2025-2026 denboralditik aurrera, Amadeo Garcia de Salazar plazan dagoen aparkalekua itxita egongo da Mendizorrotza futbol zelaiak hartuko dituen partidak egiten diren bitartean.
Segurtasun arrazoiak direla eta, ezin izango da lur gaineko aparkaleku horretako 500 plaza ingurura sartu, eta alternatiba gisa 1.000 ibilgailurentzako lekua duen eta gertu dagoen Mendizabaleko aparkalekua erabili ahal izango da. Udaltzaingoak eta Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak abuztuaren 16tik aurrera –Deportivo Alavesek Mendizorrotzan jokatuko duen ligako lehen partidua– aplikatuko den neurria hartzeko beharra berresten duten txostenak aurkeztu dituzte. Neurri horrek Alavesen partiduei eta bere estadioa birmoldatzeko obrek irauten duten bitartean Mirandesek bertan jokatuko dituen partiduei eragingo die.
Mendizorrotzeko aparkalekuan ibilgailuen trafikoa, aparkalekuak eta jende pilaketa handiak egoteak Babes Zibilerako arrisku kritikoak sortzen ditu. Hori da ixteko neurria hartzeko egindako azterlan teknikoaren ondorio nagusia. Arrisku horietako bat oinezkoen ebakuazio-bideak eta -puntuak oztopatzea da. Futbol-zelaia eta kirol-gunea ebakuatzera behartuko lukeen larrialdi batek 20.000 pertsonari eragingo lieke.
Ibilgailuen pilaketak, gainera, sarbideen blokeoa edo larrialdi zerbitzuen (anbulantziak, polizia, suhiltzaileak) esku-hartzeetan atzerapenak eragiten ditu. Horrelako ibilgailuentzako “galtzada libreak” egoteko premisa bideraezina da bide horiek trafikoz eta oinezkoz gainezka daudenean. Era berean, ibilgailuek espazioa okupatzeak arriskuan jartzen du larrialdien aurreko erantzuna koordinatzeaz arduratuko den Aginte Postu Aurreratua ezartzeko eremu seguru eta garbia izatea. Ildo horretan, gogora ekarri behar da gaur egun Terrorismoaren aurkako Alerta-egoera 4/5 mailan dagoela. Alerta-maila horrek segurtasun-neurri osagarriak hartzea eskatzen du, Segurtasuneko Estatu Idazkaritzaren jarraibideak betez.
Udaltzaingoaren Trafikoko eta Bide Segurtasuneko Unitatearen hainbat txostenek azken urteetan, hainbat kirol-jardunalditan, futbol-zelaiko sarbideetan sortutako arrisku-egoerak dokumentatzen dituzte. Jendea eta zaleak eremura sartzeko ardatzetan kontzentratzeak pilaketak eta harrapatzeko arriskua sortzen ditu, besteak beste. Beste hiri batzuek dagoeneko hartu dituzte Mendizorrotzekoen antzeko aparkaleku-azpiegituretara sartzea debekatzeko antzeko neurriak. Gertuko kasua da Iruñeko Sadar zelaiaren inguruari dagokiona.
Udal bandoak partida bakoitzaren aurretik zein baldintzatan itxiko den zehazten du. Bando horrek zehazten du, besteak beste, aparkatzeko debekua partida bakoitza hasi baino lau ordu lehenago aktibatuko dela, partidak irauten duen bitartean mantenduko dela eta amaitu eta ordubete ingurura desaktibatuta geratuko dela. Partida bakoitza baino 24 ordu lehenago, Udaltzaingoak aparkalekurako sarbideak seinaleztatuko ditu dagokion abisuarekin.
Bandoak aparkatzeko debekuaren bi salbuespen ere zehazten ditu: alde batetik, mugikortasun murriztuko pertsonak garraiatzen dituzten eta horientzat erreserbatutako plazetan aparkatzeko txartela duten ibilgailuek aparkatu ahal izango dute, eta, bestetik, segurtasuneko eta larrialdietako ibilgailuek eta anbulantziek. Halaber, baimenduta egongo da futbol-zelaira eta inguruko kirol-instalazioetara garraiatutako salgaiekin edo beste elementu batzuekin lotutako zamalanak egitea partida hasi baino ordu eta erdi lehenago arte.
Zale bisitariak garraiatzen dituzten autobusak poliziaren kontrolarekin sartu ahal izango dira aparkalekura, bidaiariak uzteko edo jasotzeko. Lan horiek egin ondoren, Mendizabalako aparkalekuan edo aldez aurretik zehaztutako lekuan aparkatu beharko dute. Hiriko autobusen eta taxien zerbitzuak, bestalde, ez du eraginik izango, eta Salbatierrabide kaleko ohiko geltokiak mantenduko dira.
Aparkalekuez gain, partida bakoitzaren aurreko zirkulazioko operatiboak hainbat zirkulazio-eten aurreikusten ditu ondoko kaleetan: partida hasi baino bi ordu lehenago, Cervantes ibilbidea, Mineralaren eta Salbatierrabideren artean, zirkulazioari moztuko zaio; ondoren, partida hasi baino 45 minutu lehenago, Rosalia de Castro eta Salbatierrabide kaleak (Lasarteko Atea eta Cervantes ibilbidea), Cervantes ibilbide osoa, Concha Espina eta Aretillo kaleak zirkulaziorako itxita geratuko dira. Trafiko-murrizketa horietatik salbuetsita egongo dira zerbitzu publiko eta segurtasuneko ibilgailuak, anbulantziak, larrialdietakoak, taldeen eta zaletuen autobusak, eremu mugatuetan bizi diren bizilagunenak eta berariaz baimendutako beste ibilgailu batzuk.
Gasteizko Udalak Mendizorrotzara ibilgailu pribatuan joan nahi duten pertsonei gogorarazten die Mendizabala erabil dezaketela aparkatzeko alternatiba gisa. Era berean, garraio publikoko hainbat aukera daude futbol-zelaira iristeko. BEIz gain, TUVISAren hainbat lineak geltokiak dituzte Mendizorrotzatik distantzia gutxira. Era berean, bizikleta bidezko eta oinezkoen joan-etorria dira automobilaren erabileraren aurrean dauden alternatiba jasangarriak.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.