Gasteizko udaletxeko ezkontza zibilak

Prozeduraren urratsak

Gasteizko Udalean ezkontza zibila egiteko erreserba aurrerapen nahikoarekin egin behar da, organo eskudunak (Erregistro Zibileko arduradunak, Justizia Administrazioko legelariak, notarioak; funtzionario diplomatikoak edo kontsularrak) ezkontza-akta edo -dosierra izapidetu ahal izateko. Zehazki, ezkontza-dosierra Erregistro Zibilean tramitatzea aurreikusten bada, udalean ezkontzeko data-erreserba egin aurretik komeni da aurrez aurreko hitzordua hartua izatea erregistro horretan.

Bi hilabete baino gutxiagoko aurrerapenarekin erreserba egiten den ezkontzak, aldez aurretik beste ezkontza batzuk agendatu dauden larunbat batean egin beharko dira, ordu tarte berean.

Hartu gabeko egun eta orduen egutegia bi modutan kontsultatu daiteke: telefonoz (945 16 18 91 edo 945 16 13 19 zenbakietara deituta), edo posta elektronikoz, bodas-ezkontzak@vitoria-gasteiz.org helbidera idatzita.

Behin ezkontzaren eguna eta ordua aukeratu ondoren, erreserba egiteko ezkongaien NANen, AIZen edo pasaportearen kopia eta eskaera-formularioa aurkeztu behar da. Eskaera sinatuta, Vitoria-Gasteizko Udalean ezkontza zibilen arauketa betetzeko betebeharra hartzen da bere gain.

Dokumentazio hori herritarrei laguntzeko bulegoetan, udaletxean edo, telematikoki, erregistro elektronikoan aurkez daiteke.

Ezkontza zibilak egiteko 8.4 ordenantzan ezarritako prezio publikoa ordaindu behar da.

Eskabide-orria aurkeztuta, Udalak ordenantzan ezarritako prezioa ordaintzeko ordainagiria emango du. 10 egun balioduneko epean ordaindu behar da, gehienez.

  • Online, ordainketa-zerbitzuaren bidez.
  • Aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Udal zerbitzu hori eskatu dutenek izapideekin jarraitzeari uko egiten badiote, ezkontza zibila egiteko erreserbatutako eguna baino gutxienez 30 egun natural lehenago egin ere, eskubidea izango dute tasaren zenbatekoaren % 50 itzul dakien, eta okerreko diru-sarrerak itzultzeko lege-arauei jarraiki izapidetuko da itzulketa hori.

Epe bera izango dute ezkongaiek ezkontzaren data aldatu ahal izateko. Data berria ezin izango da hurrengo urte naturaleko abenduaren 31 baino beranduago ezarri.

Ezkongaiak arduratu behar dira, aurrerapen nahikoarekin, notario-aktaren instrukzioa edo Erregistro Zibileko dosierra izapidetzeaz, gaitasun-betekizunak betetzen dituztela eta eragozpenik ez dagoela edo lekapena dutela egiaztatzeko, Kode Zibilean aurreikusitakoaren arabera.

Erreserbatutako data baino 5 egun baliodun lehenago Udalak ez badu jaso Erregistro Zibilaren baimena edo Notariotzak izapidetutako ezkondu aurreko dosierraren erabaki-akta, ezingo da zeremonia egin.

Ezkontza baino hilabete lehenago, dokumentazio hau aurkeztu behar da:

  • Lekuko izango diren pertsonen NANa.
  • Ezkontzaren egunean Espainia plazara sartuko diren autoen matrikulak (gehienez 2).

Eskabideen izapideetan kontsulta daitezke aplikagarri diren araudiak eta prozeduran izaten diren ohiko galderen erantzunak.

Zeremonia

  • Ezkontzak larunbatetan egiten dira, jaiegunetan, zubietan eta abuztuan izan ezik, ordu hauetan: 12:00, 12:30, 13:00, 13:30, 18:30, 19:00 eta 19:30. Urtarrilean, otsailean, azaroan eta abenduan goizeko ordutegian baino ez dira egiten ezkontzak (12:00, 12:30, 13:00 eta 13:30).
  • Zeremoniak ordu erdi irauten du, eta 100 pertsona sar daitezke.
  • Ekitaldia egiteko, adinez nagusi diren bi lekukoren presentzia beharko da.
  • Ezkontzak euskaraz, gaztelaniaz edo Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan egingo dira.
  • Ezkongaietako batek edo lekukoetako batek hizkuntza ofizialetako bat ez badaki, zinpeko interprete baten laguntza beharko du —itzuli beharreko bi hizkuntzak dakizkielarik interprete aritzeko Atzerri Gaietarako Ministerioren baimena duen pertsona—. Kasu horretan, nahitaezkoa izango da, ezkontza-eguna baino lehen, interprete jardungo duen pertsona identifikatzea eta honako hauek eranstea: NAN/AIZ edo pasaportearen fotokopia eta zinpeko itzultzaile gisa egiaztatzen duen agiri ofizialaren kopia.
  • Alkateak edo hark eskuordetzen duen zinegotziak egingo ditu ezkontzak. Nahi izanez gero, ezkontza udalbatzako pertsona jakin batek egin dezala eskatu ahalko dute bikoteek (talde politiko bakoitzak horretarako duen egutegiaren arabera).
  • Ezkontza udaletxean izango da (Espainia plaza 1).
  • Irisgarritasunari lotutako alderdiak:
    • Zerbitzu Osagarrietako langileek lagunduko diete mugikortasun murriztua duten pertsonei sartzen.
    • Haurtxoen kotxeak edo aulkiak ezin dira aretoetara igo. Beheko solairuan bada kotxeak eta aulkiak uzteko lekurik.
    • Espainia plazan gehienez ere bi ibilgailu sartu ahalko dira ezkongaiek eramateko. Horretarako, ezkongaiek matrikula-zenbakiak jakinarazi beharko dituzte Udalean, ezkontza-eguna baino lehen.
  • Maskoten presentziari lotutako alderdiak:
    • Ezkongaiek baimena eskatu ahal izango dute ezkontzan konpainiako animalia bakarra egoteko, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Etxeko Animaliak Babesteko ekainaren 30eko 9/2022 Legearen eranskinaren A zatian(Beste leiho batean irekiko da) jasota daudenetakoa izan behar du. Horretarako, baimen-eskaerarekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko dute, espeziearen, arrazaren eta arriskugarritasunaren arabera titularrari eta animaliari eskatzen zaizkien legezko betebeharrak betetzeari buruz.

  • Udaletxeko ate nagusitik egiten dira sartu-irtenak. Udal-langileek sarreran hartu ohi dituzte ezkongaiak eta lekukoak, ezkontza baino 10 minutu lehenago.
  • Eskailera nagusitik igotzen da eraikinaren lehen solairuraino.
  • Goian, Kinten Aretora sartzen dira bertaratuak. Hortik, ezkongaiak, eta, ondoren, gonbidatuak, Harrera Aretora igarotzen dira, eta bertan hartzen ditu zeremonia egin behar duenak (alkatea edo eskuordetutako zinegotzia).
  • Ondoren, zeremonia bera egiten da: eskubide eta betebeharrak irakurtzen dira eta akta sinatzen.
  • Zeremonian parte hartzea: zeremonian zehar irakurketa, interpretazio edo musika girotze bakarra egin ahalko da eta, gehienez, 3 eta 5 minutu artean iraungo du. Halakorik nahi izanez gero, aldez aurretik jakinarazi beharko da, jarraibideak emateko eta behar diren bitartekoak prestatzeko.
  • Apaindura: ez da onartuko ekitaldia egiten den aretoan dagoenaz bestelako apaindurarik. Ofiziatzen dutenek, lekukoek, ezkongaiek edo bertaratuek ezin izango dute aretoaren apaindura-elementurik kendu, aldatu edo manipulatu.
  • Ezin da arrozik, konfetirik, arrosa-petalorik, trakarik, petardorik edo bestelakorik jaurti ez udaletxean ez sarrera nagusian.
  • Dantzak (aurreskuak edo beste batzuk) udaletxeko arkuetatik kanpo egin beharko dira, hurrengo ezkontzaren sarrera errazteko.

Zeremonia amaitu ondoren, Udalak aktaren kopia bat eta ekitaldiaren bi egiaztagiri emango dizkio bikoteari. Ezkontza ziurtagiria Zibilean ematen dute, geroago.

Interesa dakizuke

Ezkontza zibilei buruzko urteko datu estatistikoak eskuragarri daude formatu irekian.

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: