Aurrekontu handiagoari esker aurtengo Gabonetako Haur Parkeak hobekuntzak izango ditu eta baliabide gutxiko familientzako sarrerak erreserbatuko ditu
2025eko ekainaren 13an argitaratua
Aurtengo Gabonetako Haur Parkeak zenbait hobekuntza izango ditu, aurrekontu zuzkidura handiagoari esker. Halaber, gehienez 200 sarrera erreserbatuko ditu baliabide gutxiko familientzat. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onartu du 95.000 euroko kontratazio espedientea.
Azken urteetan bezala, GHPak –14 urtera arteko haur eta gazteei zuzenduta– Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat izan beharko du ardatz, eta aurten ere Europa Jauregian egingo da. Ohi bezala, abenduaren 26an irekiko ditu ateak, baina urtarrilaren 4ko arratsaldearen ondoren itxi egingo ditu, hilaren 5eko goizean oso jende gutxi joan ohi baita bertara.
Berriro ere, GHParen jarduerek Europa Jauregiko beheko solairua hartuko dute: Almudena Cid aretoa, Etorbideko Behatokia gunea, Green Capital aretoa, Armentia aretoa, Barandiaran aretoa eta Francisco de Vitoria auditoriuma, atariez eta kanpoaldeaz gain. Kanpoaldean sarrerak saltzeko gune bat instalatuko da. Sarrerek orain arteko prezio bera izango dute: 3 euro goizeko txandan eta 3,5 euro arratsaldekoan. 14 urtetik gorako laguntzaileek euro 1 ordaindu beharko dute. Tiketak online ere erosi ahal izango dira, inolako errekargurik gabe.
Orain arte 0 eta 4 urte bitarteko umeei zuzenduta zegoen Etorbideko Behatokiko jarduera Green aretora aldatuko da. Areto hori handiagoa da, eta haurrentzako orgatxoak eta askarietarako gunea hartzeko leku nahikoa du. Behatokia gunean, berriz, hainbat adineko umeentzako tailerrak egingo dira.
Beste berritasun bat animazio antzeztuaren eskutik etorriko da, gutxienez hiru orduz egunero, bost ordu artekoa ere izan daitekeen arren. Animazio horrek eduki hezigarria eta entretenigarria izan beharko du, itxaronaldiak atseginagoak izan daitezen. Era berean, zortzi ikuskizun egongo dira, parkea irekitzen den egun bakoitzean bat. Gutxienez, bost euskaraz eta bat ingelesez izango dira.
Edizio honetako beste aldaketa bat Udalak baliabide gutxiko familientzako gehienez 200 sarrera izan ditzakeela izango da. Horrela, normalean Gabonetako oporretan jolaserako eta dibertimendurako gune horretara joan ezin duten haurrei Gabonetako Haur Parkeaz gozatzeko aukera emango zaie.
Enpresa esleipendunak Indarkeriaren aurrean Haurrak eta Nerabeak Erabat Babesteko Lege Organikoan prestatutako langileak izan beharko ditu, eta aurkeztutako eskaintza adingabeen babesa sustatzera bideratuta egotea baloratuko da.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.