Gorka Urtaran Agirre - Vitoria-Gasteizko alkatea

Urtaran

Lehenengo pertsonan hitz egiten

Harro-harro esan ohi dut Vitoria-Gasteizkoa naizela. Nire bizitzako gauzarik garrantzitsuenak hemen, Gasteizen, gertatu dira, eta hori zorte handia izan da niretzat. Hiri honetan jaio eta hazi nintzen, orain familiarekin bizi naiz bertan eta lagunak ere hementxe ditut. Gasteizen barre eta negar egin dut. Nire oroitzapen gehienak gure hiri maitagarri honetako kale, plaza edo auzoren batean daude. Ikasten ikasi nuen, lehendabizi San Viator ikastetxean. Handik gutxira, erdigunera bizitzen joan ginen. Izugarri gustatzen zitzaidan izeba zaharrarenera joatea El Pilarren; hurbilago zegoen eta horrek aukera ezin hobea ematen zidan denbora gehiago jolasten emateko eskolan eta inguruetan. Horren ondoren, Los Herrán Institutuan ikasten jarraitu nuen, unibertsitatean hasi baino lehenago. Bertan ikasi nuen hezkuntza publikoan profesional handiak daudela, eta bizitza honetan inork ez dizula ezer ere oparitzen, norberaren arazoak norberak konpondu behar dituela. Euskara ikasi nuen IKAn EGA atera arte, lehendabizi Pinton eta geroago Errege Katolikoetan. Arrakasta gutxiagorekin zenbait ingeles ikastaro ere egin nituen Hizkuntzen Institutuan; orduko hartan institutua San Prudentzio kalean zegoen.

Abuztuaren 4an dardarka jartzen naiz Andre Maria Zuriaren Plazan, apirilaren 28an Armentian, iraileko Birjinaren ondorengo lehen astelehenean Olarizun, urtarrilaren 5ean Erregeen kabalkadan eta abenduaren 24an Olentzeroren ospakizunean. Asteburuetan ezin hobeto pasatu izan dut Alde Zaharrean eta auzoetako jaietan, bereziki Judimendin eta Adurtzan. Ibilaldi ederrak egin ditut oinez eta bizikletaz Gasteizko mendi eta basoetatik zehar. Senda Ibilbidean pare bat zapatila baino gehiago gastatu ditut santuraino korrika eginez, eta Estadion igerilekuez eta frontoiaz gozatu dut. Mendin salto egin eta igoeraren bat ere ospatu dut (2.B-ra!), "Los Inhumanos" taldearen erritmopean. Baina bereziki pertsonekin gozatzen dut, hau da, nire bizitza partekatzen dudan gasteiztar askorekin eta, bereziki, nire emazte Elisarekin. Hemen, Gasteizen ere maitemindu eta ezkondu nintzen. Eta hiri honetan ere jaio dira gure bizitzetako pertsonarik garrantzitsuenak: gure hiru semeak: Ion, Iker eta Ibai.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.