Atariaren ingurua

Ataria hona sartzeko atea da: Salburua. Eremu heze natural bat da parke hau, eta Arabako Lautadako zorupetik azaleratzen den ura hartzen du.

Ataria

Lau urmael ditu Salburua parkeko hezeguneak, eta Gasteiz inguratzen duen Eraztun berdearen altxorretako bat da. Ingurumen-gerriko hori osatzen duten parkeen artean, Salburukoa besteen gainetik nabarmentzen da, garrantzi ekologiko berezia duelako. Hegazti migratzaile askok bertan egiten dute geldialdia haienbidaia luzeetan.Hezegunearen ertzetan, belardiak eta zuhaiztiak daude, eta zuhaiztietan, astigarrak, haritzak, sahatsak, lizarrak eta makalak bizi dira.

4 urmaelak

Duela ia 200 urte hasi ziren urmaelak lehortzen, bertan nekazaritzarako lurrak, industria-eremuak edo hiriko garai bateko aireportua jartzeko. 1994an ekin zioten gaur egungo hezeguneen multzoa osatzen duten urmaelak berreskuratzeari. Leheneratze ekologikorako prozesu horrek bertako fauna eta flora berreskuratzea ekarri du. Gainera, eurite handiak izaten direnean, hezeguneakgainezkabide funtzioa betetzen du eta lagundu egiten du hiriaren ekialdean uholdeak prebenitzen.

Arkautiko urmaela

Lehen “Zurbanoko urmaela” deitutako urmaela da, parkeko handiena. 1998an berreskuratu zen, eta 4 km-ko ibilbide perimetrala eta hegaztiak behatzeko bi behatoki ditu. Urmaela hesi batek babesten du eta bertan bizi dira elkarrekin orein talde bat eta askotariko beste espezie ugari: adibidez, basahateak, uroiloak, koartzak, txilinportak, uroilandak, antzarak, ihi-txoriak, urretxoriak, kardantxiloak eta amilotxak.

Betoñuko urmaela

Parkearen mendebaldeandago, eta garai batean alboan zuen herritik datorkio izena. Betoñuko urmaela ia hiru kilometroko ibilbide batek zeharkatzen du, eta ohikoa da udaberrian araldian dauden uretako hegaztiak ikustea. Hala ere, hegaztien kopuru eta aniztasun handiena udazkenean eta neguan izaten da.

Duranzarrako urmaela

Arkauti eta Betoñuko urmaelen artean dago. Betoñuko urmaela eta Ataria lotzen dituen pasabide batek zeharkatzen du urmael hau. Uholde-aldia ohikoa baino laburragoa du (uztailaren hasierara arte), eta oso mesedegarria da baso-igel jauzkariak metamorfosia egin dezan. Igel hori da parkeko espezie bereizgarrienetako bat.

Larraganako urmaela

Larraganako urmaela parkearen iparraldean dago, Arkautiko urmaelaren eta Dulantzi ibaiaren alboko pasealekuaren artean. Besteak baino txikiagoa da eta ihitza eta istinga ugari ditu. Normalean, uda hasierara arte edukitzen du ura, eta horrek eragotzi egiten du hezegunean espezie inbaditzailea den karramarro gorriaren presentzia.

Salburua

Ibaiak

Dulantzi, Zadorra, Errekabarri, San Tomas (edo Santo Tomas) eta Errekaleor ibaiek ekartzen diote ura Salburuko ingurune honi, eta zenbait espezierentzat igarobide diren korridore ekologikoak osatzen dituzte. Gainera, ibai horiek akuiferoko ura berritzeko ere balio dute.

Ibai horiek ur gehiegi daramatenean, Salburuko urmaelek laminatzeko urmael gisa jokatzen dute eta mugakide diren hiri-eremu eta industria-eremuak uholdeak izatetik babesten dituzte.

Garrantzi ekologikoa

Salburuaren garrantzia tokiko edo eskualde mailatik haragokoa da. Nazioarteko garrantziko Ramsar(Beste leiho batean irekiko da) hezegunea da 2002tik. Sare horretan sartuta daude munduko leku guztietako 2.000 hezegune baino gehiago. Zerrenda horretan sartuta daude, Salburuaz gain, gure autonomia-erkidegoko beste bost espazio natural: Urdaibai, Txingudi, Guardiako aintzirak, Uribarri-Ganboa urtegiko adarrak eta Gesaltza Añana-Caicedo Yusoko aintzira.

Salburua Natura 2000 espazio(Beste leiho batean irekiko da) ere izendatu dute. Sare horretan daude sartuta Europako kontserbazio-interes handieneko espazio naturalak, eta tartean da Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE)(Beste leiho batean irekiko da) izendatutako ekosistema hau.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.