Argazki-erakusketa batek eta bideo batek Zaramagako emakumeen rola nabarmentzen dute

2025eko martxoaren 13an argitaratua

'Zamak Garama' izenburupean, Iparraldeko IDarteko ikasleen eta emakumeen baterako lana martxoaren 31ra arte ikus daiteke gizarte-etxean.

IDarte Arte Eskolako eta Diseinuko Goi Mailako ikasleek Zaramagako emakumeei egindako argazkien erakusketa izango da ikusgai martxoaren 31ra arte Iparralde gizarte-etxean. Argazki horiez gain, egindako baterako lana ere jasotzen du bideo batek. Bertan, 51 eta 88 urte bitarteko emakumeek auzoan izandako bizipenak, kaleetan izandako gertaera esanguratsuenak, hamarkada luzez izandako bilakaera urbanistiko eta soziala eta abar deskribatu dizkiete. Emakume horien testigantzekin eta irudiekin, gizarte- eta hiri-berrikuntzari aurre egiten ari den auzo honen bilakaeran duten ezinbesteko zeregina nabarmendu nahi izan da.

Zamak Garama’ izenburupean, Betoñun kokatutako IDarte(Beste leiho batean irekiko da)ko Argazkilaritzako goi-mailako heziketa-zikloko 2. mailako zazpi ikasle gaztek eta Zaramagako hamar emakumek oroitzapenak gogora ekarri, eta 32×32 zentimetroko 20 argazki (zuri-beltzean eta koloretan) eta 27 minutuko bideo bat prestatu dituzte. Bi ekimen horiek IDarteren eta Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailaren arteko lankidetza-hitzarmenaren emaitza dira, eta Iparralde gizarte-etxearen martxoaren 8ko jardueren barruan kokatzen dira. Ekimenaren helburua auzoko emakumeak ikusaraztea da.

Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak nabarmendu duenez, ‘Zamak Garama’ argazki- eta ikus-entzunezko proiektu bat da, eta “Zaramagako bizitzaren argi-itzalak jasotzen ditu. Arlo femeninoa berreskuratu nahi izan da, langile munduaren zati hori, askotan ikusezin bihurtzen dena, baina hor dagoena. Emakumeak ere, nola ez, auzoko historiaren protagonista direlako. Azken batean, haien rola aitortu eta ikusarazi nahi dugu, izenburuak iradokitzen duen bezala, bizi izan dugunak aurrera egiten jarraitzera bultzatzen gaituelako”.

Argazkien eta bideoaren egileetako batek azaldu duenez, hasierako ideia “Gure auzoko memoria: Zaramaga” proiektura egokitzea izan zen (Udalak sustatuta, eremu horretan lantzen ari dira egun). Gainera, hamar bat emakumeren irudiak jasotzean, horiek “auzoaren memoriaren parte izatea eta egunerokoan bizi dituzten bizipenak, erronkak, pozak eta zailtasunak erakustea” nahi izan dutela zehaztu du. Erakusketaren hasieran adierazten duten bezala, “auzoaren memorian haien ondarea gorde nahi dugu, haien aurpegiak eta historia jasotzen dituzten erretratuekin. Emakume horiek Zaramagako eraikuntza historiko, sozial eta kulturalaren protagonista gisa duten zeregina nabarmendu nahi dugu .

Irudietako emakume protagonistak pozik agertu dira belaunaldien arteko proiektu hau aurrera eramaten inplikatu diren gazteei lagundu dietelako, eta eskerrak eman dizkiete emandako aitortzagatik.

Iraganetik egindako errepasoa, etorkizunerako ikuspegiarekin

Erakusketa hamar emakumeren 20 argazki biltzen dituzten 10 panelek osatzen dute, zuri-beltzean eta koloretan. Erakusketa amaitu ondoren, argazkiak IDarten eta auzoko beste kokaleku batzuetan ikusgai jartzea da helburua.

Dokumentalean(Beste leiho batean irekiko da)emakumeekin egindako elkarrizketak eta auzoaren bilakaeran bidaiatzeko aukera ematen duten historia duten argazkiak jasotzen dira. Emakumeen testigantzek kontatzen dute nola iritsi ziren, nolakoa izan den haien bizitza, zer sufritu zuten, 1976ko martxoaren 3ko gertakari garrantzitsuek zer eragin izan zuten, haien pozak, gizarte-aldaketak, emakumeen lan- eta familia-egoera, auzoko gizarte-etxearen garrantzia, egungo gazteen arazoak… Iraganetik abiatuta egindako errepasoa da, etorkizunera begira. Iragana ohoratzea, oraina ulertzea eta auzoaren etorkizuna proiektatzea da helburua.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.