Erdi Aroko hirigunea naturalizatzearen aldeko apustua egin du Gasteizek, ‘Erein Alde Zaharra, berdea, bizia, auzotarra’ proiektuarekin

2025eko martxoaren 13an argitaratua

Ingurumen Gaietarako Ikastegiak aldi baterako jarduera berdeen programa hau jarri du abian.

 

Vitoria-Gasteizko Udalak, Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren bitartez, ‘Vitoria-Gasteizko hirigunea naturalizatuko dugu. Erein Alde Zaharra, berdea, bizia, auzotarra’ proiektua aurkeztu du. Ekimen horren helburua da, herritarrekin batera, Erdi Aroko hirigunea berdatzea, hiri, ingurumen eta gizarte mailako kalitatea hobetuko duten eskala txikiko irtenbide berdeekin.

“Proiektu honekin, herritarrekin batera, Erdi Aroko hirigunean naturalizazioko aldi baterako ekintzak eta taktikak aktibatu nahi ditugu, bertako kale eta plazetan natura gehiago nola sartu esperimentatzeko, eta eraldaketa iraunkorra lortzeko finkatu daitezkeen formulak ebaluatzeko”, adierazi du Borja Rodríguez Ingurumen zinegotziak. “Horrela, hiriko azpiegitura berdearekin dugun konpromisoa indartuko dugu, bizitzeko atseginagoak eta jasangarriagoak diren eta komunitatearekin hobeto lotuta dauden espazioak lortzeko irtenbideen alde eginda”, gaineratu du.

Programaren helburua berrikuntza bultzatzea da, auzoan bizi, lan egin eta auzoaz gozatzen dutenen eskutik naturalizazioko formula berriak probatuta. Auzokideekin, auzo-elkarteekin eta dendekin lankidetzan egindako lehen fasearen ondoren, ‘Erein Alde Zaharra, berdea, bizia, auzotarra’ ekimena ezartzen hasi dira, eta datozen hilabeteetan bost ekintza-ildo osagarri egingo dira.

 

Fatxada eta balkoi berdeak

Ildo honek Hiriguneko auzokideak, saltokiak, ostalaritzako establezimenduak eta beste negozio batzuk gonbidatzen ditu deialdi batean parte hartzera. Horren bidez, lorontziak eta jardinerak eskatzeko dei egin dute, auzoko balkoiak, fatxadak eta terrazak apaintzeko eta ingurune berdeagoa eta abegikorragoa sortzeko, haien irudia eta jarduera biziberrituz.

Deialdia martxoaren 13tik apirilaren 6ra egongo da zabalik, eta FEDASOC, Gasteiz Txiki eta Arquillos Bizirik-en laguntza izango du. Gainera, ‘Fatxada Berde Onena’ lehiaketa egingo da. Bertan, herritarren botoa emateko aukera izango dute eta zozketa egingo da parte-hartzaileen artean. 

Hezkuntza eta elkarbizitza

Hirigunea naturalizatzea eta espazio publikoak gizatiarragoak eta berdeagoak egitea da helburua, komunitateko partaide izatearen sentimendua sendotzeko, parte-hartzea aktibatzeko eta herritarren ongizatea hobetzeko landaretzaren eta hiriko altzarien bidez.

Horretarako, irakasleen eta guraso-elkarteen inplikazioarekin, faunarentzako lorontziak eta babeslekuak jarriko dira Ramon Bajo Ikastolan eta Haurtzaro Haurreskolan, haurrek haiek zaintzen parte har dezaten. Hirigunea naturalizatzeko bideratutako esku-hartzeak ezagutzeko ibilaldia ere antolatuko da.

Goiuri eta Arkupekoak

Era berean, lorategiak jarriko dira Arkupekoak ibilbideko barandetan. Haiei esker, ibilbide horren ondare-edertasuna areagotu eta ingurune freskoagoa eta atseginagoa sortuko da. Ekimenak Arquillos Biziriken laguntza izango du loreontziak zaintzeko eta mantentzeko.

Gainera, esku-hartze horiek ospatzeko, Luis Aramburu Udal Musika Eskolak kontzertua eskainiko du Farola Handian Musikaren Astearen baitan.

 

Arte berdea

Esku-hartze txikien bidez espazioak eraldatuko dira, adierazpen artistiko kolaboratiboari esker. Horretarako, ildo horren barruan, ‘Artea eta landaredia’ lehiaketarako deialdia egin da, modalitate irekian eta gazteentzako modalitatean, artista eta lorezainei zuzenduta (ikasleak, profesionalak eta abar izan daitezke), Hiriguneko hainbat txokotan landare-sorkuntzak diseinatu eta instalatzeko.

Proposamenak apirilaren 1etik 21era bilduko dira, eta ekainean gauzatuko dituzte proposamen irabazleak Labe Gazte Laborategiaren, Arkautiko Nekazaritzako LHIIren eta Zas Espazioa-Zas Kulturren laguntzarekin.

 

Auzo-laborantza

2025ean, Hiriguneko elkarte-sareak abian jarritako proiektuak babestuko dira, hala nola Sorgineneak Falerinan kudeatzen duen hiri-baratze berria, naturaren eta komunitateko bizitzaren arteko harremana sustatuz.

Informazio gehiago (Beste leiho batean irekiko da)

Liburuxka pdf

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.