Ekonomia Zirkularra - Gasteizko 2030 Estrategia eta Ekintza Plana

1. Aurkezpena

Gasteizen Ekonomia Zirkularra Sustatzeko 2030 Estrategia eta Ekintza Planaren helburua da larrialdi klimatikoari,biodibertsitatearen galerari eta baliabideen agortzeari aurre egitea.

Estrategiak bost helburu nagusi zehazten ditu: batetik, lehengaien kontsumoa eta hondakinen sorrera-tasa murriztea; bestetik, materialen produktibitatea, herritarren ongizatea eta material zirkularraren erabilera-tasa handitzea.

Helburu horiek lortzeko, ekintza berriak zehaztu dira, eta lehendik egiten ari ziren beste batzuk identifikatu eta jaso dira, horiek egiten jarraitzeko asmoz, Estrategiaren helburuak lortzen laguntzen dutelako.

Tresna horrek 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko bidean aurrera egitea ahalbidetzen digu.

2. Diagnostikoa eta Ekintza Plana

Gasteizko Udaleko zenbait sailetatik urteak daramatzagu lanean udalerriko ekonomia zirkularra bultzatzen. Ekonomia zirkularra bultzatzea erronka sistemikoa denez, eta elkarlanean heldu behar zaionez, 2021ean udal sailen arteko mahai tekniko bat eratu zen, ahaleginak biltzeko eta udalerriko eragile guztiak aktibatzeko ibilbide-orri bat lantzearren.

Honako hauek osatzen dute udaleko ekonomia zirkularraren mahai teknikoa: Ingurugiro Gaietarako Ikastegia (IGI), Udaleko Iraunkortasun, Klima eta Energia Zerbitzua, Ingurumen Kudeaketaren Zerbitzua (Hondakinen Kudeaketarako Atala) eta Enpresen Zerbitzua.

Lanean hasteko abiapuntua Gasteizko ekonomia zirkularraren diagnostikoa izan zen, eta 17 adierazle sistemikoren kalkulua.

Ondoren, esparru estrategikoa definitu genuen, bost helburu eta 25 ekintza zehaztuta. Horiek osatzen dute Ekonomia Zirkularra Sustatzeko 2024-2027 Ekintza Plana, zeina 2024ko ekainean onetsi baitzuen Gasteizko Udaleko Gobernu Batzarrak.

Lankidetza eta parte-hartzea funtsezkoak izan dira prozesu osoan. Hamaika erakunde adituk —estatukoak eta nazioartekoak— eman digute aholkularitza eta laguntza; gainera, baterako sorkuntzako hainbat prozesu parte-hartzaile garatu ditugu tokiko 36 eragilerekin.

3. Zergatik sustatu ekonomia zirkularra?

Azken ehun urteetan, materialen munduko per capita kontsumoa bikoiztu egin da eta biztanleria bostez biderkatu da, eta badirudi hazkunde esponentzialerako joera hori mantendu egingo dela. Faktore horiek nabarmen handitu dute baliabide naturalen gaineko presioa eta ingurumen-inpaktuen garrantzia, halako moduan non planetaren muga biofisikoak gainditzen ari garen.

Gai kritikoen eskariaren goranzko joera hori ikusita, birziklatze- eta berrerabiltze-prozesuak ez dira nahikoak, haien eraginkortasuna % 100 ingurukoa izango balitz ere.

Premiazkoa dugu gure paradigma ekonomikoan baliabide naturalen amaikortasunaren kontzeptua kontuan hartzea, eta eredu berri bat sortzea, zeina ez baita oinarrituko orain arteko ekonomia linealaren ereduan, hots, erauzi-ekoitzi-kontsumitu-bota ereduan. Alternatiba gisa ekonomia zirkularra proposatzen da, onura ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak baitakartza.

Ekonomia zirkularraren oinarria da produktuen, materialen eta baliabideen balioari ahalik eta denbora luzeen eustea ekonomian, ahalik eta hondakin eta ingurumen-inpaktu gutxien sortuz; gainera, ongizate ekonomikoa eta soziala baliabideen erabileratik eta hari lotutako ingurumen-inpaktuetatik bereiztu ahal izateko tresna bat da, eta Garapen Jasangarrirako Helburuak eta Europako Itun Berdea betetzeko beharrezkoak diren eraldaketa ekonomiko, sozial eta kulturalen esparru globalago horren zatia.

Europak ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin du, eta, horretarako, araudia sortu du eta baliabide ekonomikoak eta teknikoak aktibatu ditu, aurrekaririk gabeko mailan. Hiriak oso garrantzitsuak dira testuinguru horretan, lehenik, autonomia-maila handia dutelako eta, beraz, erabakitzeko gaitasuna dutelako; bigarrenik, hiriek zerbitzuak, berrikuntza, ekoizpena eta kontsumoa zentralizatzen dituztelako.

Horrek betebeharrak dakarzkie sektore ekonomikoari zein erakundeei. Gasteizko Udalak horiek enpresentzako aukera bihurtu daitezen nahi du, eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea handitzeko balio dezaten.

4. Ekimenak eta proiektuak

5. Ekintzak

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.