita turistiko murgiltzaile bat jarri du abian udaberri honetarako, eta Goiuri Jauregia, Arabako hiriburuko eraikin monumentalik handienetako bat, ikuspegi berritzaile batetik ezagutzeko aukera emango du.
Ekimenaren aurkezpena gaur goizean egin dute Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotzi María Nanclaresek, Ismael García-Gómez eta Ramón Díaz de Durana historialariek eta Hélice Creativos enpresako José Bellidok.
“Bisita turistiko berri honek, apirilaren 1etik aurrera probatu ahal izango denak, errealitate birtualeko, errealitate areagotuko eta joko interaktiboetako esperientziak eta beste erakusketa-baliabide batzuk batzen ditu, hala nola hologramak, ikus-entzunezko bat, maketak eta informazio-panelak”, iragarri du María Nanclaresek. “Gasteizko eskaintza turistikoa indartzea helburu duen proiektu honi esker, hiriaren alderdi historikoak, eraikinaren balioak edo Erdi Aroko hiri izatetik hiri moderno bihurtzeko prozesua modu didaktikoan komunika ditzakegu”, gaineratu du.
Arabako hiriburuak Erdi Aroan sortutako hirigune historikoa du. Horri esker, Euskadiko hiriburu historiko eta monumentala da. Hiria ezagutzera joaten diren pertsonek Erdi Aroko, Errenazimentuko eta Neoklasikoko aztarnak aurkitzen dituzte bertako kaleetan, eta antzinako kale eta eraikinen soiltasuna eta edertasunarekin harrituta geratu ohi dira.
Asko dira Gasteizko jauregi-arkitektura errenazentistaren adibideak, gerora museo edo kultura-zentro bihurtu diren eraikinak. Erdi Aroko dorretxe batzuk, eraikin neoklasikoak eta XX. mende hasierako etxe dotoreak ere nabarmentzen dira.
Horietako bat da, hain zuzen ere, Goiuri jauregia. Udalaren jabetzakoa da, eta xarma berezia duen Aihotz plazan, edertasun handiko eta arkitektura eredugarriko gunean, dago. Kongresuetarako eta Udaleko Kultura Zerbitzurako egoitza gisa erabiltzen da.
1538an hasi ziren Jauregia eraikitzen Erdi Aroko almendraren hegoaldean, Martin de Salinasen, Hungariako eta Bohemiako erregearen, Fernandoren (Karlos I.a enperadorearen anaia), enbaxadorearen, aginduz. Barrualdeko horma batzuk hiriko antzinako goiko harresiaren parte izan ziren, eta harresien arteko pasealekua Gasteizko ederrenetako bat izan zen.
Fatxada nagusian, galeria-balkoia dago, eta bertatik Gasteizko ikuspegirik onenetako bat ikus daiteke. Iparraldeko muturrean, Salinastarren heraldika duen sarrera bikaina nabarmentzen da.
Eraikinak irisgarritasun unibertsaleko neurriak ditu, adin eta behar guztietako pertsonek bisitaz gozatu ahal izan dezaten.
Proiektu berri hau Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailaren, Hélice Creativos enpresaren eta Ismael García-Gómez eta Ramón Díaz de Durana historialarien laguntzari esker egin da. Teknologiak, aldiz, Amazing Up, Tifloactiva Eulen Art eta Arkikus enpresek garatu dituzte.
Gaur, apirilaren 1ean, hasiko dira bisita gidatu berri horiek, eta Aste Santuko egunetan programazio zabala izango da, egunero 3-4 bisitarekin. Egitarau hori bera errepikatuko da maiatzaren 1eko zubian. Bisita gidatu horien eskaintza jarraitua izango da asteburuetan, eta hiriko egungo turismo-eskaintza osatuko dute.
Erreserbak online, aurrez aurre edo telefonoz egin ahal izango dira Turismo Bulegoan, baita bisita baino 15 minutu lehenago ere Goiuri Jauregian bertan (tokirik geratzen bada).
Bisiten prezioa pertsonako 5,45 eurokoa da, eta 12 urtetik beherakoentzat sarrera doakoa izango da (sarrera erreserbatuta).
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.