Klimari dagokionez neutralak diren Europako lehen 100 hirietako bat izateko posizionatu da Gasteiz

2021eko irailaren 9an

Hirian emandako pausoak azaldu ditu alkateak Senatuan egin den bileran, baita hiri-iraunkortasuna eta klima-neutraltasuna lortze aldera egitekoak direnak ere.

Estatuko hainbat hiritako ordezkariek parte hartu duten Senatuko bileran izan da gaur goizean Gorka Urtaran alkatea. Trantsizio Ekologikorako ministroa, Teresa Ribera, buru izan duen bilera horretan, hiri-iraunkortasunaren eta neutraltasun klimatikoaren bidea urratzeko Espainiako udalerri horiek egindako ahalegina aitortu, partekatu eta babestu da.

Ildo horretatik, alkateak berriki aurreratu zuenez, klimari dagokionez neutralak izango diren Europako lehen 100 hirietako bat izan nahi du Gasteizek, “Europako Batzordeak eta Parlamentuak 2030ean Europako 100 hiri klimari dagokionez neutralak izan daitezen finkatutako bost misioetako baten parte izan. Europako Batzordearen Hirien Europako Misio horrek hiri horien eraldaketa babestu nahi du, Parisko Akordioa eta 2030 Agenda azkarrago betetzeko, eta hautagai bikaina da Gasteiz, europar misio horretan parte hartzeko. Karbonoa murrizteko konpromiso argiak burutzeko oinarriak jarri ditugu, hainbat arlotako proposamen ausartak tarteko —hiri-mugikortasuna, hiri-plangintza, hiri-azpiegitura berdeak, karbono-hustubideen sorkuntza eta lurzoruak berreskuratzea, natura-tratamenduen bidez, besteak beste—, planetarekiko konpromiso horretan gure udalerriak nazioarteko abangoardian jarrai dezan garatu eta bultzatuko ditugun beste politika batzuez gain”, nabarmendu du alkateak.

Gasteizko alkateaz eta Teresa Ribera ministroaz gain, orobat izan dira bileran Senatuko presidentea, Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioko idazkari nagusia, Garraio, Mugikortasun eta Hiri-agendaren ministroa, Gizarte Eskubideen eta 2030 Agendaren ministroa eta Zientzia eta Berrikuntza ministroa, baita Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Toledo, Soria, Lugo eta Cacereseko alkateek ere, besteak beste.

Gaur goizean izan den bileraren bitartez zabalkundea eman nahi izan zaio citiES·2030 ekimenari, zeinen bitartez eraldaketa bizkortzeko trakzio-efektua erdietsi nahi baita, funtsezko diren hiri, eragile eta sektoreen arteko lankidetza-modu berritzaileak sustatuz. Karbono-neutraltasunaren aldeko europar misio horren parte izatera iristeko asmoarekin egin du bat Gasteizek proiektuarekin.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.