Salburuko urmaeletan eta ertzetan hazten diren landareak ez dira bertan ausaz hazten. Uraren sakontasunaren arabera, eta zeharka bada ere lurzoruak urak hartuta egiten duen denboraren arabera, mota bateko edo besteko landare-komunitateak sortzen dira. Aldaketak, batzuetan, ia hautemanezinak izaten dira eta ur zentimetro gutxi batzuk gorabehera, espezie batek edo besteak iraungo du.
Malbazeoen familiako landare iraunkorra, Euskadin oso ezohikoa. Lur hezeetan edo istilduetan azaltzen da, horien eta habitat lehorrenen artean. Beraz, lurzorua urtaroaren arabera istiltzen zaien eremuen adierazle ona da.
Izen zientifikoak dituen propietate sendagarriei egiten die erreferentzia; izan ere, antzinatik erabiltzen da larruazaleko eta arnas sistemako arazoak tratatzeko.
Ostargi-belar horia (Iris pseudoacorus)
Lirio horia landare belarkara iraunkorra da, iridazeoen familiakoa. Mediterraneoaren arroen inguruan bizi da, leku heze edo istilduetan, ibai, urmael eta urtegien ertzetan, itsas mailatik hasi eta 800 m arteko altitudean.
Lore ikusgarriak ditu, handiak eta horiak, 8-10 cm-ko diametrokoak, eta neguaren amaieratik hasi eta uda hasierara arteko tartean azaltzen dira.
Hariztiaren uharte-basoa (Quercus robur)
Salburuko “el Montecito” izenez ezaguna den eremu hesituaren barnean fauna eta flora basatiaren babesleku den uharte-baso bat dago. Harizti bat da eta Quercus robur espezieko ale helduak daude bertan. Espezie horren bereizgarria ezkurren txorten luzea da. Aspalditik da oso estimatua haritz honen egurra, gogorra eta sendoa (robur) baita.
Penintsulan, haritz-espezie hau goiko erdian azaltzen da, batez ere, eragin atlantikoa duten lekuetan.
Uretako flora eta flora gainerakorra
Landare multzo hau ur azpian edo urtearen zati handi batean istilduta egoten diren lurretan bizi da. Aipagarriak dira Chara generoko algak; izan ere, urak arazteko giltzurrun-funtzioa betetzen dute, hondoko sedimentuei finkatzen laguntzen diete eta animalia-espezie askori babeslekua eta arrautzak jartzeko lekua eskaintzen diete.
Carex riparia ere nabarmentzeko moduko espeziea da. Landare ziperazeo hau ohikoa da Arabako Lautadako eremu istilduetan. Salburuan, batez ere, Betoñuko urmaelean finkatzen da, eta Iberiar penintsulan hoberen kontserbatuta dagoen populazioetako bat da.
Hegoaldeko elorri zuria (Crataegus laevigata)
Errosazeoen familiako zuhaixka hau ohikoa da Europa erdialdean. Lautadan eta Kuartangon du kontinenteko banaketaren hegoaldeko muga. Salburuan urria da espezie hau, baina ale batzuk Arkautiren iparraldeko “el Montecito” baso babestuko eremu hesituaren mugetatik kanpo daude.
Irabelarra (Aconitum napellus)
Kasko-formako lore urdin ikusgarriak ditu, eta Salburuko baso eta sastrakadietan bizi da; zehazki sahats eta lizar artean. Nahiko espezie bakana da Euskadin, eta Lautadan eta Arabako zenbait bailaretan azaltzen da.
Lotutako informazioa
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak
Herritarren Postontziaren
bidez.