Mendebaldea proiektuaren V. fasea: Jundizko parkea, hegoaldea

Laburpena

Aurrekariak

Gasteizko udalerriaren mendebaldea asko hazi da azken hamarkadetan. Bertan kokatzen da Euskadiko industrialderik handiena (Jundiz), Subillabide industrialdearen, iparraldeko A1 autobiaren, N-102 errepidearen eta trenbidearen ondoan (laster, AHT ere bertan). Azpiegitura-multzo horrek nabarmen zatitu zuen lurraldea; izan ere, konektibitate ekologikoaren galera ekarri zuen, elkarren artean konektatu gabeko paisaiak sortu baitziren, eta, horretaz gain, baita lurzoru degradatuak ere, lursail publiko batzuk degradatuta eta landaretzarik gabe geratu baitziren hondeaketa-materialak betelanetarako erabiltzeagatik.

Egoera hori hobetzea xede, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Gasteizko Udalak "Mendebaldea Proiektua" bultzatu zuten eremu horretan, non iraganean izandako nekazaritza- eta landa-izaeraren zati bat galdua den, beharrezko industria-jarduera ekonomikoaren euskarri izatearen ordainetan.

Proiektua fasez fase gauzatzen ari delarik, eremuaren ingurumena eta paisaia biziberritzen hasia da, eta Jundizko parke berriasortu da, industrialdearen inguruan Eraztun Berdea handitzeko. Horren bitartez, bi helburu lortu nahi dira; batetik, Gasteizko mendien eta Zadorra ibaiaren arteko lotura ekologikoa sustatzea, eta, bestetik, lurraldearen jasangarritasuna areagotzea, airearen kalitatea hobetzeko eta berotegi-efektuko gasak murrizteko.

Proiektua Lermandan hasi zen, eta hegoalderantz egin zuen aurrera, A-1 autobiaren ekialdean. Orain arte lau fase gauzatu dira:

  • I. fasea: Lermandan ingurumena biziberritzeko proiektua (2016-2017)
  • II. fasea: Mendigurentxon ingurumena biziberritzeko proiektua (2018-2019)
  • III. fasea: Ariñizen ingurumena biziberritzeko proiektua (2020-2021)
  • IV. fasea: Margaritan eta Jundizko Zerbitzu Zentroan ingurumena biziberritzeko proiektua (2022-2023)

Mendebaldea proiektuaren bost faseen kokapenen planoa.

Gaur egungo egoera

fase honetan, Jundizko Zerbitzu Zentroa – kirol-ekipamenduak, ostalaritza-ekipamenduak, ostatuak eta eskolak barne— campingarekin eta Ibaiako kirol hiriarekin (Zuhatzun) lotuko da, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bati esker. Horrenbestez, Jundizko parkea Zabalganeko auzoari lotuko zaio, eta, beraz, Gasteiz hiriari.

Bideez gain, baso-landaketak egingo dira, eta, hartara, karbono-hustubide diren basoak sortuko dira, klima-aldaketa arintzeko eta korridore berde handi hori osatzeko. Jarduketa hau 2023ko amaieratik 2024ko hasierara bitartean egitea aurreikusi da, eta berdegune publikoko 5 ha inguruko paisaia hobetuko da, N-12 errepidearen eta industrialdearen hegoaldearen artean.

Honako jarduketak hartuko ditu barne: eremuaren garbiketa orokorra egitea eta egon daitezkeen hondakinen gaika bereiztea, material birziklatuen bidez bideak egitea, egurrezko bi pasabide instalatzea errekak gurutzatzeko, medeagarri organikoak aplikatzea eta dentsitate handiko ereiteak eta baso-landaketak ezartzea, hainbat baso mota osatuz (artadiak, erkameztiak, ibaiertzekoak eta sastrakadiak). Hemen kontsulta daiteke proiektuaren memoria.

Mendebaldea proiektuaren V. faseko jarduketa-eremuak.

Finantziazioa

Proiektuak 178.053,51 euroko aurrekontua du, BEZa barne. Eusko Jaurlaritzak gastuaren % 50eraino finantzatuko du, BEZik gabe, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak udalek garapen jasangarria sustatzeko dituen laguntzen bitartez. Europako Urban Klima 2050 proiektuaren finantzaketa ere badu, Gasteizko Udala Udalsarea 2030 - udalerri jasangarrien euskal sarearen barruan dagoelako; honek gastuaren % 25erainoko laguntza emango du (BEZik gabe). 2024ko martxoa baino lehen gauzatu beharko da fase hau.

Albisteak

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.