Salburuko fauna

Hezegunea leheneratzeak Arabako Lautadan berriro ere animalia asko bizitzeko balio izan du. Ingurune honetan bizi dira hegazti migratzaileen 70 espezietik gora, 40 ugaztun-espezie, 12 narrasti-espezie, 9 anfibio-espezie, 3 arrain-espezie eta animalia ornodun kopuru handia.

Hegazi migratzaileak

Animalia-espezie adierazgarrienak

Bisoi europarra (Mustela lutreola)

Bisoi europarraUgaztun erdiakuatiko ertaina (arrak: 380 mm luze burua-gorputza, eta 170 mm-ko buztana; emeak txikiagoak) eta pisua arrek 800-900 g eta emeek 500-600 g. Ile marroi iluna dute eta orbain zuri bat ahoaren inguruan, bai goiko ezpainean, bai behekoan. Ezaugarri horrek bereizten du kanpotik sartu den eta mehatxu nagusi bihurtu zaion bisoi amerikarretik.

Natura eta Baliabide Naturalak Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren Zerrenda Gorrian dago, galzoriko espezieen kategorian, Iberiar penintsulan 500 ale baino gutxiago gelditzen baitira.

Salburuko hezeguneetan mustelido honen ale bakan batzuk bizi dira. Espezie honen kontserbaziorako, bisoi amerikarraren nukleoak desagertarazteko lanak egiten dira, haiek hauteman eta harrapatzeko zenbait teknika uztartuta, plataforma flotatzaileen bidez.

Ikusi bideoa(Beste leiho batean irekiko da)

Oreina (Cervus elaphus scoticus)

Oreina Oreina da Salburuko hezegunera kanpotik sartu den animalia bakarra, eta sartze horren justifikazioa Arkautiko urmaelaren inguruko landaredia kontrolatzeko eta kontrolpetik ez ateratzeko beharra izan da. Animalia horien larratze estentsiboari esker, landareak animaliek larrean bertan janda kontrolatzen dira. Azken finean, neurri handiko belarjalea da oreina (cervidae familian, altzea bakarrik da handiagoa), luzeran 160-250 cm-koa eta pisuz 200 kg-ra irits daiteke.

Emeak txikiagoak dira eta arrek baino gorputz txikiagoa dute. Arrei adar handiak ateratzen zaizkie, eta ugaltze garaian edo araldian beste ar batzuekin borrokatzeko erabiltzen dituzte.

Bideoa: Egun bat marrualdian(Beste leiho batean irekiko da)

Loina (Chondrostoma miegii)

Loina Arrain ertain hau 300 mm izatera iristen da gehienez. Gorputz luzanga du, eta burua txiki samarra, azpian ahoa duela. Ur ibilietan bizi da, baina ur geldoetan edo urtegietan ere bizirauten du.

Bere okupazio-eremuan espezie exotikoak sartu izana da espezie honen populazioek izandako gainbeheraren arrazoi nagusietako bat. Espezie exotiko horien artean daude eguzki-arraina (Lepomis gibbosus), black-bass (Micropterus salmoides), lutxoa (Esox lucius) eta lutxoperka (Sander lucioperca).

Sorgin-orratzak

Sorgin-orratz bat Odonatuak (sorgin-orratzak) uretako ekosistemen kalitatearen eta kontserbazio-egoeraren bioadierazleak dira.

Salburuan odonatu asko eta mota askotarikoak daude. Haien garrantziaren adierazle da taxon kopuru handia (32) baita espezie mehatxatuen habitata izatea ere: Coenagrion mercuriale, Aeshna affinis eta Sympetrum meridionale.

Amiamoko zuria (Ciconia ciconia)

Zikoina Hegazti zangaluze handi eta eder honek lumaje zuria du, hegoetan kolore beltz askorekin, zango luzeak eta karmin-koloreko mokoa. Koartzek ez bezala, hegan dabilenean luzatuta edukitzen ditu lepoa eta burua.

Salburuan dago Euskadiko kolonia ugariena, eta, beraz, erraz ikus daiteke, batez ere Las Zumas begiralekutik. Parkean eta inguruko beste leku batzuetan askotariko elikagaiak aurkitzen dituenez, urte osoan ikusi ahal izaten da.

Baso-igel jauzkaria (Rana dalmatita)

Baso-igel jauzikaria Atzeko hanka luze eta indartsuei esker, kolore arrea eta 8 cm inguruko neurria duen anfibio honek metro bateko saltoak egin ditzake luzeran, eta metro erdikoak altueran. Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoaren eta EAEko katalogoaren arabera, ‘kaltebera‘ egoeran dago. Gainera, Espainiako Anfibio eta Narrastien Liburu Gorrian ‘arriskuan’ kategorian dago sailkatuta.

Hezegunean ez da nabarmentzen, ugaltze-garaian izan ezik; hau da, otsailean eta martxoan. Salburuan Arabako populazio garrantzitsuenetako bat bizi da, eta presentzia hori hezegune honen balio ekologiko handia erakusten duen froga eztabaidaezina da.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.